Zinema

Donostiako Zinemaldiko zuzendari postua betetzeko lehiaketa publikoa hasi dute

Batea hautaketa eta espezializazio handiko giza baliabideen arloko aholkularitza enpresak kudeatuko du prozesua. Abenduaren 31n utziko du kargua Jose Luis Rebordinos egungo zuzendariak.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren egungo zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren egungo zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2026ko martxoaren 4a
12:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiaren administrazio kontseiluak —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak osatzen dute— gaur abiarazi du zinema jaialdiaren zuzendari berria aukeratzeko lehiaketa publikoa. Jose Luis Rebordinos egungo zuzendaria ordezkatuko du, abenduaren 31n utziko baitu postu hori.

Batea hautaketa eta espezializazio handiko giza baliabideen arloko aholkularitza enpresak kudeatuko du aukeraketa prozesua. Egoitza Donostian du Batea enpresak.

Oinarrietan zehazten denez, goi mailako unibertsitate titulua, ingeles maila handia eta euskaraz nahiz gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna dituen pertsona bat hautatuko dute. Gainera, frantsesa jakitea ere balioetsiko dute.

Horretaz gain, ikus-entzunezkoen eta sormenaren arloko erreferentziazko antolakundeen zuzendaritzan esperientzia izatea eskatzen dute, batik bat zinema jaialdien arloan, eta baita «beste trebetasun batzuk» izatea ere, hala nola «lidergo gaitasuna, taldeen kudeaketa, negoziazioa eta komunikazioa, eta, halaber, finantza eta aurrekontu ezagutzak izatea».

Hautagaiek euren curriculuma bidali beharko dute, eta aurkezpen gutun bat ere bai, gehienez bi orrikoa, postua eskuratzeko motibazioa, ikuspegi estrategikoa eta proiektuari egingo dioten ekarpena adierazita.

Lanpostuaren deialdiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, bai eta Zinemaldiaren gardentasun atarian ere.

Rebordinosen aroaren amaiera

Jose Luis Rebordinosek (Errenteria, Gipuzkoa, 1961) 2011ko urtarrilean hartu zuen Donostiako Zinemaldiaren zuzendari postua, Mikel Olaziregi ordezkatuta. Lehenagotik ere aritua zen jaialdiko zuzendaritza taldean, eta baita filmen hautaketa batzordean ere. Aurtengoa izango du, beraz, azkeneko festibala zuzendari lanetan. Joan den Donostiako Zinemaldian BERRIAri emandako elkarrizketan adierazi zuen egokia izango litzatekeela zuzendari berria otsailerako izendatuta egotea: «Garrantzitsua litzateke otsailerako, Berlinalerako, izendatua egotea, elkarrekin hara joan eta industriako jendeari aurkeztu ahal izateko. Nazioartean garai ona bizi dugu, eta garrantzitsua da babestu izan gaituztenek ikustea pertsona hori orain arte egindakoaren parte dela, ez dagoela haustura bat».

Aurretik, Donostia Kulturako zinema ataleko arduraduna izan zen Rebordinos, eta zeregin horren barruan, Nosferatu zikloa jarri zuen abian 1989an, eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea 1990ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.