«Ekainaren 1ean hasiko da kulturaren deskonfinamendua», esan du Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak. Internet bidezko agerraldi bat egin du, astelehenean udalaren liburutegi zerbitzua eta San Telmo museoa zabalduko dituztela iragartzeko.
Kultur aretook segurtasun neurriak hartuta irekiko direla adierazi du, baina hiri osoan «kultur esperientzia ona» bermatu nahi dutela esan du.
Liburutegi Nagusia, Haur LIburutegia eta auzoetakoak irekiko dituzte. Okendo Kultur Etxea ez, ordea, han lan batzuk egin behar dituelako klimatizazioan. Martuteneko Amundarain mediatekak ere astebete itxarongo du zabaltzeko.
Osasun neurriak aipatu ditu Insaustik: erabiltzaile kopurua mugatuko dute, langileek babesa izango dute eta manparak egongo dira. Erabiltzaileei nola jokatu esateko, ikur multzo «intuitibo eta alai» batzuk jarriko dituztela agindu du. «Espero dugu kultur esperientzia atsegina izatea, segurua eta interesgarria».
Horren barruan, Antton Olariaga marrazkilariari irudi bat egiteko eskatu diote, irakurleei ongi etorria emateko. «Ongietorri umoretsua egingo du, eta liburutegi guztietan egongo da».
Liburuak itzuli eta hartu
Hiritarrek aukera izango dute maileguan dituzten liburuak bueltatzeko, eta jasotzeko. Telematikoki egin ahalko da: webgunearen bidez, emailez eta SMS bidez. Baina baita liburutegietara joanda ere. Edonola ere, erabiltzaileak ezingo du liburua bere kabuz hartu: liburuzainak eman beharko dio. Haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute, eta hitzaldiak-eta sarean egingo dira.
San Telmok ohiko ordutegian zabalduko du, asteartetik aurrera, astelehenean jai egiten duelako. Ekitaldi berezia prestatu dute astearterako. Koldobika Jauregi eskultoreak instalazio bat egingo du klaustroan, zuzenean. «Aurrez-aurreko kulturari keinua egin nahi diogu».
Museoan ere ikur multzo berezia jarriko dute, jarraibideak emateko, eta bisitarien kopurua kontrolatuko dute.
Konfinamendua ezarri aurretik martxoan zeuden erakusketak egongo dira ikusgai. Funtsak ere kontsultatzeko aukera egongo da.
Halere, Urgulleko Hiriaren Historiaren Museoa ez da zabalduko udan, Insaustik iragarri duenez. Gaia plano baten bitartez landuko dute, eta San Telmok ere jorratuko du hiriaren historia.