Donostiako Udaleko PP eta PSE alderdiek salatu dute Bildu eta EAJk Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren aldeko batzordeko karguak banatzeko ituna egin dutela. Hiriburutza sustatzea helburu duen komisioa Juan Karlos Izagirre alkateak gidatuko du, eta lehendakariordea Miren Azkarate EAJko zinegotzia izango da.
Joan den legealdian hautagaitzaren arduradun izan zen Marisol Garmendia sozialistak atzo emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, eurak lehendakaritza Bilduren esku egotea onesten zuten, baina lehendakariordea berak izan beharko lukeela uste du. Proiektuaren etapa berriarentzat, «hau ez da hasiera ona», Garmendiaren iritziz, eta Bilduk eta EAJk proiektuarekin «tabula rasa egin» nahi dutela salatu du.
PPk ere kritikatu du alderdi abertzaleen arteko akordioa. Komunikatu batean, komisioaren hautaketa «akats larri bat» dela adierazi du Ramon Gomez Ugalde bozeramaileak, eta EAJri aurpegiratu dio «oposizioko taldeen arteko akordioa» hautsi izana. Ugalderen hitzetan, horrek «abertzaletasun gehiago, euskara gehiago eta euskal kultura gehiago» ekarriko du, eta «proiektu irabazlea ez da hori», haren ustez.
PP, Tabakaleratik at
Tabakalerari dagokionez, PPk ez du ordezkaririk izango zentroa kudeatuko duen Administrazio Kontseiluan. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango denaren kudeaketa taldeko bost kideak honako hauek izango dira: Juan Karlos Izagirre, Nerea Txapartegi eta Josu Ruiz, Bildukoak; Marisol Garmendia, PSEkoa; eta Eneko Goia, EAJkoa. PPk eta EAJk Administrazio Kontseiluaren banaketa kritikatu dute, eta salatu dute Bilduk ez duela «proportzionaltasuna» errespetatu batzordearen osaketan.
Donostia 2016 abertzaleen esku dagoela salatu dute PPk eta PSEk
Kultur hiriburutza sustatzeko batzordea Bilduk eta EAJk gidatuko dutela eta, kexu dira bi alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu