Raymond Chandler idazle estatubatuarrak 1930eko urteetan sortu zuen Philiph Marlowe detektibea. Genero beltzeko pertsonaia mitikoetako bat bihurtu zen urteekin, eta zinemagile ugarik eraman zituzten haren istorioak pantailara. Oraingoan, Neil Jordan zuzendari irlandarra izan da itzal horri segida eman diona, Marlowe filmarekin. John Banville idazleak Benjamin Black ezizenarekin sinatutako The Black-Eyed Blonde nobela egokitu du zinemagileak, eta Donostiako Zinemaldia itxi zuen lanak atzo, Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo.
1930eko azken urteak dira Los Angelesen, eta Marlowe detektibeari kasu berri batez arduratzeko eskatu diote: bere maitale ohia aurkitzea galdegin dio Clare Cavendish izeneko emakume aberatsak. Desagerpenaren atzean, baina, sare ustel bat ere ezkutatzen da, zeinetan hiriko hainbat agintari eta dirudun dauden nahastuta. Hala, haien jopuntuan jarriko da detektibea ustekabean. Liam Neeson aktoreak gorpuztu du Marlowe filmean, eta Diane Kruger antzezleak haren bezeroa.
2019ko jaialdiko epaimahaiburu izan ostean itzuli da Jordan Donostiara, eta, azaldu duenez, istorioa girotzeko «irudizko hiri bat» asmatu behar izan zuten —Bartzelonan grabatu zuten—, «ez baita ezertxo ere geratzen garai hartako Los Angelestik». Aktore taldearen lana goraipatu du, eta aitortu du gogo berezia zuela Jessica Langerekin lan egiteko —gain behera doan zinema izar baten pertsonaia jokatu du, Krugerren pertsonaiaren ama ere badena—.
Bogart, Gould, Mitchum...
Krugerrek irri artean azaldu du «maitaleak hil nahi izatea» izan zela bere pertsonaiatik erakarri zuena. «Ez ditugu halako rolak askotan antzezten, dagoeneko ez da horrelako filmik egiten, eta hau izugarri gustatu zitzaidan», gaineratu du, serioago. Jordanekin lan egiteko aukera eskertu du, zuzendaria «xarmagarria eta dibertigarria» dela iritzita. «Banekien filmatuko nuela zerbait klasikoa baina ezusteko norabide aldaketa bat izango zuena, eta ederki pasatu dut».
Neesonentzat, berriz, «amets bat» izan da Marloweren larruan sartzea. «Aktore zoragarriek interpretatu dute lehenago Marloweren rola: Humphrey Bogartek, Elliot Gouldek Robert Altmanen bertsio zoragarrian, Sterling Haydenek, Robert Mitchumek... Lotsa ematen dit esateak ez nuela sekula Chandlerren lanik irakurri, baina bata bestearen atzetik irentsi ditut orain haren liburuak».
Dena dela, gehitu du ez zuela izutu rol hori jokatzeak, ezta Jordanekin lan egiteak ere —laugarrenez aritu da harekin—. «Aktore taldea izugarria zen, eta horrek bai, kikiltzen ninduen».
Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Detektibearen itzal luzea
Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu