Jose Giovannik (Paris, 1923-2004) Frantziako polizia generoari egindako ekarpena nabarmendu dute Donostiako Zinemaldiko arduradunek. Ohar bidez adierazi dutenez, «begirada eta estetika bereziak eman zizkion». Eta, hain zuzen ere, horregatik erabaki dute haren lanari atzera begirakoa eskaintzea.
Nobelagilea, gidoilaria eta zuzendaria izan zen Giovanni. Berez, Joseph Damiani zuen izena, eta korsikar jatorriko familia aberats batetik zetorren. Idazten hasi zuen bere ibilbidea, eta inguruko esperientzia errealetatik jasotzen zituen ideiak. Polizia eleberriak idatzi zituen, eta polizia filmak egin gero. Hala, Frantziako polar zinemaren ikur esanguratsuenetako bat bilakatu zen, Jean-Pierre Melville zinemagilearekin batera. Irailaren 18tik 26ra bitarte egingo dute Zinemaldiaren atzera begirakoa, eta udan argitaratuko dute egitaraua. Gainera, Giovanniren lanaren inguruko liburu bat argitaratuko dute Filmategiarekin elkarlanean. Felipe Cabrerizok idatzi du.
Bigarren Mundu Gerrak ardaztu zuen Giovanniren sorkuntza. 1940an, Frantziak Alemania naziaren aurka porrot egin ondoren, Giovannik nazien aldeko talde militar batean parte hartu zuen. Bitartean, Gestapo frantsesaren baitan antolatzen ziren gangsterrekin egin zuen harremana, eta, haiekin batera, mundu gerra amaituta, hiru pertsona hil zituen: 1945ean bat, eta 1946an beste biak. Urte horretan bertan atxilotu zuten Giovanni, eta heriotzara kondenatu, 1948an. Baina Frantziako presidenteak kondena aldatu zion, eta, horren ordez, lanak egitera behartu. 1956an irten zen Parisko La Sante kartzelatik.
Hain zuzen, kartzelatik ihes egiteko saiakera bat kontatzen du Giovannik bere lehen nobelan, Le trou (1957) izenekoan, eta Giovannik berak bere ziegakideekin batera bizitako gertakizun batean dago oinarritua. Kontakizunak Jacques Beckerren interesa piztu zuen, eta, azkenik, 1960an estreinatu zuten nobelaren izen bereko filma. Ekoizpenean, aholkulari tekniko gisa hasi zen Giovanni, baina gidoilari lanetan bukatu zuen, zuzendariarekin batera. 1958an idatzi zuen bigarren nobela: Le deuxieme souffle. Gallimard argitaletxeak polizia liburuei eskainitako Serie Noire bildumako izen esanguratsuenetako bat bilakatu zen geroztik. Urte berean argitaratu zituen Classe tous risque eta L'Excommunié liburuak ere; den-denak eraman zituzten pantaila handira. Zehazki, bigarren nobela, Jean-Pierre Melville zuzendariak egokitu zuen, 1966an; hirugarrena, Claude Sautet zinemagileak 1960an; eta, laugarrena, Jean Beckerrek —Jacques Beckerren semeak—, 1961ean.
Nobelatik pantaila handira
Gidoilari lanetan hastea izan zen Giovanniren hurrengo pausoa. 1963an hasi zen Jacques Deray gidoilari eta zinemagilearekin elkarlanean, eta emankorra izan zen emaitza: Symphonie pour un massacre (1963), Rififi à Tokyo (1963), L’homme de Marrakech (1966) eta Avec la peau des autres (1966) filmak ekoitzi baitzituzten. Bestalde, Robert Enrico gidoigile eta zuzendariarekin ere egin zuen lan, eta horren adierazle dira Les grandes gueules (1966), Les aventuriers (1967) eta Ho! (1968) pelikulak.
La loi du survivant filma izan zen Giovannik zuzendutako lehena, 1967an, eta, hortik aurrera, zuzendari moduan jardun zuen batez ere. Zinemaldiaren antolatzaileek estilo fisiko eta abenturazalea igartzen diete haren filmei, «haren bizitza bera bezain estilo asaldatua». Hain zuzen ere, askotariko gaiak jorratu zituen Giovannik, eta hala laburtu dituzte: «Soldatapeko hiltzaileak, auzoko poliziak, sistemari aurka egiten dioten gazte matxinoak, Marseillako hanpa, gizarteratu ezin diren gaizkileak, beren kodeen arabera bizi diren bazterreko lapurrak, eskala handiko lapurretak, errugabeak direla frogatu nahi duten presoak eta urre bilatzaileak».

Giovannik zuzendutakoen artean, zazpi pelikula nabarmendu ditu Donostiako Zinemaldiak: Le Rapace (1968), Dernier domicile connu (1970), Un aller simple (1971), La Scoumoune (1972), Deux hommes dans la ville (1973), Le Gitan (1975) eta Une robe noire pour un tueur (1981). Obrak sortzeko bere bizi esperientzian eta ezagututako pertsonetan oinarritu bazen ere, Giovannik ez zuen sekula xehetasunez kontatu nola kolaboratu zuen naziekin. Edonola ere, iraun egin du bere gaineko estigmak. Iraganetik ihesi, Giovannik nazionalitatea aldatu zuen, eta suitzar egin zen 1986an.
Zaharra, berri
2024az geroztik, Klasikoak programaren barruan kokatua dago Donostiako Zinemaldiaren atzera begirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute programa hori, eta hiru ziklo barnebiltzen ditu: atzera begirakoak, Zinemaldian proiektatzen diren Klasikoak sailaren parte diren lanak eta Filmategiak antolatutako urte amaierako zikloa. 1959an egin zuten lehen atzera begirakoa, eta Rene Clair zinemagileari eskaini zioten. Oraingoan ere garai bateko filmak zabaltzen jarraitzeko asmoa berretsi dute antolatzaileek.