Hondar Artean izeneko egitasmoa da Donostia 2016ren apirileko egitarauko proiektu nagusia. Haren erdigunea haima itxurako Tuiza instalazioa izango da. Etzi zabalduko dute, San Telmo museoan, eta, ekainera bitarte, askotariko jarduerak hartuko ditu bere barruan. Giza eskubideen inguruan, kolonialismoaz, emakumeen egoerari buruz eta nazioarteko lankidetzaz gogoeta egitea izango du helburu egitarauak.
Federico Guzman artistak eta Madrilgo Reina Sofia museoak elkarlanean gauzatutako proiektua da Tuiza. Artistak melhfekin eraiki du haima, saharar emakumeek erabiltzen dituzten soineko koloretsuen oihalekin. Haren gerizpean, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak eta film emanaldiak egingo dituzte.
Baina haimatik kanpo ere izango da eskaintzarik. Musikari dagokionez, bi kontzertu proposatu ditu Music Box jaialdiak. Delorean taldea Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian ariko da heldu den igandean, hilaren 10ean, Mikel Laboaren omenez kontzertua egiteko; Las Marines DJak ere ariko dira bertan —sarrerak salgai daude dagoeneko—. Hilaren 16an, berriz, Tindersticksen txanda izango da. The Waiting Room lan berria aurkeztuko dute ingelesek. Frank talde donostiarra ere ariko da oholtza berean. Aiete auzoko Miramongo anfiteatroan izango da kontzertua —oso maiz erabiltzen ez den lekua—, 20:00etan, eta doan izango da.
Bestalde, urtero egiten den Giza Eskubideen Zinemaldian, hiriburutzarekin elkarlanean antolatutako bi topaketa izango dira: Europako giza eskubideen inguruko zinema jaialdiena izango da bata, eta hainbat herrialdetatik iritsiko diren gazteena bestea. Beste egitasmo batek ere hil honetan hasiko du bere bidea: Tosta enbaxada ibiltariak. Hizkuntza eta kultura gutxituak dituzten Atlantikoko kostaldeko hainbat herrialde bisitatuko ditu. Proiektuaren harira, jaialdi bat eta artisten arteko trukeak izango direla aurreratu dute.
Martxoko jarduerek —bereziki, Stop War jaialdiak— herritarren artean izandako harrera ontzat jo dute antolatzaileek.
Donostian 'Tuiza' instalazioa jarriko dute, eskubideez gogoeta egiteko
San Telmo museoan jarriko duten haima hori da Donostia 2016ren hileko egitasmo nagusia.Delorean eta Tindersticks ere hirian ariko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu