«Country musikaren historiako kantaririk onenetako bat». Titulu hori izan du askorentzat Dolly Parton kantari eta musikariak. 1946ko urtarrilean jaio zen, Seviervillen, Tennesseen (AEB), familia «ikaragarri pobre» eta musikari lotutako batean, Partonen beraren hitzetan. Oso gazte adierazi zuen musikarekiko interesa, eta, Hello, I'm Dolly izeneko lehen albuma plazaratu ostean, 1960ko urteen amaieran nabarmendu zen haren izena: Porter Wagoner musikariarekin batera, garai hartako konpositore sonatuenetako bat bihurtu zen. Hamarkada inguru egin zuten elkarrekin, eta bakarkako bideari heldu zion segidan Partonek. 1974ko Jolene eta All I Can Do (1976) albumak gogoz txalotu zituen kritikak, berdin bertako Jolene eta I Will Always Love You kantuak ere —azken hori Whitney Houstonek egingo zuen, batez ere, nazioartean ezagun—.
Country tradizionalaren eta country poparen barruan sailka daitezkeen diskoak eman zituen hurrengo urteetan Partonek. Here You Come Again diskoko izen bereko kantuarekin milioi bat kopiatik gora saldu zituen, eta datu hori bera lortuko zuen beste zenbait grabaziorekin ere. Esaterako, 9 to 5 and Odd Jobs (1980) diskoa zabaltzen duen 9 to 5 kantuarekin.Â
Linda Ronstadtekin eta Emmylou Harrisekin grabatutako Trio (1987) eta White Limozeen (1989) diskoekin ere arrakasta komertzial handia lortu zuen, eta musikaren mundua harritu zuen hurrengo urratsean, The Grass Is Blue (1999) lana argitaratu eta bluegrass generoko trilogia bati hasiera eman zionean. Kritikaren beroa izan zuen orduan ere. Eta esperimentatzen jarraitu zuen, gospelarekin, poparekin, rockarekin, folk rockarekin eta beste.
Bere ibilbidearen lehen hamarkadetako lan horiei esker batik bat, baina baita aurrerago plazaratuko zituenekin ere, musikaren historian disko gehien saldu dituen kantarietako bat bilakatu zen Parton: ehun milioi albumetik gora denera. Sariak ere franko jaso zituen; 11 Grammy, Urrezko Globoetarako izendapen ugari eta Oscar sarien barruko Ohorezko Jean Hersholt saria (2025), besteak beste.
Aktore lanetan ere arrakasta
Inoiz musikaren bidetik aldendu gabe, Hollywoodera ere zabaldu zuen bere jarduna Partonek. 1980an izan zen, Colin Higginsek zuzendutako 9 to 5 filmean aritu zenean, Jane Fondarekin eta Lily Tomlinekin batera. Herbert Rossen Stell Magnolias (1989) filmean ere aritu zen, Truvy Jones izeneko estilista baten larruan sartuta, eta Sally Field, Julia Roberts eta Olympia Dukakis izan zituen taldekide ordukoan. Rol txikiak antzezteko askotan, baina aurrerago ere jarraitu zioten deitzen —Disneyren Frank McKlusky, C. I (2002) filmerako eta Hannan Montana (2006-2011) telesailerako, besteak beste—.
X sare sozialera igotako bideo baten bitartez eman du haren heriotzaren berri Partonen familiak. Kantariak hala eskatuta, antza, haren iloba ageri da hizketan. Country musikaren izarrak «kantarien eta ameslarien belaunaldiei» ateak ireki zizkiela nabarmendu du: «Inoiz ez zuen ikusi ireki ezin zezakeen aterik, eta ireki zituen ateek historia egin zuten, eta hura aldatu». 80 urte zituela hil da.