Lee Perry Scratch jamaikarra musikaria, soinu teknikaria eta musika ekoizlea izan zen, bai eta dub eta reggae estiloen aitzindaria ere. The Black Ark izeneko estudio bat zuen, eta, hartan, Jamaikak eman dituen dub eta reggae diskorik garrantzitsuenetakoak jaso zituen, estudioari su eman zion arte bai behintzat. Ordu hartan Perry ez zegoen bere onenean, eta, haren aburuz, ontzi beltza «espiritu gaiztoz kutsatuta» zegoen; beraz, errauts bilakatu zuen; izan ere, ekoizleak organismo biziduntzat zeukan estudioa: «euria, zurrunbiloak, urakanak… tximistak, trumoiak… lurrikarak sortzen ditu». Halaber, estudioa bera dubaren motorra zela uste zuen, soinu mahaiak eragindako oihartzun, loop eta nahasketen bidez sortutako estiloa den heinean. Izan ere, denboran gauzatzen da duba; denbora dilatatuz, geldituz edo hedatuz. Hala definitu zuen Perryk berak ere, 2018an emandako elkarrizketa batean: «Dub musikak garraio efektua du. Beste leku batera eramaten zaitu, espaziora, galaxian orbitatzera». Duba bidaia kosmikotzat zeukan Perryk, transzendentetzat, kontzientzia lekuz aldatzeko ahalmena duen musikatzat.
Jacqueline Crooks idazle britainiarraren Fire Rush eleberrian ere agertzen da dubaren ikuspegi mistiko eta espiritual hori. Areago, bere osotasunean zeharkatzen du liburua, lehenengo orrialdetik azkenera. Crooksek 2023an eman zuen argitara, eta haren lehen eleberria izan zen. Euskaraz, su bolada gisa itzul daiteke titulua, baina sentimendu indartsu bat edo bat-bateko energia bultzada bat deskribatzeko ere erabiltzen dute ingelesez. Kontakizunak neska gazte baten bidaia iniziatikoa kontatzen du 70eko urteetako Londresen, non dub eta reggae doinuek talka egiten duten arraza gatazkekin, etorkinen identitate lausoekin eta delinkuentziarekin. Nobelak hainbat sari jaso zituen argitaratu zen urtean, tartean PEN Open Book saria.
Idazleak berak ere bertatik bertara ezagutzen ditu liburuan kontatutako batzuk. Honela aurkezten du bere burua, adibidez, bere webgunean. «Idazle britainiarra naiz, baina jaiotzaz jamaikarra; harro nago landa eremuko neska bat naizelako, azukre kanaberen sail batean jaioa eta eguneroko errealitatean errotua. Nire sormena eta nire asmoa Jamaikako izpirituaz elikatzen dira, zeina Karibeko kulturaren aberastasun boteretsuaz elikatzen den».
Nobelako protagonistak, Yamayek —idazlearen alter ego-tzat har daitekeenak—, Crooksen gisako bizipenak ditu: Londresen jaioa da, eta bere sustraiak bilatzen ari da, bere identitate propioa garatzen ahalegintzen den bitartean. Horretarako, mistizismo afro-jamaikarra baliatuko du, baina tartean, hainbat gertakari bizi izango ditu, haietako asko biolentoak eta politikoak; esaterako, 70eko hamarkadaren amaieran, hedatu egin ziren Ingalaterrako Fronte Nazionalak antolatutako mitinen kontrako manifestazioak, eta poliziak, babylon deiturikoak, hainbat manifestari jipoitu zituen. Crooksek, hain zuzen, Londresko Southall auzoan gertatutako istiluak gogora ekartzen ditu eleberrian. Ingalaterrako eremu horrek etorkin ugari hartu zituen garai hartan, batez ere asiarrak, eta, hauteskunde orokorrak hastear zirela, 1979ko apirilaren 23an, alderdi ultraeskuindarrak mitina egin behar zuen Southalleko udaletxean. Ekintza probokatzaile horri erantzuteko manifestazioak antolatu ziren, eta aktibista bat ere hil zuen poliziak: Blair Peach arrazakeriaren aurkako ekintzaile eta eskolako maisua.
