Musika

Dry Cleaning: egunerokoaren poetika

Aurreko lanetako unibertsoa findu, eta doinu intimo eta melodikoagoetara hurbildu da Londresko laukotea 'Secret Love' hirugarren estudioko diskoan. Eguneroko «gauza txikiei» kantatu diete 11 abestiren bitartez.

Tom Dowse, Florence Shaw eta Lewis Maynard Dry Cleaning taldeko kideak 2021eko kontzertu batean. RAPH-PH
Tom Dowse, Florence Shaw eta Lewis Maynard Dry Cleaning taldeko kideak 2021eko kontzertu batean. RAPH-PH
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 18a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zarata handirik egin gabe sartu da Dry Cleaning azken hamarkadako post-punk britainiarraren lehen lerrora. Londresko laukoteak bide propioa jorratu du hasieratik: ahots laua, eguneroko bizitzatik hartutako pasadizo hutsaletatik sortutako hitzak, eta tentsioz beteriko gitarrak. Secret Love estudioko hirugarren diskoarekin bide horretan sakondu du taldeak, aurreko lanetan eraikitako unibertsoa finduta eta ñabardura berriak gehituta.

Floren Shaw (ahotsa), Tom Dowse (gitarra), Lewis Maynard (baxua) eta Nick Buxton (bateria) dira proiektuaren ardatzak. 2017an sortu zuten taldea, eta lehen EParekin (Sweet Princess, 2019) azkar egin zuten tokia Londresko eszena independentean. New Long Leg (2021) estudioko lehen lan luzeak kritika onak ekarri zizkien, eta publiko zabalago batera eta post-punkaren olatu berriaren barruan kokatzera eraman zituen. Stumpwork (2022) lanaren bidez, berriz, argi erakutsi zuten ez zirela modako fenomeno iragankor bat, diskurtso propioa zuen talde bat baizik.

Secret Love ez da estudio bakarrean sortutako disko bat, ezpada sormen bidaia baten emaitza. 11 kantak osatzen dute lana, eta taldeak hainbat geldialdi egin ditu munduan barrena horiek ekoizteko. Lehen ideiak Chicagoko (AEB) Jeff Tweedyren The Loft estudioan lantzen hasi ziren. Han, presiorik gabe, ideiak esploratzen eta abestiak egokitzen hasi ziren, inprobisazioari lekua utziz. Giro lasai horrek diskoaren oinarri emozionala finkatzeko balio izan zuen.

Ondoren, taldeak Europan egin zuen grabazio prozesua. Soinu gordina eta intentsitate handikoa bilatzeko, Gilla Bandeko Alan Duggan eta Daniel Foxekin grabatu zuten Dublingo Sonic grabazio estudioan. Azkenik, Frantziako Loirako haranean dagoen Black Box estudioan amaitu zuten diskoa, Cate Le Bon ekoizle lanetan izan zutelarik. Soinu esperimentazioan ibilbide sendoa du Le Bonek —Wilco, Deerhunter, St. Vincent eta beste talde batzuekin lan egindakoa da—, eta elkarlan horrek taldearen unibertsoa zabaltzeko balio izan du; besteak beste, aukera eman die ñabardura berrietan eta ausardia formalean sakontzeko. «Le Bonek disko honetatik zer nahi genuen ulertzen zuen guk geuk hitzekin azaldu baino lehen, edo, are, guk geuk jakin baino lehen», azaldu du Maynardek.

Betiko estiloari leial

Hirugarren estudioko lanak erakusten du Londresko laukoteak bere sormen bidea beste maila batera eraman duela. Diskoak aurrekoen soinu oinarriari eusten dio —erritmo sendoak, gitarra zorrotzak eta atmosferak—, baina intimoagoa du doinua, eta malguagoa musika egitura. Shawren ahotsa —beti spoken word moldearen ertzean— tarteka melodiara hurbiltzen da, eta kantatutako zatiek aurreko lanetan baino nabarmen presentzia handiagoa dute. Abeslariak aitortu duenez, oraingoan saiatu dira ahotsa «musika tresna gisa» lantzen: «Ez dut uste ahotsak beti aurrean egon behar duenik. Batzuetan beste tresna bat besterik ez da».

Gitarren tentsioa, baxuaren sendotasuna eta bateriaren erritmo irmoa ez dira askorik aldatu lan berrian, baina espazioari garrantzi handiagoa eman nahi izan dio taldeak. Horrela, isiluneek eta hutsuneek berebiziko pisua hartu dute diskoan. «Abestiek lekua behar dute. Batzuetan, jotzen ez duguna da garrantzitsuena», esan du Shawk.

Abeslariak elkarrizketa batean azaldu duenez, diskoa sortzerakoan ez zuten aurreko lanen formula bera erabiltzeko asmorik: «Ez genuen pentsatu 'orain honela egin behar dugu'; momentu horretan sentitzen genuenaren arabera sortu dugu». Halere, taldeak askotan aitortu du lan batetik bestera ez dutela aldaketa handirik egin nahi izaten, ez dutela «iraultzarik» nahi, gustuko dutena egiten saiatzen direla, eta horrek eramaten dituela hurrengo diskora. Filosofia horrek ongi islatzen du taldearen koherentzia: diskotik diskora ez dago jauzi handirik, egokitzapen txikiak baizik.

Azken diskoaren abestietako hitzak ere, adibidez, Dry Cleaningen marka dira. Ez dago narrazio txikirik, ezta istorio borobilik ere. «Gauza txikiak interesatzen zaizkigu», adierazi izan du Shawek behin baino gehiagotan. Objektuak, pentsamendu solteak, eguneroko egoera arruntak... Egunerokoaren hondarretatik eraiki dituzte abestien hitzak, ironia lehorra eta distantzia emozionala bidaide hartuta: intimitatearen eta harremanen ertzak jorratzen dituzte Let Me Grow and You’ll See the Fruit kantuan; gatazka etengabearen ideia presente dago Always Gonna Be a Problem abestian; lanaren eta identitate profesionalaren inguruko begirada ironikoa eskaintzen du Cruise Ship Designer piezak; eta diskoaren kontzeptuari erreferentzia eginez, maitasuna zaurgarritasun eta tentsio iturri gisa aurkezten dute Dont’t Let Love Get You Down abestian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.