Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu duenez, Euskaltzaindiak 100 urte betetzen dituen honetan ekitaldi akademiko eta instituzionalak antolatu dituzte, baina kultur arloa ere ez dute ahazteko: asmo horretan kokatzen da Egunak eta lanak dokumentala, "euskara jasoa izatera eraman duten gertakizun nagusiak" biltzen dituen filma. Geroari begira ere paratu nahi izan dute lan horrekin: "Mendeurrenarekin gure historiaren aro bat ixten dugu, baina orain beste historia bat hasten da; Euskaltzaindiarentzat ez ezik, euskararentzat ere zer nahi dugun XXI. mende honetan".
Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoaren ideia dago dakumentalaren jatorrian. Esan duenez, ohartua zegoen euskaldunek askotan "burumakur, apal eta depresiotik" begiratzen diotela beren buruari eta hizkuntzaren errealitateari. Hortik ihes egin nahi izan du Atxagak, eta, horregatik, dokumentalean Manuel Larramendi "istorioaren ardatz" jarri nahi izan du, "ez soilki hark bere garaian hiztegigintzan eta gramatikan egindako lanagatik, ezpada bere jarreragatik, erakutsi zuen kemen eta ausardiagatik".
Fermin Etxegoien kazetari eta idazlea aritu da zuzendari, eta gidoia ere idatzi du Atxagarekin batera. Esan duenez, "euskara jasoa" hartu du oinarri, hots, euskara noranahiko hizkuntza bilakatu duen prozesuaren nondik norakoak kontatu dituzte, baina, aldi berean, belaunaldien arteko transmisio prozesu baten emaitza dela ahaztu gabe: "Euskara jasoa jaso dugun euskara ere bada, eta nola jaso dugun islatu nahi izan dugu".
Dokumentala da Egunak eta lanak, baina filmean Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek eramaten dute istorioa aurrera. Dokumentala ETB1ek emitituko du urriaren 8an, 22:15ean, Gure kasa programaren ostean, eta EITBren webgunean ere egongo da ikusgai.