Atzo izan zuen aurreneko eguna sarean Hitzen uberan-ek, aurrerantzean eskainiko dituen atalak ondo hornitua zituela dagoeneko. EIE Euskal Idazleen Elkarteak ekoitzitako webgunea da, eta sortzaileek berek -Alberdik eta Guillanek- kudeatuko dute aurrerantzean, kolaboratzaile sare zabal eta ireki baten laguntzaz. Kolaboratzaileen artean daude Antton Alberdi, diseinuaren egilea, eta Idoia Beratarbide, webguneko hondoetako irudien egilea.
Idazleak, editoreak, ilustratzaileak, sareko komunikazioetako adituak eta beste izan dituzte aholkulari proiektuari forma eman aurretik. «Aholkulariekin egindako bileretan, tiraderak zabaldu beharra aipatu zen behin eta berriz», ekarri du gogora Alberdik. «Literatura bizitzeko modu asko daude, eta webgune honetan kaxoi guztiak zabaltzea bilatzen dugu; eta kaxoi desberdinetan daudenak harremanetan jartzea, ahal den neurrian».
«Hiru ardatz nagusi izango ditu webguneak», Alberdik dioenez: «eduki sortzaileak eta albisteak; biltegia; eta ipar orratza. Eduki sortzaileak eta albisteak guk edo kofradiako kideek [webgunean erregistratutako erabiltzaileek] sareratutakoak izango dira, haiek ia-ia gure eskumen berberak izango baitituzte webgunean parte hartzeko. Biltegiari dagokionez, Gatzetan gordeak atalean Testuketan irratsaioko elkarrizketa eta kolaborazio guztien audioak jaso ditugu, eta orain egiten ditugun elkarrizketa eta erreportaje berriak ere hor gordetzen joango dira. Hirugarren ardatzean, ipar orratzarenean, beste hedabideetan literaturaren inguruan agertzen den guztiaren berri ematen saiatuko gara».
Astero elkarrizketa edo erreportaje sakon bat eskainiko du webguneak, literaturaren gaurkotasunarekin lotua. Ur Apalategiri Fikzioaren izterrak ipuin liburua oinarritzat hartuta egindako elkarrizketa eta Literatura Eskolaren zazpigarren ekitaldiari buruzko erreportajea aurkituko ditu, oraingoz, bisitariak.
'Testuketan'-eko irizpideak
EIEk ekoitzitako Testuketan literaturaren inguruko irratsaioan hiru urtez egin dute lan elkarrekin Alberdik eta Guillanek. Herri Irratiak ematen zuen saioa, baina Onda Vascak, Herri Irratia bereganatu eta gero, bere programaziotik at utzi zuen Testuketan. «Kontaktu sarea sortua genuen, lan dinamika bat, eta literaturari espazio bat eskaintzen jarraitzeko gogoa», azaldu du Guillanek. «Ikusi genuenean irratsaioak segur aski ez zuela jarraipenik izango, hasi ginen webgunearen ideia garatzen. EIEri aurkeztu genion eta interesa agertu zuen».
Testuketan-en zituzten irizpideei eutsiko diete webgunean:sormenari buruzko ikuspegi irekia, pieza txikiekiko interesa, elkarrizketa eta erreportaje sakonak, liburutik kanpoko literaturaren inguruko arreta... «Hori dena bazegoen Testuketan-en, baina oraingo hau askoz ere proiektu zabalagoa da», Guillanen ustez.
Atalak
Azala. Egunero aldatuko da. Ilustratzaile edo argazkilari batek egindako irudia izango du, idazle batek irudi horretan oinarritutako testu labur batekin lagunduta.Kaia. Ondorengo ataletako eduki berrienak erakutsiko ditu.
Aingura hegodunak. Askotariko sormen lanentzako leihoa: testuak, bideoak, marrazkiak, argazkiak, kantuak... Izan daitezke jendeak bidalitakoak edo era askotako emanaldietatik jasotakoak. Sail irekia da. Tarte honen barruan, Imanol Ubeda kantariak berak hautatutako poema bat musikatu eta grabatuko du hilero. Lehena, Itxaro Bordaren Bakarrik nabil da.
Periskopioa. Hitzen uberan-ek sortutako bideoak eta kanpotik «arrantzatutakoak».
Nabigazio-karta. Euskal Herriko irakurle klub, literatur ekitaldi, literatura eskola eta gisakoen mapa.
Gatzetan gordeak. Albiste, elkarrizketa eta erreportajeen biltegia. Hitzen uberan-ekoez gain, Testuketan irratsaioko elkarrizketa eta kolaborazio guztiak ere jasotzen ditu.
Kofradia. Erregistratutako erabiltzaileen zerrenda eta eztabaidagunea hartzen ditu bere baitan. Alberdik eta Guillanek nahiko lukete erabiltzaileek proposatzea eztabaidarako gaiak.
Amuak. Literaturarekin zerikusia duten gaiei buruzko pieza laburren atala. Atal honen barruan, hilero kantu bat hautatu eta haren hitzen egileari elkarrizketa egingo diote. Lehena Jose Luis Padron izango da, Gariren Esperantzara kondenatua kantuko hitzen egilea.
Sarea. Esteka nagusiak, Twitter, Facebook eta YouTube.