Musika

Devo, mende erdi atzerantz

Mende erdia darama Devo taldeak umoreari eta surrealismoari keinu egiten dien musika irudimentsua lantzen. Bere azken bira izan daitekeena egiten ari da orain.

Devo musika taldea.
Devo musika taldea.
Jon Urzelai
2024ko apirilaren 14a
05:20
Entzun

«Ez al gara gizonak?», «DEVO gara!». Berriz galdetzerakoan, irmoagoa da erantzuna, letraz letra: «D-E-V-O!» Jocko Homo izeneko abestiko pasarte ezaguna izateaz gain, Devo taldearen lehen disko luzearen izena ere bada galde-erantzun hori.

Devo sortu zenetik mende erdi pasatu zen iaz, aurten beteko ditu urte horiek Jocko Homo fundazional hark. Bide honetan guztian txantxa, surrealismoa eta, oro har, jolasa izan dute beti xede, asmo aldarrikatzaile gehiagorekin ala gutxiagorekin, baina irudimentsu beti: mozorro, uniforme eta abarrak zein bideo entzutetsuak (Freedom of Choice, Whip It, Beutiful World), horren adierazle. Kultuzko jarraipena izan dute, ikoniko bilakatu dira haien txapela gorriak, buzo horiak, abestietako letretan erabilitako hiztegia.

Mark eta Bob Mothersbaugh eta Gerald eta Bob Casale anaia bikote parea izan da taldearen muina urte hauetan guztietan. Hasi zirenean kontzeptu baten bueltan eraiki zuten proiektua: de-evolution edo atzerantz doan eboluzioa. Gerald Casalek hala azaldu zuen ideia: «Gizakia gainbehera doa. Ez dago afera irmorik, jende multzo osoak batera mantenduko dituenik, norberaz haragoko ezeren alde bizitzera bultzatuko dituenik». Aurrerantz goazen heinean, atzerantz ari garela, horixe irudikatzen zuen de-eboluzio hark. Geraldek esana: «Giza kondizioa horren da patetikoa eta gorrotagarria, ezen erreakzio bakarra barrea baita».

Horren jarrera etsiak badu iturburu argia: Kent State Unibertsitateko sarraskia. 1970eko maiatzaren 4an ehortzi zuen gertakari hark kontrakultura estatubatuarraren ametsa Gerald Casalerentzat, ilundu zuen hippy haren baikortasuna. Casale SDS sindikatuko kide zen poliziak lau ikasle tiroz hil eta bederatzi zauritu zituenean. Ostean, ilea moztu zuen, janzkera aldatu. Garaien bilakaeraren aurrean, bi aukera besterik ez zituen ikusten: Weather Undergroundekoek nola, armak hartu ala nolabaiteko «erantzun artistiko ero, irudimentsu eta dadaista» bat eman. Bistan denez, bigarren aukerari heldu zion.

Devok ez zuen rock-and-roll talde bat izan nahi, indibidualitatearen kontra aritzen ziren kontzienteki: espontaneitateari muzin egiten dion makina bat eta bakarra izan nahi zuen. Erabateko produktu amerikarra da, dena den: telebista iragarkien eragina dute, kontsumo gizartearen seme arraro samarrak besterik ez dira, kontradikzioen lokatzetan jostatzeko prest; «Kiss intelektualentzat», inoiz esan izan duten moduan. Devo enpresa bat da, identitate korporatiboa lantzen duena, eta hala gurtu du irudia beti. Devo korporazioaren ereserkia ere sortua dute, pentsa.

Disko luzerik izan gabe ere sona irabazi zuten hasierako urte haietan, Iggy Popen eta Brian Enoren arreta ere bereganatzeko beste. Neil Youngek bere film batean agertzeko eskatu zien, David Bowiek «etorkizuneko taldea» zirela esan zuen. Virgin diskoetxeko buru Richard Bransonek proposamen bat egin zien: banandu berri zen Sex Pistols taldeko John Lydon abeslaria taldean sartzea. Segituan arbuiatu zuten proposamena: ez omen zuten korporazioen gizartean anarkia eta matxinada «marrazki bizidunetako kontsumo amu» besterik ez zirela jabetzen ez zen inor nahi inguruan. Handik urte batzuetara berragertuko zen Lydon, Public Image Ltd. taldearekin. Enorekin grabatu zuen azkenean lehen diskoa Devok, Alemanian. Kraut-rockaren lurraldea zen hura, etortzeko zeuden garaiei ari zirela zirudien Kraftwerk taldearena. Diskoa 1978an kaleratu zuten eta arrakastatsua izan zen oso, punkaren eztandaren erdian bestelako tankera bat zuen, New Wave deitu zitzaion haren ildoan.

Rocka zen Devok egiten zuena, nerbioa zuen, baina halako hoztasun bat ere bazerion. Rolling Stonesen (I can´t get no) Satisfaction abestiaren bertsio arrakastatsua zen horren erakusle argia. Beti interesatu izan zitzaien elektronika, baina, diskoak argitaratu ahala, zaletasun hori geroz eta agerikoagoa bilakatu zen. Freedom of Choice, New Traditionalists eta Oh, no! It’s Devo! diskoetan geroz eta pisu handiagoa dute sintetizadoreek, protagonismoa hartzeraino, eta taldea forma onean topa dezakegu oraindik disko haietan: bertan daude Devoren abesti ezagunenetako batzuk. Hurrengoetan, ordea, formula agortu zaion taldea da Devo, bere burua birrasmatzen saiatuagatik, kritikak zein zaleek hotz hartuko zituzten diskoak argitaratzen tematzen dena. Talde bat gehiago bilakatu zen, haiek irekitako bidean galduta nolabait, hozka egiteko gaitasunik gabe jada. 1991n taldearen jarduna eten zuten, 1996 bitarte. Itzuli ziren, baina 2010ra arte ez zen iritsi azken diskoa: Something for Everybody izeneko lan duina.

Badirudi hilabeteotan egiten ari diren kontzertuak azkenak izan daitezkeela. Estatu Batuetan ariko dira soilik oraingoz eta gainbeherari barre egin ahal zitzaion garaiak oroitzeko azken aukera izan daiteke seguruenik, inoiz etorkizuna izan zen hura gogoratzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.