Iritzia

Dohaia

EHAZE
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Sudur luze eta begi urdinak margotu zizkidaten orain urte bete, lagun. Pentsamendu erotikoen begiradez gain, Nafarroa hegoaldeko azken herrira arte iritsiko zen Capitanorenaren antzera margotutako sudurra jarri zidaten. Alaitzeko, dotoretzeko eta inpresionismo zantzu ttikiren bat sartzearren, begi urdinak marraztu zizkidaten. Eta hala, irudi eredu bihurtu nintzen, antzerki zaletasuna sustatzea helburu duen Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen logo. EHAZE lagun artekoan.

Martxoaren 27a dugun honetan, gu bion hartu-eman estuaz baliatuz, sekretu bat kontatu nahi dizut. Jakina da internet, telebista, irrati eta zuri-beltzeko filmen aurretik, izakiak begiak lehen aldiz ireki, izatearen kontzientzia frogatu eta hura erabiltzen hasi zenetik, antzerkiak bere tokia izan duela mundu honetan. Egun, antzerki hitzaren erabilera arrunta bihurtu da norbanako, talde eta herrietan. Baina, lagun, zera ahaztu dugu: Dohaia. Izakiak berak beregan duen dohaia dela ANTZERKIA.Naturak berak izakioi oparitutako bertutea dela antzaren artea, antzera egitearen artea.

Inkontzienteki egunero burutzen ditugun ekintzen oinarrian dago antzezpena —lo gauden bitartean ametsetan barna antzezteari ekiten diogu denok—. Kontzientzia da arte eszenikoen giltza ordea. Gure burua itxura eta ikuspegi zehatz batez jantzi nahi dugunetan, antzerkia egiten dugu. Ihaute jaietan, parranda giroan, txisteak kontatu, bertsotan aritu edota haur sentitzera jolasten dugunetan, antzerkia egiten dugu. Liburu aurrean pelikuletako edota eleberri klasikoetako pertsonaien antzera kontzienteki zigarrokinak piztu edota kokotsa laztantzerakoan, futbolaririk onenaren gisan baloiari ostikada ematen saiatzen garenetan, ezpainak koloreztatu eta Marilyn-en musuak igortzen ditugunetan… antzerkia egiten dugu.

Antzerkiak bizitzaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digu, gure burua ezagutu eta berauz atsegin hartzekoa. Norbanakotik abiatuta taldean jostatu eta herriarekin istorioak partekatzeko abagune bikaina da antzerkia. Eta Jessica A. Kaahwak aurtengo nazioarteko antzerkiaren egunerako utzi digun mezuak dioen bezala, antzerkia mundua hobetzeko tresna paregabea da. Baita gure hizkuntza biziarazteko eta suspertzeko erreminta ere.

Beraz, sudur luzea bertute hau jorratzen saiatuko da aurrerantzean ere, luzaroan sekretu hau herritarrei zabaltzen. Banakoon dohaia auzoetara heda dadin, auzoetatik herrixketara. Eta norbanakoaren txoko maitatuenetatik, zaleok, denok, begi-urdinaren laguntzaz, gure mundu ttiki hobe bat sor dezagun…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.