Durangoko ekinaldi honek Angulemako komiki azoka ekartzen dit gogora. Halaxe izan da azken urteetan, hain zuzen Angulemako bidea egiten ikasi nuenetik. Bata bestearen segidakoa izateak indartu du lotura hori, eta, jakina, biak ala biak gustuko generoaren erakustaldi erraldoiak izateak. Baina baita ekonomiak ere, bereziki horrek. Komikizale honen patrika ez delako nahi bezain oparoa —ezta momenturik onenetan kukua entzunda ere—, eta batean inbertitutakoak itzal egin izan diolako besteari, beti eta ezinbestean.
Aurten ez da Angulemako azoka egingo, eta horrek desorekatu egin nau. Derradan, gauza positiboena aipatzearren, hango hondamendiak hemengoa gehiago zukutzeko tenorean jarri nauela. Eta kontzientziak bake hobea emango didala, Durangon sos gehixeago utziagatik ere ez naizelako okerrago ibiliko gero. Baina zer pentsa handia eman dit.
Hasteko eta behin, hara joan ezean galduko dudanaz akordatu naiz. Galduko dut Europako komikigintzari bere osoan erreparatzeko aukera. Galduko dut sektoreko nobedadeak eta joera berriak nondik doazen ikusteko eta ulertzeko aukera. Galduko dut zeinahi komiki orriztatzeko, autorea ezagutzeko, izen bakoitzari aurpegia eta manerak lotzeko aukera. Eta galduko dut, batez ere, hemengo komikigileak han gozatzen eta inspiratuta eta ideia berriez harrotuta etortzen ikusteko aukera.
Durangok ez dit aukera horietarik ezer emango. Baina Durangon urteen poderioz lortutakoa are gehiago estimatzeko pizgarri bat eman dit, baita mantra bat nabarmentzeko motibo bat ere: supermerkatu erraldoi bihurtzeak deus gutxi balio du, sortzaileak zaintzen ez badira.