Idazle oparoa da Edorta Jimenez (Mundaka, Bizkaia, 1953); ugari eta askotarik idatzi du, hala nola narrazioak, eleberriak, poemak, kazetaritza lanak eta saiakerak. Orain hurrena Nikole Bijotzekua ondu zuen, Nikolasa Atxikallende Sabino Arana Goiriren emazte izandakoaren biografia. Ikerketa historikoa izanagatik ere, misteriozko eleberriaren teknikak baliatu zituen, eta hortik jo du argitara eman berri duen nobelan ere: Aizkorak eta gutunak du izenburua, eta eleberri historikoa, kronika judiziala eta thrillerra konbinatu ditu bertan.
1828an Bermeoko (Bizkaia) Almika auzoan girotu du Jimenezek bere nobela berriena. Agirretxu baserriko gizona, Juan Ormaetxea, desagertu egin da, eta susmopean hartu dituzte haren emazte Josepa eta alaba Maripepatxu. Ikerketa abiaturik, gorpua agertuko da, aizkorakadaz hila eta baserri aurrean lurperatuta. Ama-alabak atxilo hartuko dituzte, bai eta auzipetu ere. Azkenean, errudun jo, eta garrotean hilko dute ama, exekuzio publikoan, Bilbon.
«Gaztelania barrokoan idatzita dago prozedura judiziala. Dena euskaratu nuen, hori bera bazelako nobela bat bere horretan. Historia honek gaixorik eduki nau, guztiz jota»
EDORTA JIMENEZ Idazlea
«Artefaktu literario bat» omen da Jimenezen lan berria. Baina ezin uka gertaera historikoak berak, eta batik bat prozedura penalak, duten alderdi «nobeleskoa». Prozedura hori, hain zuzen, egunez egun jarraitu du Jimenezek, hura bere horretan irakurtzea, eskuetan eleberri bat izatea bezalatsu izan zitekeelakoan: «Gaztelania barrokoan idatzita dago dena. 300 orrialde ditu, eta denak transkribatu eta euskaratu nituen, hori bera bazelako nobela bat bere horretan. Historia honek gaixorik eduki nau, guztiz jota».
Emakumea eta euskaldun elebakarra
Gertaeren muinean faktore erabakigarritzat jo du exekutatua «emakumea eta euskaldun hutsa» izatea, eta inkisizioaren garaiko sorgin ehizarekin alderatu du prozesua: «Giro horretara joan naiz». Eta, horretarako, «zarata den guztia» ezabatu, eta isiltasunera jo omen du: «Behorrak eta txoriak entzuten dira, jendearen ahotsak eta ziztuak, baina soinu bandarik ez. Horiek gezurra dira, halakorik ez dago munduan». Gero, garai hartako aguazil, epaile eta gainontzeko pertsonaien baitan sartu da, eta langintza berezi bat aipatu du, alfabetatu gabea zen jendearen lagungarri: «Harrituko zarete, zenbat gutun-idazle profesional ageri den inguruan». Bere adibidea ere eman du: «Nik osaba Antoniori idazten nizkion gutunak. Hark bazekien irakurtzen, baina idazten ez, eta zerbait bete behar izaten zuen bakoitzean, laguntza eman behar izaten zitzaion».
Gutunak, hain zuzen, alaba Maripepatxurekin lotu ditu egileak: «Irakurleak ezin lezake imajinatu ere egin zer asmatu zuen alabak idatzietan, aitaren heriotza dela eta». Alabaina, ez du besterik aurreratu nahi izan.
«Irakurleak ezin lezake imajinatu ere egin zer asmatu zuen alabak idatzietan, aitaren heriotza dela eta»EDORTA JIMENEZ Idazlea
Garrotean hiltzea
Prozesu judiziala kontatzeko dokumentazio ugari izan du eskura Jimenezek, Bizkaiko Foru Aldundiaren agiritegian baitago jasota prozedura osoa. Josepa garrotean hil zuteneko momentua eta nondik norakoak azaltzeko, ordea, asmamenera jo behar izan du, informazio faltaz. Alabaina, garai hartaz «asko eta asko» ikasi duela berretsi du: «Ikasi dut estatuaren existentzia bazela, baina herri xehea ez zela haren parte sentitzen, Galizian orain arte bezala».
Grinaz eta pasioz
Nikole Bijotzekoa pasioz idatzi bazuen —«Nikolasa Atxikallenderi egin zizkioten bidegabekeriengatik negar egiten nuen»— are grinatsuago aritu da oraingoan. Gogoeta bat dago grina horren atzean: «Emakumeek gizona hiltzeko eskubidea daukate. Itxarotea alferrik da, bakoitzak erabaki behar du, orduan eta orain. Oso okertuta gabiltza, horregatik dator eskuin indarra aurrera». Aizkora ere hartu du hizpide: «Zein izan da Euskal Herrian inori heriotza emateko tresna mende askoan? Aizkora. Etxe guztietan zegoen. Ez baduzue, erosi bana».
«Literaturan eta zineman, gehienak ez du deus balio, ez baitute kakaz hitz egiten. Hirigintza eta klase borroka interesatzen zaizkit; hirigintzan zelan atontzen diren klaseak»
EDORTA JIMENEZ Idazlea
Aizkorakadaz hil zuen senarra eleberriko protagonistak, baina hari ez zioten txintik barkatu. Eta horrek ere zer pentsa eman dio Jimenezi. Emakumeentzako kartzelak zer izan ziren, eta zer-nolako zigorrak ezartzen zizkieten ikertzen aritu da eleberriari helduz geroztik, bai eta garai hartako prostituzioaz, Bilboko Zazpikaleetako tabernez edota abortuaz ere: «Ia bi mila orrialdeko tesi bat irakurri dut hiru bider».
Eleberrian gertaera jakin bat hartu du mundu horren adierazle. Lehen orrian berean aipatzen da, Jimenezen hitzetan: «Noiz hasi ziren etxe barruan kaka egiten?». Hain zuzen ere, hortik hasten da Jimenezen eleberria: «Apaiza kaka egin berria da, eta idazten hasteko prest dago». Aho bilorik gabe eman du horren inguruko iritzia: «Literaturan eta zineman, gehienak ez du deus balio, ez baitute kakaz hitz egiten. Hirigintza eta klase borroka interesatzen zaizkit; hirigintzan zelan atontzen diren klaseak».
Idazkerari dagokionez, esan du euskara molde bat eta bera erabili duela: «Nirea, ez beste inorena».