Arraza auziarengatik piztutako istilu horiek bertatik bertara bizi izan zituen Crooksek. Horregatik eta liburuan jasotako hamaika gertaerengatik ere, eleberria erabat autobiografikoa da, idazleak berak 2023an azaldutakoen arabera. «1970eko eta 80ko hamarkadetako dub reggaeren iraultza erabakigarria izan zen, eta mundu hartako kulturak oraindik oihartzuna du gaur egun, eragina baitu modan, musikan eta hizkuntzan. Lurpeko mundu ezkutu bat zen, eta harrituta geratu nintzen jende askok ez zekielako bazenik ere. Ikusezintasunaren politika aztertu nahi nuen idazketaren bidez, eta mundu ezkutu horri buruz idazteko beharra sentitu nuen, hura birsortzeko memoriaren eta irudimenaren bidez. Ezinbestekoa iruditu zitzaidan emakumezkoen ikuspegia lehenestea gizonezkoek menderatutako mundu honetan. Yamaye lurpeko kultura horretan izandako esperientzietan oinarritzen da. Ez dut uste beste fikziozko lanik dagoenik emakumezkoen ikuspegia eskaintzen duenik DJen, Stix-Men-en [klub klandestinoetan sound system edo soinu sistema erraldoi eta indartsuak eramateaz eta erabiltzeaz arduratzen direnak], skanker-en [ska dantzaria] eta butcher-en [harakina, erritmo edo doinu bat manipulatzen duen ekoizlea] lurpeko mundu horri buruz. Gainera, gizonek idatzitako dub reggaeari buruzko liburuak baino ez nituen aurkitu».
Eleberriaren amaieran, hain justu, kontakizuna idazteko lagungarri izan dituen hainbat liburu eta artikulu zerrendatzen ditu idazleak.
Southall auzoaren garrantzia ere aipatu du behin baino gehiagotan, bere idazmenean eragiten duen estimulua den heinean. Crooks: «Eremuak, hilerria, tenpluak, meskitak... Edozein artistaren ametsa zen. Denek zituzten bi, hiru, lau, bost, sei lan. Kea borborka irteten zen lantegietatik. Nolabait ere, herrialdearen motorra zela ematen zuen. Etorkinak atsedenik gabe lanean, herrialdea martxan iraunarazteko».
Nabarmentzekoa da errealitate soziopolitiko hori kontatzeko egiten duen hautu estilistikoa; izan ere, lirikoa ez ezik, zeharo musikala ere bada, baina horretarako ez du inolako talde edo musikariren izenik edo aipamenik erabiltzen, testua, eta batez ere metaforak, oihartzunez, soinu baxuz edo erreberberazioz janzten baititu, estudio bateko teknikari baten baliabideez jabetuko balitz bezala. Idazketan bertan txertatzen du musika, soinua, kontakizunari erritmoa eta sendotasuna emateko asmoz. Hala, musika eta patois jamaikarraz kutsatutako prosa maisutasunez uztartzen dira, esaldi zorrotzen bitartez. Halakoetan, esaterako: «Hobe duzu afinatuta egotea, beste munduarekin nahastuko bazara».
Epifaniak
Espirituak edo mamuak ere sarri agertzen dira Yamayeren bidaian. Hala, belaunaldien arteko talkari buruzko istorioetan ageri ohi diren elementu gatazkatsuez gainera marihuana eta gangster manerak dituzten dealer-ak, legez kanpoko musika emanaldiak, aitak adierazitako ulertezintasuna eta gizonezko parrandakideen sexu jazarpena ere ageri dira liburuan, baina, horiekin guztiekin batera, kontatzen da amaren bisitak jasotzen dituela Yamayek, eta horrek naturaz gaindiko kutsu espirituala eransten dio istorioari, protagonistaren ama desagertua baitago.
Agerraldi horiek Crooksek txikitan jasoko zituen Obeah irakaspenen adierazle dira. Afrikako diasporaren praktika, sinesmen eta erritual espiritual eta sendagarrien multzoa da Obeah, nagusiki Britainia Handiaren Karibeko kolonia zaharretan sortua. Eta, hala, familiaren bitartez transmititutako espiritualtasun horrek eleberria aberastu baino ez du egiten; izan ere, autoreak, idazteari ekin zionean, senitartea izan zuen inspirazio nagusi, 1988an, amaldeko Indiako aitona ezagutu zuenean Jamaikan: luze egoten zuen harekin hitz egiten, eta, azkenik, arbasoen bizitzetan murgiltzen hasi zen.
Atzerako bide horretan birraitona-amonen inguruan idazten hasi zen. «Azkenik, istorio horiek Siberia, India, Alemania, Jamaika eta Ingalaterra hartzen dituzten kontakizun laburrak bihurtu ziren, nire familiaren historia eta geografia esploratzen nituen bitartean. Nire bizitzaren hibridotasuna aztertzeko modu bat izan zen, Londresen eta kultura ugariren artean bizi den emakume jamaikar eta indiar-karibetar gisa».
Horiek horrela, gazte baten sufrikarioak eta liberazioa haizatzen duen kontakizun bat ez ezik, kolonialismoari eta, era berean, esklabotzari buruzko gogoeta bat ere bada Fire Rush, bidaia askatzaile gisara proposatua: Southalletik Bristolera eta handik Jamaikara. Alde horretatik, testuaren azken lerroak aipagarriak dira: «Guztiok ari gara bidaiatzen. Izarrak nola. Itsasoak arrastatutako haitzen erritmoetan, zuen gorputzak izar beltz hauskorrak dira. Kiribiltzen diren korronteek eta keak su hartu arte. Eztanda egiten duten erupzioak: soinuduna da unibertsoa».