Musika. A cappella

Dodekafoniatik audioesferara

Xabi Strubell.
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Musikaren benetakotasuna islatzea gauza zaila izan da historian zehar. Egia esan, gaiak eztabaida sakonago batera garamatza: errealitatea eta berau adierazteko aukera. Hitza bera ez da errealitatea, baizik eta kulturalki emana datorkigun adierazlea. Hizkuntza bakoitzak bere mundu adierazlea dauka, bere hitzen, aditzen eta adieraz-moldeen unibertsoa; hizkuntzak ematen digun sustantzia mundua hauteman, islatu eta adierazteko. Baina, agerikoa denez, hizkuntzen materia abstraktu hori ez da mundua bera.

Musikara etorrita, antzinatik datorkigu gizadiaren eta soinuaren arteko harremana. Gizadiaren hominizazio prozesuari dagokionean, zientziak ez dio garrantzia handirik eman, baina artea eta musika hominizazio prozesuaren funtsezko esparrutzat hartu behar dira. Hedonismoaren, festaren eta bizipozaren arloa gabe, seguraski instintuari hertsiki lotutako animaliak ginateke.

Bide horretan, Erdi Aroan saiatu ziren musika paperera eramaten. Ikustekoak dira garai hartako musikaren idazkiak. Greziarrek aspaldiago zuten hasia bide hori, musikaren inguruko filosofiarena, baina gaur egungo musikaren ulerkera, noten izenak eta abar, Erdi Arotik datorkigu.

Soilik XX. mendera iritsita lehertu da armonia klasikoa, Schonberg, Stravinski, John Cageeta bestek egindako iraultzaren bidez. Baita jazz, rock eta bluesak egindako ekarpenaren bidez. Schonberg-ek dodekafoniaren kontzeptua asmatu zuen horretaz aritzeko hain zuzen ere: zazpi nota tradizional haietatik harago, bazegoela hamabi nota edo soinu hartzerik eskala musikalean.

Azken urratsa, dodekafoniatik audioesfera egindakoa izan da. Hau da: audioesfera entzuten dugun mundua da. Soinu artistek egindako ekarpena da beraz. Teknologikoki munduaren soinua zuzenean eta bitartekaririk gabe erregistratzea eta jasotzea egon denean; mundua bera, soinua bera, hizkuntza musikalaren dependentziarik gabe, da zehazki erregistratzen dena. Orduan, idazkera musikalak bere oinarriak berrikusi behar ditu, zaila baita zinez soinua bere horretan idazkerara eramatea. Objektuak ihes egiten dio azkenik idazkerari.

Soinua idazkeratik askatuta, mundu abstraktuaren pisu guztietatik, subjektua jaiotzen da, soinuaren gutasuna. Gure mundua. Edozein izan daiteke artista, soinua erabiliz, hitza eta poesia; irrintziaren gorritasunean, eta xuxurlaren eztitasunean. Gizakiak gara berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.