DISKOGRAFIA HAUTATUA

2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
'I Never Loved a Man the Way I Love You' (1967)

I Never Loved a Man the Way I Love You izan zen Aretha Franklinek Atlantic Recordsekin grabatu zuen lehen albuma —Columbia etxearekin grabatzetik zetorren—. Izen bereko singlea eta Otis Reddingen Respect-en bertsioa bildu zituen bertan, Ray Charlesen eta Sam Cooken bertsioekin batera, baina baita bere konposizio batzuk ere. Urte berean, Aretha Arrives lana plazaratu zuen.

'Lady Soul' (1968)

Lady Soul diskoarekin arrakasta handia lortu zuen berriro ere; besteak beste, Chain of Fools, A Natural Woman eta Ain't no Way kantuak bildu zituen Franklinek bertan. Handik sei hilabetera, Aretha Now lana plazaratu zuen, Think eta I Say a Little Pray bezalako pieza arrakastatsuekin. Hamarkada oparoa ixteko, 1969an, Soul'69 atera zuen, beste hainbat kantu ezagunez osatua —River's Invitation eta Bring it on Home to Me tartean—.

'Young, Gifted and Black' (1972)

70eko hamarkadaren hasieran, Franklinek nazioarteko ospea lortua zuen jada. Rock, pop eta soul kantuen bertsioak egiten hasi zen, eta halakoez osatutako bi disko plazaratu zituen urte haietan. Edonola ere, Young, Gifted and Black (1972) izan zuen orduko lanik arrakastatsuena, disko musikaren aitzindaritzat jotzen dutena. Hain zuzen, disko musikan sakondu zuen hurrengo urteetan, Let Me in Your Life (1974) eta halako beste batzuekin. Garai berean, Sparkle (1976) filmaren soinu bandarekin ere arrakasta lortu zuen. Ez hainbestekoa, ordea, hurrengo diskoekin.

'Jump to it' (1982)

1980ko hamarkadan aro berri bat hasi zuen. Atlanta Records utzi, eta lehen albuma atera zuen Arista etxearekin, Aretha izenekoa, ordura arteko lanek baino soinu poperoagoa zuena, garai hartako joera nagusiekin bat eginez. Jump to It (1982) diskoa izan zen aldi berri honetako arrakastatsuena; izen bereko kantua eta Love Me Right nabarmendu ziren hartan. Who's Zoomin' Who? (1985) albumaren ondotik, Aretha (1986) izeneko beste lan bat atera zuen, rocketik hurbilago zegoena, eta hit berriak zekartzana. Elton Johnekin eta Whitney Houstonekin aritu zen, besteak beste, Through the Storm lanean (1989). Baina, ordurako, abeslariak murriztua zuen agertoki gaineko presentzia.

'A Rose is Still a Rose' (1998)

1991n What You See Is What You Sweat diskoa atera, eta zazpi urte igaro zituen kantu berririk grabatu gabe. A Rose is Still a Rose (1998) lanarekin itzuli zen estudiora, R&B, hip-hop eta garai hartako beste joeretara gerturatuta. So Damn Happy (2003) izan zuen mende berriko lehen lana, neo-soulera eta, nolabait, bere erroetara itzularazi zuena. Lan berriak grabatzen jarraitu zuen azken hamarkadan, eta iazko azarokoa da kaleratu zuen azkena, RoyalAtlantic etxearekin ateratako A Brand New Me.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.