'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez'
Zuzendaritza eta Espazio eszenikoa: Fernando Bernues. Antzezleak: Garazi Urkola, Sara Cozar, Asier Hernandez. Lekua: Zarauzko Modelo aretoa. Eguna: Maiatzaren 25a.
Literaturiak urtero ekartzen digu arte eszenikoak gozatzeko aukera eta aurten programatutakoen artean Tanttakak ekoitzitako Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez ikustera joan gara. Zarauzko malekoian patxadaz ibiltzeko giroa izan arren, bete-betea zegoen aretoa aurkitu dugu. Argia itzaltzearekin batera, kezka eta jakin-mina piztu zaizkit: zer-nolako publikoa izango da litxarreria poltsa eskuan sartu diren hauek? Haurrentzat antzeztea ez al da arriskutsuegia?Garunean klik moduko bat entzun eta, Ai, Tanttaka!ze nezesidadea pentsamendua etorri zait burura. Zeren, ni nago, Tanttaka bezalako talde batek ez daukala horrelako atakan zertan sartu.
Emanaldia onik irtengo den galderak errepikakor zulatzen dit burmuina. Enpatikoegi nabil antzezleen paperean sartuta. Nire adineko talaiatik hurbilpen antropologikotik abiatzen naiz, zer gertatuko den beha nago bai oholtzari bai eserleku-patioko lagunei.
Testu-antzerkia da antzeztu digutena, entzuketaren bitartez ulertzen dena, alegia. Kontu kontari dabil Oihana pertsonaia nagusia (bikain Garazi Urkola). Helduaroan azaltzen zaigu lehenbiziko aldian idatzi duen liburuaren aurkezpena delarik. Bertan egoteagatik eskerrak eman ondoren liburuekin nola zaletu zen kontatuko digu. Horretarako bederatzi urte zitueneko unera salto egingo du bere amaren heriotzara iritsi arte. Ondorengo dolutik atera zedin aitak asmatu zuen liburuen altxor bilaketa moduko bat, eta herriko liburuzainarekin adiskidetzearekin batera, nobelen mundua estimatzen hasi zen, harik eta bere lehenbiziko liburua idatzi arte. Alfabetoko hizkiak lagun bihurtzen ditu, hitzen jolasak adiskide, narrazioetako istorioak bidelagun herioa hain presente duen lan honetan.
Bernuesen eszenografia oso efikaza da, baita argiteria ere, eta erritmo aldaketa eta pasarte batetik bestera igarotzeko haize-mugikorraren soinua. Testuak literatura klasikoari omenaldia egiten dio. Oparoak dira aipatutako narrazioak, esate baterako, Kafkaren Metamorfosia, M. Shelleyren Frankenstein, H. Melvilleren MobyDick, A. Dumasen Hiru Mosketariak, A. Skármetaren Nerudaren Postaria zein I. Calvinoren Baroi igokaria, besteak beste. Laburbilduz, liburuen maitasunezko omenaldia dugu Mundu pitzatuta dago hau.
Harkaitz Canok idatzia eta Isabel Herguerak ilustratua den liburuan oinarritutako antzezlana dugu ikusitakoa. Umeak erne-erne egon dira nire harridurarako, zeren, ni nago, haurrentzako lana izanda ere, ikusle asko ulertzeko adinetik beherakoak zirela. Dena den, zurrumurru oso txikiren bat aditzen zenerako eszena aldaketa guztiz ondo neurtuta zetorren. Silvia Plathen poema apreziatu ez dutelako ustekoa naiz, baina argi egon da dortokari buruzko ipuin afrikarra zeinen zintzo aditu duten. Amaitutakoan, aldameneko mutikotxoak asko gustatu zaiola esan dio amonari. Ni oraindik nabil zer ulertu ote zuen pentsatzen.
Horra hor oraingo eta etorkizuneko publiko fidela?