KULTURA

Durangoko Azoka «egokitua» izango da aurtengoa

Protokolo zehatzik ez dute oraindik, baina, Gerediaga elkarteko kideek aurreratu dutenez, bisitari kopurua neurtu eta kontrolatuz egingo dute azoka, abenduaren 5etik 8ra. Zuzeneko gutxiago egingo dira, eta denda digital paralelo bat ere antolatuko dute

Gerediaga elkarteko kideak, gaur, Durangoko Plateruena kafe antzokian eskainitako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 29a
13:16
Entzun

«55. Durangoko Azoka egin egingo da». Koronabirusaren ondorioz hedatu den ziurgabetasun egoerak bultzatuta, oinarrizko mezu argi hori ematera behartuta ikusi du bere burua Gerediaga elkarteak aurten. Hemendik abendura arte egoera asko alda daitekeela jakinik, protokolo eta neurri zehatzik ez dute jakinarazi oraindik, baina azoka «egokitua» izango dela iragarri dute: bisitari kopuru kontrolatua, zuzeneko emanaldi eta aurkezpen gutxiago, eta aurtengo nobedadeei eskainitako denda digital bat. Moldatuta, beraz, baina egin, egingo dela. Abenduaren 5etik 8ra, zehazki, eta TaupaDA! leloarekin. «Seguru gaude jendeak erantzungo duela. Guztiok egokitu beharko dugu».

Egoera «zaila» dela onartu du Nerea Mujika elkarteko lehendakariak. «Ezjakintasuna da nagusi. Inork ez digu ziurtatzen abenduan oraingo egoerari eutsiko diogun, hobeto egongo garen, edo beste itxialdi batean egongo garen». Baina, ezinbestean, egoera horretan egin beharko da azoka aurten, eta, horregatik, «etengabeko» harremanean dabiltza azokaren parte diren gune, argitaletxe eta erakundeekin. Arantza Atutxa elkarteko kudeatzaileak esan duenez, haiekin «kontrastatuta» egin dituzte orain arteko urrats guztiak, eta hala egin nahi dituzte hemendik aurrerakoak ere.

Egun bat gutxiago

Hasteko, laburragoa izango da aurtengo azoka. Berez, bost eguneko programa zuten burutan aurtengorako, baina lau egunera murriztu dute egitaraua. Lehen eguna kendu dute. Baina hori ere ez erabat. Abenduaren 4an azoka fisikoki itxita egongo den arren, Gerediagak formatu digitalera egokituko du ikastetxeentzako izan ohi den lehen eguneko programa. «Pilaketak ekiditeko».

Hori da kezka nagusia, eta zuzeneko emanaldiei buruzkoa da galdera nagusia horregatik. «Denok gabiltza kezka horrekin», esan du Atutxak. Zalantzak dira nagusi oraingoz. «Zuzenekoak egitekotan, nola egin, zer edukierarekin, ohiko formatuan egitea komeni den edo bestelako fomatu bat bilatu beharko den...». Edonola ere, aurten, azoka bisitatu, lagunekin elkartu eta sortzaileen sinadurak jasotzeko aukera eskainiko duen azoka bat da antolatzaileek buruan dutena.

Guneak ere egokituta

Azokaren antolaketari ere eragingo diote egokitzapenek. Berez, zazpi gune izaten dira azoka antolatzen dutenak, baina haien eskaintza ere moldatu egin beharko dela aurreikusten du Gerediagak. Atutxa: «Guneak azokaren parte dira, eta egongo dira azokan; beste modu batera egongo dira, eta birtualera joango da programaren ehuneko handi bat. Azokan bertan egongo diren emanaldiak ikusi beharko dugu zelan antolatu. Baina protokoloak eta bestelakoak argitu arte, haiekin gabiltza elkarlanean».

Zenbait argitaletxek jadanik baieztatua dute beren presentzia azokan, baina aurreko aldietan baino salmahai gutxiago egongo direla aurreikusten dute antolatzaileek. Irailean zabalduko dute aurten ere eskariak aurkezteko epea, eta, esan dutenez, oso litekeena da izen emateak ere sasoi horretan dagoen egoeraren araberakoak izatea. «Orain hitz bi ditugu denok ahotan», esan du Mujikak, «moldatu eta egokitu, egokitu eta moldatu. Eta azokara datozenak eta antolatzen dugunok hitz berak erabiltzen baditugu, seinale ona dela dirudi».

Lelo «baikorra»

Azoka martxan izango den egunetan denda digital bat ere jarriko dute webgunean.2020ko nobedadeak bakarrik salduko dira webgune horretan, eta azokak irauten duen egunetan soilik egongo da erabilgarri.

Ziurgabetasun orokortuaren erdian, mezu «baikorra» eman nahi dute antolatzaileek aurtengo leloarekin. Horregatik hautatu dute TaupaDA! lelotzat. Esan dutenez, euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela adierazi nahi dutelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.