'DIESEL'
Idazlea: Bertol Arrieta. Argitaletxea: Alberdania.
Bertol Arrietak Alberdanian argitaratu berri duen Diesel izeneko bere hirugarren ipuin liburuan, izenburutik bertatik iragartzen zaigu diesel kontzeptu horren nonahikotasuna. Izan ere, jende arrunta, edo autorearen hitzetan, diesel jendea erretratatu nahi izan da ipuinez ipuin, alegia, txinparta handirik barik bizi diren pertsonak, baina, behin bizitzaren zurrunbiloan sartuta, aurrera egiten dutenak, konbustioak nola. Hala, zazpi kontakizunetako protagonistak arruntak diren eguneroko eszenetan ezagutuko ditugu, eta arruntak diren arazo eta oztopoek gidatuko dituzte, gainera. Alde horretatik, irakurleak ez du heroirik edo epikoa izan nahi duen pertsonaiarik eta bizitzarik aurkituko, ezta transzendentala izango den irakurketarik ere.
Hain zuzen ere, ipuin guztiei darien arruntasun edo ohikotasunari txinpartak sortuko dizkiona ez da izango, bistan denez, istorioetan kontatzen dena, baizik eta istorio horiek kontatzeko autoreak hautatu dituen tonua eta erregistroa. Ahozkotik hurbileko euskara zuzen eta biziak ez ezik, Arrietak ohikoa duen tonu umoretsu eta inoiz parodikoak zeharkatzen baititu kontatzen diren zazpi bizitzok. Darabilen tonu zirtolari horrek, kontatzen diren diesel bizitzekin eta deskribatzen diren pertsonaia arrunt eta nahiko grisekin talka egiten badu ere, era berean bizitasuna ematen die konposizioei. Eta irudipena dut, gainera, Arrietaren umore karakteristiko hori askoz hobeto egokitzen dela autorearen beraren ipuinetara nobelara baino; idazlearen estilo biziak laburtasuna eta kasu honetan intentsitatea ere akuilatzen dituen neurrian hobeto funtzionatzen du, bere lan luzeagoan baino.
Hala ere, esango nuke ipuinen bertute nagusia ez dela umorea izan, tentsioa eta suspensea sortzeko eta metatzeko ipuin gehienetan Arrietak erakutsi duen gaitasuna baino. Ideia deigarri batekin ainguratzen du irakurlea kontakizunetara, eta dosifikaturik argituko dio hasierako gertakizun horren atzean dagoen azalpena; ipuin moderno deiturikoen forma arketipikoaren oso antzeko moldez, hortaz, tentsioak aginduko du konposizio guztietan. Besterik da, ordea, tentsio hori nola ebatzi duen, eta alderdi horretan ez naute ipuin guztiek modu berean konbentzitu. Irakurleak bukaera efektistarik ez du aurkituko inon; badira modu ireki batean bukatu arren aukera posible batzuk iradokitzen dituzten ipuinak, alegia, ixteko modu bakar batekin, bukatzeko hainbat interpretazio posible eta bideragarri proposatzen dituztenak. Halakoek xaxatu dute ondoen irakurle honen espektatiben horizontea, eta halakoek piztu dute interes handiena nigan. Hori gertatu zait, esaterako, Negu Gorriak taldeari keinu egiten dion Bi doberman beltz kontakizunean. Beste batzuetan, aldiz, lerroz lerro lortutako tentsioak bukaera partean espero nuen bezala edo espero nuen beste lehertzea lortzen ez duela iruditu zait; bukaerak edo prezipitatuegiak izan dira, edo ez dakit ez ote diren irekiegiak izan iradokitzeko, eta, ondorioz, nahiko hotz utzi naute. Hori da, hain zuzen ere, Errudun ipuinarekin gertatu zaidana.