Donostiak gainditu du 2016. urtean Europako kultur hiriburu izateko aurreneko galbahea, baina Iruñeak ez. Gaur 17:35 aldera jakinarazi du erabakia epaimahaiak, Madrilen. Donostiarekin batera, Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza hautatu dituzte lehen aukeraketa horretan.
Espainiako Estatutik sei urte barru Europako kultur hiriburu izateko lehian hasieran hamasei hiri zeuden, eta haietatik hamabost geratu ziren, Palma forma-akats baten ondorioz lehiatik kanpo geratu zelako. Orain seik lehen fasea gainditu dute. Espainiak hautatutako hiriburuaz gain, beste bat ere izango du Europak 2016an: Poloniak hautatutakoa.
Azkenean Europako Legebiltzarrak joko ditu izendapenak ontzat. Honek urtero hautatzen ditu pare bat hiri horretarako. Aurtengo kultur hiriburuak: Essen (Alemania), Pecs (Hungaria) eta Istanbul (Turkia).
Gaurkoa erabakitzeko, kulturaren munduko hamahiru profesionalek osatu dute epaimahaia. Horietako sei Espainiako Gobernuko Kultura ministroak izendatu ditu, lau Europako Batasuneko Kontseiluak, bi Europako Parlamentuak eta bat Europako Eskualdeen Batzordeak. Espainiako Kultura Ministerioak izendatutakoen artean euskal herritar bat dago: Cristina Ortega Nuere.
Hautatutako hiriotako ordezkariek lan handia egin beharko dute ondorengo lau hilabeteetan. Orain arte ideiak eta asmoak aurkeztu dituzte, batez ere; orain hori guztia programazio batean sartu beharko dute lau hilabeteko epean, konpromiso zehatzekin eta aurrekontuekin.
2011ko otsailerako aurkeztu beharko dituzte programazio zehatz horiek, eta ekainean erabakiko da zein den azkenean Espainiako Estatuak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautatutako hiria.
Donostiak asteartean azaldu zuen bere egitasmoa Madrilen, Reina Sofia museoan. Elkarbizitzen, Elkarhizketan eta Elkareragiten hitzak eta Euskal Herriko itsasertza Miarritzetik Zumaiaraino argitzen duten zazpi itsasargi izan dira Donostia defenditzeko hautatutako argumentuaren ardatz nagusiak. Horrekin batera, herritarren parte-hartzea izan da hautagaitzari lotutako beste ideia nagusietako bat.
Iruñeak gaur defenditu du bere proiektua. Hiriko sanferminak, Donejakue bidea eta 1973ko arte topaketak aurkeztu dituzte, Iruñeak topaketa gune gisa duen garrantziaren adibidetzat.
kulTURA
Donostiak gainditu du 2016an Europako kultur hiriburu izateko lehendabiziko fasea, Iruñeak ez
Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza ere hautatu dituzte. Datozen lau hilabeteetan programa aurkeztu beharko dute, konpromisoekin eta aurrekontuekin. 2011ko ekainean erabakiko da Espainiako Estatuak 2016an Europako kultur hiriburu izateko aukeratutako hiria. Poloniakoa izango da bestea. Europako Parlamentuak urtero hautatzen ditu pare bat hiri horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu