Mikel Laboaren kantuen bertsio bat egiterakoan bi aukera dago: antzekoa egitea (melodia, ahotsa, tresnak, konponketak)... ala beste ertzera eramatea. Zer egingo zukeen Mikelek berak? Bigarren aukera hartu, zalantzarik gabe. Eta horrela hasten da mugaldeko Willis Drumond taldea: distortsio lasaiaz lehenengo segundotik, gitarra latza segidan... Hotel, Tulsako Miren Izarekin batera, portugesez aritzen da Nao es tu, faculdade de sentir leloan. Berri Txarrak-ekoek Liluraren kontra astun, geldo eta gihartsu garatzen dute, distortsioaren jantziaz; kantua mila puskatan apurtuko dutela ematen du, baina Mikeli errespetu handia diote eta mehatxua hor geratzen da. Xabier Montoiak ahotsa eta didgeridoo giroa nahasten du Xoxo beltza-k hegan egiten duen bitartean. Beste tresnarik ez dago. Zura, bere partez, bi ahotsez eta bossa giroan hasten da Haize hegoa-n, baina, orain bai, azken txanpan leherrarazten dute soinu-trilitaz. Amodiok Berri Txarrak-en eskema eransten dio Baga biga higa-ri: gogor, tinko eta lasai melodia ezkutatuz gitarren geruzen azpian. Eta segidan heltzen zaigu Anariren ahotsa antzeko giroan, tentsioa eta ezinegona sakabanatuz. Dilistak, berriz, giroa mantentzeaz gain, ahots gogorraz eta urrunaz baliatzen da Negu hurbila-n, Akauzazte Danok-ek zarataz egiten du bere lana Txoria txori-n ia zazpi minutuko artefaktu batean. Izenburuko bi hitzak baino ez dira ateratzen kantariaren eztarritik lehenengo minutuetan. Agur melodiari, ongi etorri zaratari.
Bigarren diskoan Ama Say, Mursegorekin batera, Ama hil zaigu originalean murgiltzen da; Ruper Ordorikak, berriz, Gure bazterrak-en jatorrizko melodia moldatzen du bikain. Lisabö (Gure hitzak) eta Audience (Lili bat) lasai dabiltza, bigarrena zapore amerikarraz. Gabon Caligula (Kirru), Inoren Ero Ni (Langile baten galderak…) eta Borrokan (Komunikazio-Inkomunikazio) taldeek bizitasun eta abiadura handiagoa ematen diote hartutako bertsioari, berriro ere distortsioaren erreinuan.
Atom Rhumbak Lizardi-ren tangoarenerritmoa mantentzen du eta ahotsekin jolasteari ekiten dio; Gora Japon bikoteak Bedeinkatua esperimentazio arlora darama hasieran, agurreko Zaude lasai-n, Mursego eta Eten ahozko jokoetan aritzen diren bitartean, txeloaren gainean. Horrela amaitzen da bilduma; hogeiren bat artista izan arren lurralde komunean dabiltza, tradizio, distortsio, zarata eta esperimentazioaren mapan.Eta hor Mikel Laboa ez litzateke galduko,bera horrelako kartografia ongi ezagutzen baitzuen.
Distortsioaren erreinutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu