Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Doinu barrokoko agurra

Antzinako Musika zikloak barrokoa izango du ardatz jaialdiaren azken txanpan; gaur Enrico Casazza eta Davide Pozzi ariko diraBudapesteko orkestrak Liszt eta Mahler omenduko ditu gaur eta bihar Kursaalean

Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Abuztua azkenetan dago jada, eta, harekin batera, amaitzear da Musika Hamabostaldia ere. Kursaaleko egitaraua Budapest Festival Orchestrak itxiko du; gaur eta bihar egingo ditu emanaldiak. Franz Liszt eta Gustav Mahlerren pieza bana interpretatuko dute; protagonismo handia izan dute bi konpositoreok aurtengo Musika Hamabostaldian, haien heriotzaren urteurrenak direla medio. Horretaz gain, abian da Antzinako Musika zikloaren bigarren zatia: atzo Al Ayre Español taldeak eman zuen kontzertua, eta gaur Enrico Casazza eta Davide Pozzik joko dute. Bihar amaituko du zikloa Jordi Domenechek. Ziklo hasierako kontzertuetan Urrezko Mendea eta Pizkundea ekarri zituzten gogor; oraingoan, berriz, musika barrokoa izango da protagonista erabatekoa.

Autore italiarrak nagusi gaur

Enrico Cassaza eta Davide Pozzi italiarrak dira, eta haien herrialdeko autore barrokoen obrak interpretatuko dituzte Santa Teresa komentuan. Casazzak biolin barrokoa jotzen du, eta Giorgi Tabacco klabezin jotzailearekin batera aritzekoa zen. Tabacco, azkenean, Davide Pozzik ordezkatuko du, baina aurreikusitako errepertorioari bere hartan eutsiko dio, Jose Antonio Etxenike Hamabostaldiko zuzendari laguntzaileak azaldu duenez. Giovanni Antonio Pandolfi Mealli, Antonio Vivaldi, Arcangello Corelli, Francesco Maria Veracini eta Giuseppe Tartiniren obrak joko dituzte. 1600. eta 1750. urteen artean, garrantzi handia izan zuten konpositore italiarrek, sorkuntza maila nabarmena baitzegoen Italian; orduan sortu ziren lehenengo operak ere.

Bihar, berriz, tarterik handiena Ingalaterrako musika barrokoari eskainiko dio Jordi Domenech kontratenorrak. Daniel Espasa klabizenbalo jotzailearen laguntzaz, Henry Purcell, George Frederich Haendel, Alessandro Scarlatti eta John Cristopher Pepushen lanak interpretatuko ditu. Purcell barroko ingelesaren ordezkaririk garrantzitsuenetarikoa izan zen, baita Haendel ere. Izan ere, alemaniarra izan arren, Ingalaterran sortu zituenlanik gehienak. Bigarren emanaldia izango du Domenechek Hamabostaldian: igandean Arrangoitzeko gazteluan (Lapurdi) eman zuen kontzertuan, Franz Liszt omendu zuen, eta emanaldia Schumann eta Schuberten obrekin osatu. Interpreteak adierazi du kontzertu hartako errepertorioa «aurrez hitzartua» zegoela baina oraingoan «askatasun osoa» izan duela. «Eta Barrokoaren eromenezko eszenetara itzultzeko gogoa nuen», azaldu du. «Maitasunagatik erotu den emakume bati buruzko eszena batean bi rol jokatuko ditut, emakumearena eta narratzailearena», aurreratu du. Londresen ikasi zuenean, autore ingelesei «estimu handia» hartu zien Domenechek; Scarletti italiarra, berriz, harekin «oso ondo» moldatzen delako aukeratu du.

Jose Antonio Etxenikek nabarmendu du Donostiak «begikotasun handia» sentitu izan duela betidanik kontratenorrekiko, eta asko eta asko izan direla Hamabostaldian parte hartu dutenak. Haren hogeigarren urteurrena ospatzen den honetan, Antzinako Musika zikloak duen arrakasta nabarmendu du, arazo ere bihurtu baita. «Hasieran doan izaten ziren emanaldiak, baina haietara joaten zen jende uholdea zela eta, sarrera ezartzea hitzartu genuen Santa Teresa komentuko arduradunekin. Baldintza gisa jarri ziguten bildutako dirua gobernuz kanpoko erakundeetara bideratzea», gogorarazi du Etxenikek.Ziklora joan ohi diren ikusleak «bereziak» dira, haren ustetan, «oso fidel, sutsu eta sentiberak». Komentuari dagokionez, agertoki «zoragarria» iruditzen zaio; izan ere, 1813ko erreketatik salbatu zen eliza bakarrenetakoa da.

Atzo, Al Ayre español taldeak jo zuen komentuan, Maria Espada sopranoarekin batera. Eduardo Lopez Banzoren zuzendaritzapean, barroko bi autore garrantzitsu ekarri zituzten gogora: Jose de Nebra espainiarra eta Domenico Scarletti italiarra (Alessandro Scarlettiren semea). Urteak daramatza Lopez Banzok, De Nebrari «merezi duen sona» itzultzen saiatzen. Hura eta Scarletti «desberdinak» direla nabarmendu du, «baina ezin da esan bata bestea baino hobea denik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.