Donostiako Jazzaldiaren saria jaso du Enrico Ravak

Sei hamarkadako ibilbidea du musikari italiarrak, eta jaialdiak omendu egin nahi izan du. Bart eman du kontzertua, Donostian

Enrico Rava musikaria, Jazzaldiaren 49. aldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Sei hamarkadako ibilbidea du Enrico Ravak (Trieste, Italia, 1939) jazzaren munduan, eta balio oso garrantzitsuak deskubritu ditu estilo horren barruan. Ia jaialdia abiatu zen garai berean hasi zen haren ibilbidea. Aurtengo Donostiako Jazzaldian sarituak izan diren hiru artistetako bat da, Abdullah Ibrahim eta Yosuke Yamashitarekin batera. Mundu zabaleko jazzean gehien nabarmentzen den tronpeta jole eta konpositorea da Rava, eta proiektu ugaritan ibili da, Europako eta Amerikako beste zenbait musikari ospetsurekin batera: Gato Barbieri, Lee Konitz eta Stefano Bollani, besteak beste.

Donostiako alkate Eneko Goiak eman zion saria, atzo, Viktoria Eugenia antzokian. 42 dira jaialdiaren historian sari hori jaso duten artistak; tartean dira Chick Corea (1998), Herbie Hancock (2006) eta Ron Carter (2010). Ravak ez du uste horien mailan dagoenik, baina pozik agertu da, barre artean, saria eskuratzeagatik. Ez da artistak Donostia zapaltzen duen lehen aldia, eta hiria izugarri gustatzen zaiola aitortu du: «Hunkitu egiten nau hiriak ni horrela ohoratzeak». The Fearless Five proiektua aurkeztera etorri da aurten. Esan duenez, ez du aurretiaz jakiten zer joko duen kontzertuetan: «Jotzen dudan bitartean erabakitzen dut. Momentuan sentitzen duguna jotzen dugu, gure egoeraren, publikoaren eta soinuaren arabera».

Gazteekin aritzeak bizia ematen dio artistari, eta, azaldu duenez, musikari buruzko bere ikuspuntuarekin bat egiten duen jendearekin lan egitea gustatzen zaio: «Komunikazioa ona bada, berdin zait 12 edo 92 urte dituzten. Beti daukat harritu beharra eta, gazteekin, espero ez ditudan gauzak gertatzen dira. Bakoitzak besteei behar dutena eman eta norberak behar duena jasotzea da gakoa». 84 urte dituen honetan, nekeak gainezka egiten diola aitortu du musikariak. «Nekatu egiten naiz jotzeaz, bidaiatzeaz... baina, jotzean, gauza politak izaten dira, eta, halakoetan, merezi du nekatzea».

Gato Barbieriz aritu da Rava, maitekiro. Hari esker hasi zen musikan, eta, dioenez, hura ezagutzeak bizitza aldatu zion: «Musikalki, nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenetako bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.