'vulcano'
Egilea: Victoria Szpunberg. Zuzendaritza: Andrea Jimenez. Antzezleak: Pilar Berges, Ivan Lopez Ortega, Albert Ribalta, Eneko Sagardoi, Macarena Sanz. Eszenografia: Judit Colomer. Argiak: Juan Gomez Cornejo-AAI. Lekua: Felix Petite antzokia, Gasteiz. Noiz: Azaroak 14.
Gasteizera joan gara pozik berriro ere. Arrazoiak ez zaizkigu falta, ez. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian, Madrileko CDN-k ekoitzita, norena eta Victoria Szpunberg-en antzezlana programatu dute. Izena ez da edozeinena baizik eta Espainiako Literatura Dramatikoaren Sari Nazionalaren azken irabazlearena. Jatorri argentinarreko Kataluniako dramagileak teatro munduan badu izena eta izana. Biak onak.Â
Antzezlana ikusi ez duzuenentzat hona laburpen moduko bat. Familia baten pisuan gaude. Aita, semea eta alaba. Zaharrena hirurogeiren bueltan, besteak karrera bat ikasteko adinean. Afera da senideak ez daudela bakarrik baizik eta kamerari batekin. Gazte hori —eta horra hor antzezlan honetako koxka— orain dela urtebeteko etxean izandako suteari buruzko dokumentala errodatzen ari da. Testigantzek aurrera egitearekin batera, kazetari bat gehituko zaio taldeari, koktel bati azken osagarria nola. Gainera, zertxobait aurrerago zaintzen zuten bizilaguna bertan ito zitzaiela jakin dugu. Hortik, errelato koherentea zirudiena pitzatzen hasten da eta dokumentala izateko bokazioa zuen ahalegina dokudrama bilakatuko dela ulertzen du ikusleak.Â
Gisa horretan, Szpunbergek proposatzen digun tesiak dio errelatoa eraikitzen den zerbait dela eta hartara kontaketek isiltasunetik asko dutela. Printzipioz intentzio txarrik harrapatzen ez diogun familiaren istorioak zenbat duen asmaziotik eta zenbat gezurretik argitzean datza ikuskizunaren muina.
Manera garaikideko eszenaratzea bikaina izan da: eszenografia egokia, zuzeneko grabazioak neurrizkoak. Antzezleen zuzendaritza zeharo aproposa. Horren harira ezin isildu Eneko Sagardoiren lana; bere azken hitzek ikusle bat baino gehiago negar malkotan utzi zuen, hain zen handia helarazi zuen emozioa. Calixto Bietioren eskutik Erresuma antzezlanari (2022) hasiera nola eman zion ondo gordeta dugu akorduan, nola liluratu zuen Arriagako besaulki-patioa bere hitzen magiaz. Orain, beste oroitzapen bati lotuko gatzaizkio betiko: 2025eko azaroan Felix Petite antzokian durangarrak Vulcanon zer-nolako bukaera oparitu zigun.Â
Bada sua sekretuak kukutzen dituena dioenik. Bada sua, gordekoak agerian uzten dituena dioenik. Bi uste horien arteko artesian idatzita dago testua. Harold Pinterren zehaztugabetasunetik oihartzunak daude airean eta Claudio Tolcachirren Coleman familian bezala ez da hainbat protagonisten izaera argi ikusten hastapenetan. Zer gertatzen den ez dakigu. Noiz eta? Gain-informazio garaietan, true-crime-ak hain gustukoak ditugun egunotan preseski. Nola jakingo dugu lekukoak egiatiak diren kameraren aurrean disimulatzen hain ondo ikasi dugun mende honetan? Ez al gara —onerako zein txarrerako— denak aktoreak? Szpunbergen familiak sekretu bat zeukan baina ez zuen ematen.Â
Ikusle askok zutituta eman diete agurra, txalo txaparrada luze izan da.Â