Haria-k zazpigarrena egingo du Berri Txarrak taldearen diskografian. Hamabi kantuk osatuko dute, eta astebete barru eskuragai egongo da. Gorka Urbizu taldeko abeslari eta gitarristak Berria.info-n erantzun die irakurleek eginiko galderei. Hona hemen galdera-erantzunetako batzuk.
Estatu Batuetan egon zinen bitartean izan zenuen itzultzeko gogorik? Zerk harritu zintuen gehienbat Kalifornia aldean? Gari.
Zinez grabaketa luzea izan da. Ez da beharrezkoa bi hilabete grabatzen egotea; alde horretatik, nahiago Albiniren filosofia, baina Rossek eskatu zigun horrenbeste egun behar zituela. Los Angeles apur bat itogarria egin zitzaigun zenbaitetan, baina, halere, gustura izan ginen oro har. Etxea zoragarria zen, eta itsasoa bertatik bertara geneukan; ezin kexatu, beraz.
Ross Robinsonekin grabatu ondoren... Zein dira orain zure ametsak musikari moduan? Eta musika mundutik kanpo? Ivan Astigarraga.
Beti daude erronka berriak, eta, 17 urteren bueltan, horixe da talde batean egotetik gehien erakartzen nauena. Auskalo hurrengoa non, noiz eta nola izango den. Besterik egongo denik ere ezin jakin; nekatuta amaitzen ditut birak eta grabaketak, eta zenbaitetan nekeza egiten zait aurrera egitea.
Aupa, Gorka! Katamaloren zain geunden zale asko eta asko; kontzertuetako sarrera guztiak segituan amaituta, eta arrakasta, itzela. Proiektuarekin jarraitzeko asmorik? Hektor.
Katamalo poema gutxi batzuk musikatzeko asmo soilarekin sortu genuen, tabernetan-eta jotzeko besterik gabe. Ez genuen diskorik egiteko asmorik; beraz, gerora etorri den gauza oro ezustekoa izan da. Kontzertu sorta honen ondoren atea itxiko dugu berriz ere. Betiko? Auskalo, poesia oso gogoko dut bere horretan, eta musikarekin nahastuta sortzen den hirugarren emaitza hori ere bai.
Uste dut Berri Txarrak taldekook hasieratik gaur egunera arte euskal herritar gazteok ditugun ezin, min nagusiak adierazi dituzuela gitarra eta hitz kolpez. Zer dakarkiguzue oraingoan? Andoni.
Eskerrik asko, lehenik eta behin, hori sentitzen baduzu hala adierazteagatik: guretzat gauza handia da jakitea ez gaudela bakarrik. Disko berria ezberdina da Payola-rekin konparatuta. Payola oso disko iluna zen hitzen aldetik; akituta eta ilusio erreserbak minimoetan zituen norbaitek idatzia zirudien, eta elkarrizketetan esan izan nuen albiste ona litzatekeela hitz horiek gaurkotasuna galtzea. Disko hau nolabait pasionalagoa da, nola musikari dagokionez, hala hitzen aldetik. Halere, gure amorru eta tristezia puntu horrek bertan dirau; ezin gure estilotik erauzi.
@Elkarrizketa osorik irakurtzeko:
www.berria.info
Gorka Urbizu. Berri Txarrak taldeko abeslaria
«Disko hau pasionalagoa da, nola musikari dagokionez, hala hitzen aldetik»
Datorren astelehenean, hilaren 21ean aurkeztuko du Berri Txarrak-ek 'Haria', taldearen zazpigarren diskoa. Venicen, Kalifornian (AEB) grabatu dute, Ross Robinson ekoizle ezagunak lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu