Dominoa, kantatzeko

Bertsozale Elkarteak 25 urte bete ditu, eta zenbaki horren bueltan «jolas egiteko proposamena» egingo dute Bertso EguneanGuztira 22 bertsolari arituko dira kantuan datorren larunbatean Kursaalean

Iñaki Murua, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia eta Iñaki Almandoz Kutxakoa, atzo Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Dominoa jolaserako da, baina hurrengo larunbatean, aurtengo Bertso Egunean, kanturako aitzakia izango da. Edo, hobeto esanda, saioa bera bideratzeko erabiliko dute. Domino pieza bat, bi eta bost zenbakiak dituena. 25. Zenbaki horren bueltan ariko dira bertsolariak, Kursaalean. Izan ere, Bertsozale Elkartea 25. urteurrena ospatzen ari da. «Bertsogintzari eta bertsozaletasunari eskainitako gaiak izan dira tartean, baina 25 zenbakia eta domino jokoa abiapuntutzat hartuta», jakinarazi zuen atzo Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko presidenteak, 43. Bertso Egunaren aurkezpenean. Guztira 22 bertsolari izango dira kantuan Kursaalean (18:00).

Dominoaren kontzeptuaz azalpen gehiago eman zituen Muruak: «Elkartearen ibilbidea irudikatu nahi izan dugu. Nola joan den piezaz pieza ezkontzen. Metafora bat da. Pieza horiek jokoa emango digute eszenografia antolatzeko eta aurkeztuko diren gai eta jokoak bideratzeko. Hori izango da oinarria, baina ez gara jardungo %100ean horri lerratuta».

Euskal Herri guztikoak dira hautatutako bertsolariak. «Bertsozaleen aniztasunari erantzungo dion taldea biltzen saiatu gara», esan zuen elkarteko presidenteak. Hona hemen zerrenda: Imanol Lazkano, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Sarriegi, Manex Agirre, Anjel Mari Peñagarikano, Unai Iturriaga, Iñaki Viñaspre, Aitzol Barandiaran, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Maddi Sarasua, Onintza Enbeita Aimar Karrika, Sustrai Colina, Jexux Mari Irazu eta Jon Azpillaga. Hain zuzen, Azpillagak berak emango dio hasiera saioari. Orain dela 25 urteko Bertso Egunean bera omendu zuten. 76 urte dauzka jada, baina, Muruaren esanetan, «bertsotarako gogoz» eta «sasoiko» dago. Gai-jartzaileei dagokienez, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasu jardungo dira zeregin horretan.

Dena den, Bertso Egunak hiru atal edukiko ditu, eta eguerdian hasiko da. 12:00etatik aurrera Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz kalez kale arituko dira kantuan. Iker Iriartek gaiak jarrita, Viktoria Eugeniako balkoitik, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan abestuko dute. 18:00etan, ekitaldi nagusia egingo da, eta 21:00etan afaria eta festa hasiko da, Kursaaleko jatetxean bertan. Denetik izango da. Maite Berriozabal gai-jartzailearen esanetara, Patxi Etxeberriak, Julen Zelaietak, Iratxe Ibarrak eta Izar Mendigurenek kantatuko dute bat-batean. Ander Lizarraldek, Unai Muñoak eta Eñaut Agirrek bertso musikatuak prestatu dituzte, eta, horretarako, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikarien laguntza izango dute. Zarauzko Bertso Eskolak, gainera, Bertsolari filmean oinarritutako antzerki lan bat emango du.

Kursaalak 1.800 ikusleentzako tokia du, eta oraindik ere 400 bat sarrera daude salgai. 18 euro balio du arruntak, eta zazpi euro ordainduko dute 16 urtetik beherakoek. Elkarteko bazkideek, aldiz, 12. Dena den, www.bertsoa.com Interneteko atarian zuzenean emango dute saioa. Afarirako salgai jarritako 650 txartelak, berriz, denak salduta daude.

Azken urteotan bertsolari zein bertsozaleen bilgune bihurtu da urtero Bertso Eguna. 1968tik dator ekitaldi hori antolatzeko ohitura. Hasieran, Bertsolari Eguna izena zuen, eta bertsolariak omentzea zen, batez ere, ekitaldiaren helburua. 1995ean, ordea, egunaren norabidea aldatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak. Beraz, Bertsolari Egunari ateak itxi, eta Bertso Egunari ireki zitzaizkion. «Bide hura agor samarra zela ikusi genuen. Orain denontzako bertso eguna dugu», adierazi zuen Muruak. «Garaian garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzeko, esperimentatzeko edo kanpoko esperientziak ezagutarazteko» erabiltzen da, besteak beste, Bertso Eguna. «Saioak egin izan dira bat-bateko sorkuntza eta eszenan jartzeko molde landuen arteko orekaren bila»

Murua, bestalde, Gipuzkoako Txapelketako finaleko sari banaketan gertatutakoaz mintzatu zen. Joan den abenduaren 18ko finalean txistu egin zieten Kutxako ordezkariei oholtzara sariak banatzera igo zirenean: «Ekintza hori [txapelketa] ezin da egin denon laguntzarik gabe», azaldu zuen. «Min handia sentitu genuen; gutako beste edozeini txistu egin izan baliote adinako mina. Aspalditik da gure babesleetako bat [Kutxa], eta gonbidatuei txistu egiteak ez zigun, ez, graziarik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.