22 ordu, Aingeru Cardañok Frantziako Fleuryko espetxean idatzitako abestia, Solteren Distantzia nahikoa! diskoa aurkezteko, ezin hobea da. Euskal presoez idatzitako abestiek sarri askotan ukitu idilikoa dutela iritzita, hitz zuzen eta gordinak harilkatuz ondu du Cardañok 22 ordu. Legarrik gabe, baina aurrera egiteko kemena eta itxaropena bazter utzi barik. Egunean 22 ordu egiten ditu ziegan Cardañok, eta egoera horretan sentitzera irits daitekeen itomenaren berri ematen dute haren hitzek.
Solteren lehen diskoko gainerako abestiak tankerakoak dira: gogorrak eta zuzenak. Gitarren abiadura eta ahotsaren sendoaren erdian, hala ere, arnaserako tartea dago, melodia ustez leunagorako beta. Hardcore arina da nagusi diskoan. Musikherria herri diskoetxearekin plazaratu dute.
Haritz Bengoa Txipi-k (ahotsa), Jon Tolosa Tolo-k (gitarra), Aritza Garciak (bateria), Oskar Nogueira Txitxo-k ( baxu jotzailea) eta Aingeru Cardañok (gitarra) osatzen dute Solte, Cardaño orain preso dagoen arren.
Diskoko hamabi abestietan, nolanahi den, euskal musikan toki bat egitea lortu duten musikarien aztarnak nabarmenak dira. Ekon eta Governorseko Juan Sangrek Trekking urbanita kantuan abestu du; eta M.A.K. taldeko Jon Eiherabidek, Beti aurrera!-n. Abesti horretan eta Piztu-n, M.A.K. taldeko DJ Alf-ek ere parte hartu du sanpler eta skratx-ekin. Nuuk-at taldeko Iñaki Jauregik gitarra jo du DJ-a akatu!-n, eta abesti horren hardcorearen indarrari txalapartaren erritmoak gehitu dizkiote Iñaki Aretxagak eta Christian Duranek.
Zornotzako (Bizkaia) Idabamusik estudioan grabatu ditu abesti guztiak Jauregik berak, urtarrilean eta otsailean. Bilboko Santutxu auzoan sortu zen Solte, duela bospasei urte inguru. Abestiak egiteari eta kontzertuetan jotzeari eman diote lehentasuna orain artean, baina modu naturalean sortutako abestiak disko batean biltzea erabaki dute.
'Distantzia nahikoa!' lana atera du Soltek
Governors eta M.A.K. taldeetako musikariek parte hartu dute Bilboko hardcore taldearen lehen lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu