'SHUA GROUP'
Konpainia: Shua Group. Sorkuntza eta interpretazioa: Joshua Bisset, Laura Quatrocchi, Trishawna Woods. Jantziak: Sarah Mark. Lekuak: Gasteizko Baratza aretoa, Bilboko Kampai espazioa eta Hendaiako Borderline Fabrika. Datak: Azaroaren 22a, azaroaren 28a eta abenduaren 5a.Â
Iazko denboraldian Aiaraldeko Ekintzen Faktorian inguruko sei artistarekin lan bat prestatu eta aurkeztu ostean, Detroiteko (AEB) Shua Group konpainiak Gasteizko Baratza aretoa, Bilboko Kampai espazioa eta Hendaiako Borderline Fabrika bisitatu ditu, haietariko bakoitzean egonaldiak egiten, vogue ikastaroak ematen eta dantza piezak aurkezten. Baratza aretokoa galdu nuen agenda kontuak direla medio, eta beste bietan bizi izandakoari eskainiko diot testua.
Kampai espazioko site specific-ean Errekalde auzoko eraikin industrialaren ezaugarriak eta estetika gogorra aztertu zituzten hainbat ekintza plastiko-fisikoren bidez eta bertaratutakoak leku batetik bestera eramanez, ikusle bezala beraiekin konpartitu zezaten lekuen eta txoko ezezagunen interpretazioa. Kolore desberdinetako lan-prakekin etorri ziren, eta kale mailako atetzar tolesgarrian hasi zen guztia, espaloiak eta kalea ere hartuta, inguruko tailerretako beharginen harridurarako.
Zametarako igogailuak joko handia eman zuen, denok han barruan sartu eta horma metalikoetan soinuak atera zituztenean. Gero, solairuetako batean erritmoak sortu zituzten han lagatako palet batzuekin, eta beste solairu batean utzitako sofa birrinduen gainean ibili ziren trostan, horma latz baten kontra egindako eboluzioen ostean. Pena da ezin izan genuela beraiekin partekatu pertsonen igogailuaren esperientzia —han nekez sartuko lirateke hiru lagun—, terrorezko pelikuletan bezalakoa baita sarkofago metaliko hartan bakarrik bidaiatzea.Â
Abenduaren 5ean amaitu dute Euskal Herriko bira Hendaiako Borderline Fabrikan, Something Together dantza piezarekin. Hiru artistak goma beltzezko jantzi politekin agertu dira koordinazio orbangabean, argi xume baina egokiek lagunduta eta soinu banda aurreratuan bilduta. Ipar Amerikan ohikoa den bezala, gorputzek ez dute ia inoiz elkar ukitu, baina beren jardun indibidualetan zerbait berezia, oso berezia, transmititu digute, askotan mugimendu sinkopatuekin, beste batzuetan besteen ibilbideak gurutzatuz, besoei eta eskuei garrantzi handia emanez eta hirurak trantze nabarmenean murgilduta.
Freskotasun landuaren sentsazio sendoa eta bilaketa artistiko erostezina zerien dantzaren diseinu hipnotikoari, hiruren keinu-definizioa zehatz-zehatza izan da, eta primeran kontrolatu dituzte espazioaren erabilera eta banaketa. Bestalde, itzela izan da haietariko bakoitzaren magnetismoa, denon arreta salbuespenik gabe beraiengana bideratu duena. Azkenik, Trishawna Woodsen gaztetasunak kontrapuntu ederra sortu du beste bien heldutasunaren aurrean, eta bere vogue estiloaren zipriztinek ekarpen interesgarria egin diote piezari.
Amaitutakoan, askok aipatzen zuten taldeak nahita bilatutako basa-kemena izan zela gehien harritu zituena, oraingo proposamen perfektuegi eta erosoegien kontrastean.