Bigarren eguna du gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen faseak. Diman eta Muxikan jokatuko dira bi saioak, 18:30ean.
Herriko eskolan izango da Dimako saioa, eta bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aitor Arrutia Azkueta, Ander Sarriugarte Garcia, Iker Garitagoitia Astigarraga, Iñaki Iturriotz Zuluaga, Koldo Gezuraga Seijido eta Peio Lago Iturriaga. Igor Menika Bengoetxea ariko da gai jartzaile lanetan.
Muxikako saioari dagokionez, berriz, honako bertsolari hauek abestuko dute Ariatzako eskolan: Ana Picallo Perez, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Inazio Vidal Gurrutxaga, Maite Sarasola Isazelaia, Naroa Torralba Rodriguez eta Peru Vidal Gurrutxaga. Zihara Jainaga Larrinaga izango da gai emailea.
Zortzi kanporaketa
Joan den astean abiatu zen Udabarria bertsotan sailkapen fasea. Bi saio jokatu ziren, Urdulizen eta Durangon, eta Aissa Intxaustik eta Unai Mendiburuk irabazi zituzten.
Zortzi kanporaketa jokatuko dira denera, maiatzeko lau ostegunetan, eta puntuazioz sailkatuko dira udazkenean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako.
Saio guztietarako sarrerak esteka honetan daude eskuragarri.