Erakusketa

Donostiako Ondarretako espetxeari buruzko erakusketa ireki dute

Kartzelako argazkiak, presoen objektuak, lekukotzak eta hainbat agirik osatzen dute erakusketa; Aieteko kultur etxean dago ikusgai.

Ilargi Agirre.
2012ko irailaren 28a
13:45
Entzun

Ondarretako espetxeko hainbat irudi, eta objektu biltzen ditu Aieteko kultur etxeko erakusketak. Lekukotza eta historiarekin bideoa eta liburua ere egin dute. Kartzela 1890ean ireki zuten, eskualderako espetxe handi bat sortu nahi zutelako. Hiriko turismoaren hazkundearekin, ordea, eraikina handik kentzeko iritziak ugaritu egin ziren. "Espetxea postaletan ekidin egiten zuten", azaldu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, aurkezpenean. Milaka preso pasatu ziren bertatik; 1931 urteaz geroztik preso politikoak. 1936ko gerratik aurrera frankistek hainbat preso torturatu zituzten; eta gutxienez 600 lagun fusilatu zituztela kalkulatzen da. Guztiak "ahanzturara kondenatuak" egon dira alkatearen arabera, eta erakusketa "aitorpen txiki bat" da.  

Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia elkartearen ekimenez osatu dute erakusketa. Juantxo Egaña izan da komisarioa. Lekukotzak biltzeko deialdia egin, eta oso harrera "ona" izan zuten. "Ezkutatuta egon den historia zela pentsatzen genuen; baina gero ohartu ginen ez zegoela ezkutatuta baizik eta gordeta ", adierazi du Iñaki Egaña historialariak. Espetxea 1948an itxi zuten. Eraikineko hormetako zenbait harri jarri dituzte, tartean, erakusketan. Ondarretan bertan kokatuko dituzte, erakusketa amaitu eta gero, oroigarri gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.