Dock of the Bay jaialdia ez da berriz egingo

Hamazazpi urteko bideari amaiera eman dio musika dokumentalen Donostiako jaialdiak. Antolatzaileek diotenez, babes instituzionalaren faltak «ezinegona» eragin die. Eskerrak eman dizkiete urte hauetan guztietan ondoan izan direnei.

Ben Digiacomo zuzendariaren 'Bad Like Brooklyn Dancehall'  filmak ireki zuen jaialdia iaz. DOCK OF THE BAY
Ben Digiacomo zuzendariaren 'Bad Like Brooklyn Dancehall' filmak ireki zuen jaialdia iaz. DOCK OF THE BAY
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 16a
11:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamazazpi urteko bideari amaiera eman dio Dock of the Bay musika dokumentalen Donostiako nazioarteko jaialdiak. Iaz egin zuten hamazazpigarren aldia, baina, antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, ez dute berriro egingo. «Infinitua izango zela pentsatu genuen, baina gertatu da», aitortu dute agurra iragarri dutenean.

Jaialdiaren amaieraren atzean ez dago arrazoi bakarra, antolatzaileek oharrean azaldu dutenez: nekea, zailtasun ekonomikoak, eta, batez ere, babes instituzionalik eza aipatu dituzte. «Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea», azpimarratu dute. Onartu dute azken urteetan geroz eta handiagoa izan dela ziurgabetasun horrek eragin dien «ezinegona».

«Zintzotasunez» eman diote amaia jaialdiari, urte hauetan denetan proiektuan sinetsi duen jendeari «esker ona» erakutsita, eta egindako lanarekin «harro». Agur esan du jaialdiak, baina antolatzaileek etorkizunera begira bidali dute mezua: «Espero dugu hirian berriz topo egitea, kulturaren balioan sinisten jarraitzea, ahots propio baten alde borrokan jarraitzea eta Dock of the Bayk guztion bihotzetan bizirik jarraitzea».

Artista ugariren erakusleiho

Hamazazpi urtean, sortzaile, ikus-entzule, musikari, artista eta kultur eragile ugariren topagune eta erakusleiho izan da jaialdia. 2007an sortu zen, «familia arteko giroan», eta antolatzaileek hasieratik izan zuten argi ez zutela formatu komertzial masiborik nahi. Kontrara, jaialdiak izaera intimo eta independenteari eutsi dio urteetan zehar.

Zinema eta musika ulertzeko beste bide batzuk bistaratu ditu jaialdiak urtez urte. Amy Winehouse, The Clash, PJ Harvey, Nina Simone, M.I.A., Fela Kuti, Patti Smith eta halako artista handiak izan dira pantailako protagonistak, baina baita Euskal Herriko artista ugari ere. Dokumentalekin batera, musika emanaldi, solasaldi eta erakusketa ugari antolatu ditu urtero jaialdiak.

Urte hauetan guztietan, Dock of the Bayk komunitate bat sortu du ikus-entzule fidel, film sortzaile, kazetari eta laguntzaile talde oso batekin. Horixe nabarmendu du jaialdiko zuzendari Eva Rivera Solerrek ere. «Egun hauetan, jende asko hurbildu zaigu esateko jaialdia lagungarri izan zaiela hobeto sentitzeko, hiri honetako bizitzan parte hartzeko, lagunak aurkitzeko eta baita maitasuna aurkitzeko ere», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.