Ebakiak iraganari

Elena Asinsek 'Topaketa berankorrak' erakusketa jarri du Donostian, menhirraren figuraren inguruan sortutako mostraHiru instalazio, zortzina serigrafia eta marrazki eta lau bideo jasotzen ditu

Berrogei menhirrek zeharkatzen dute Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketa areto nagusira sartu, eta aurrez aurre pantaila txuri erraldoi bat aurkituko du bisitariak, etengabeko mugimenduan dauden figura geometrikoak erakusten dituen izara handi bat. Ezker aldera begiratu, eta menhirrek osatutako lerro luze bat ikusiko du. Menhir beltzak. Eskuinera jo, eta beste menhir lerro luze eta zuzen bat. Ispilu bat balitz bezala. Guztira, 40 dira.

Elena Asinsek (Madril, 1941) Donostiako kultura zentroarentzat propio eginiko erakusketak (Topaketa berankorrak) menhirrari begiratzen dio. Haren formari eta esanahiari. Baita denboran utzi duten arrastoari ere. Menhirra da protagonista osoa, eta erakusketan dauden guztiek dute ebaketa bat aurpegi batean. Artistaren hitzetan, «ebaketa hori balizko laukitze bati dagokio, zeinean hutsuneranzko irtengune bat gertatzen baita, gainazal baten lau zati eta haren gaineko gainazalaren erdi bat hartzen dituena».Erakusketa osatzen duten obra guztiak daude ideia horri lotuta. Diseinu berari jarraitzen diote. Nahiz eta forma edota euskarri ezberdinak erabili. «Garrantzitsuena ez da figura bera, baizik eta figura batek bestearekin duen harremana». Horregatik, menhirrak ez dira berdinak, ebaketa ezberdinak dituztelako. Bata bestearen ondoan jarrita osatzen delako obra osoa.

Menhirrek osatutako instalazioaz gain, beste bi ere bildu ditu Asinsek Donostian. Batean, Ludwig Wittgenstein filosofoak Paul Engelmann arkitektoarekin gurutzatu zituen gutunetan oinarrituriko bi bideo jarri ditu; Asinsen arabera, «daukagun bakarra oraina dela adierazten duten bi obra». Bata bestearen parean, baina aretoa guztiz ixten ez duen horma batek bereiziak. «Wittgensteinek asko eragin dit; niretzat anaia baten modukoa da. Filosofia amaitu du, desmitifikatu egin du. Eta oinarrizkora jo du». Wittgensteinek Engelmanni bidali zizkion gutunetan depresioaren eta ezkortasunaren zantzuak antzematen dira, eta hortik abiatu da artista orainari buruzko gogoeta egiteko. «Daukagun bakarra da oraina. Ez dakigu noiz hilko garen. Iragana igarota daukagu, eta etorkizunaz ez dakigu ezer, ezta iritsiko den ere».

Eta, hala ere, erakusketak iraganari begiratzen dio. Asinsek berak dioen bezala, erakusketak denboraz hitz egiten du, orainera eramandako iraganeko denboraz.

Hirugarren instalazioa da ikuslearen begietara harrigarriena edo bitxiena egingo dena. Menhirren forma geometriko bera duen zulo beltza osatu du artistak gela batean. Bertara sartzen denak ez du ezer ikusiko hasieran, eta hormaren arrastoari jarraiki egin behar du aurrera, isiltasunean, harik eta begiak iluntasunera ohitu eta gelaren erdian dagoen eskultura irudikatzera iristen den arte. «Sartzen denak esaten du hasieran beldur handia sentitzen duela, baina gero, aldiz, bake izugarria. Gorputzak bizi duen bizi esperientzia bat da. Zentzumenak ezeztatu egiten dira. Ezereza bizitzea da». Izan ere, ikusten ez dena, haztatzen ez dena, entzuten ez dena da Zulo beltza.

Hiru instalazio nagusiez gain, gela batean Asinsekin elkarlanean Nerea Zapirainek 1999an eginiko zortzi serigrafia jarri dituzte, horiek ere ebaketa bat duten forma geometriko beltzak, eta bestean zortzi marrazki. Era berean, erakusketa aretoko dokumentazio gelan menhirrari buruzko bideoak ikusteko aukera dago.

Ideia, euskarriaren gainetik

Asinsen lanean beti egon ohi da ideia hastapenean. Eta artistak berak nabarmentzen du hori: ez zaio inporta materiala edota euskarria. Garrantzitsuena ideia da. Eta artistak badaki horrek zaildu egiten duela ulermena: «Badakit arte munduan berria den norbaitentzat ulertzeko zaila izango dela. Baina, era berean, uste dut interesa duen edonorengana irits daitekeela sentiberatasunaren bidez. Pentsatzea eta hausnartzea da garrantzitsuena».

Erakusketak, baina, koherentzia handia duela uste du artistak. «Eta ideia baten gainean dago eraikia: menhirraren ebaketa». Menhirrekiko eta megalitoekiko interesa 70eko hamarkadan piztu zitzaion Asinsi, Hernanin (Gipuzkoa) bizi izan zen garaian. «Ezagutu egin nituen, zirraragarriak egin zitzaizkidan eta ordutik izan dut oroitzapen hori ondoan». Megalitoen atzean dagoenak erakartzen du artista, garai batean artea zertarako egin zen: «Ez zuten egin luxuzko artikulu gisa, baizik eta oroimenerako monumentu moduan. Marraztu egiten zuten, edota dolmen bat eraiki, hildakoak ehorzteko». Hori guztia galdu egin dela uste du Asinsek: «Merkatuak desegin egin du hori. Orduan tribuak egiten zuen artea, lantaldean. Gizarte lana zen, tribu osoak egiten zuena». Topaketa berankorrak erakusketa espiritu horrekin lotzen du artistak, «talde lanarekin» eginikoa baita. Gorka Aldak musika jarri dio erakusketari, eta Ana Salaberriak espazioa landu du. «Bakoitzak ekarpen bat egin dio lan osoari».

Erakusketaren osagarri, uztailaren amaieran Asinsen testuak eta obren irudiak jasotzen dituen katalogoa argitaratuko du KM kulturuneak. Katalogo horiAnjel Lertxundi eta Rafael Castellano idazleei, Teresa del Valle antropologoari, Manuel Borja Villel Madrilgo Reina Sofia museoko zuzendariari eta artistari berari egindako elkarrizketak biltzen dituen DVD batekin osatuko dute.

Erakusketa irailaren 21era arte egongo da irekita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.