«Egia bat» kontatzeko helburua du 'Lasa eta Zabala kasuari' buruzko filmak

Joanes Urkixok idatzi du gidoia, eta 2014ko hasieran ekingo diote filmaketari, Pablo Malo dela zuzendari

gorka erostarbe leunda
2013ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Aspalditxoan zerabilen ideia buruan. Lasa eta Zabalaren kasua film bilakatzekoa; zinemara eramatekoa, alegia. «Abagune egokia noiz etorriko zain» zegoen. Iazko urtearen amaiera aldera iruditu zitzaion Joanes Urkixo idazle eta gidoigileari (Bilbo, 1955)«egoera soziopolitikoa baikorra eta egokia» zela horrelako gai bati ekiteko. Eta ekin zion. Aurrez dokumentazio pixka bat bildua zuen, eta adinagatik ere zenbait gertaera ezagutua zen zuzenean. «Baina gehiago dokumentatzen hasi, eta eta ikusi nuen oso material egokia zela gidoia idatzi eta filma egiteko».

«Zortzi bat orrialdeko» aurreproiektua prestatu, eta, lehenengo, Jose Portela Abra ekoiztetxeko zuzendari eta adiskidearekin jarri zen harremanetan, eta segidan ETBra joan ziren. Zuzendariaren aukeraketa ere berehalakoan etorri zen: «ETBri aurreproiektua aurkeztu, eta pentsatu genuen komeni zela hasieratik zuzendari bat izendatzea eta proiektuan hasieratik sartzea. Pablo Malorengan pentsatu genuen azkar batean. Gu bion ustez, oso zuzendari ona da, eta horretarako egokia ikusten genuen».

Filmak Lasa eta Zabala hasierako izenburua du, eta 90-100 minutu artean iraungo du. Gaur egun, aktoreak aukeratzen ari da Malo zuzendari donostiarra. Urtearen amaierarako aukeratuak izan beharko ditu. 2014ko hasierarako dago aurreikusia filmatzen hastea, eta urte horretako Donostiako Zinemaldiko sailetako batean lehiatu nahiko luke. Abra ekoiztetxearen, EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana izango da. Gainera, egitasmoaren sustatzaileek Herrialde Katalanetako ekoiztetxeren baten laguntza lortu nahian dabiltza.

Oraingoz, bi bertsio idatzi dituzte. Lehenengoa idazteko, Urkixoren oinarrizko iturriak Lasa eta Zabala kasuko sumarioa eta orduko hedabideak izan ziren. Bigarrena idazteko, informazio gehiago eskuratu zuten. Pili Zabalak eta Axun Lasak, Joxi Zabala eta Joxean Lasaren arrebek, informazio zehatzagoa eman zieten. Oraindik beste bertsio bat «gutxienez» eta «azken zuzenketak» egiteko astia izango dutela uste du egitasmoaren sortzaileak.

Bi plano denboran

Filmak milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du gutxi gorabehera, eta Joxean Lasa eta Joxi Zabala GALek bahitutako gazte tolosarren istorioa kontatuko du. GALek 1983an bahitu zituen Lasa eta Zabala, eta torturatuta hil zituzten. Bien gorpuzkiak Alacanten azaldu ziren (Herrialde Katalanak), 1995ean. Filmak bi kokapen geografiko nagusi izango ditu, hain zuzen ere. Euskal Herrian gertatuko da zatirik handiena, Baionan eta Tolosan. «Alacanteko partea laburragoa izango da, baina azalduko da», zehaztu du Urkixok. Filma «euskaraz da», baina pertsonaia bakoitzak «bere hizkuntza naturalean hitz egingo du».

Denborari dagokionez ere bi plano izango dira, nahiz eta kontaketaren planteamendua «nahiko kronologikoa» izango den. Hari nagusiaz gain, flashback-ak erabiliko dira. «Bi prozesu kontatzen ditugu. Bata sumarioarena eta bestea epaiketarena berarena. Batzuetan zuzenean, une errealean kontatuko dira gauzak, eta bestetan flashback-en bidez. Zinema denez, eta narratiboki airosoagoa izan dadin, gauzak ikustea da nahi duguna, eta, horregatik, zenbaitetan flashback batzuk agertuko dira, epaiak berak egiazkotzat jo zituen zenbait gauzatan, eta ustez egiazkoak diren beste batzuetan ere bai».

Filmaketa prestatzeko lanen erdian daude gaur egun Urkixo eta Pablo Malo zuzendaria, idatzia duten gidoia zinema hizkuntzara egokitzea da geratzen zaien lana, zinemarako egokiagoa den narratiba lantzea. Ikuspuntua aukeratzea, alegia. «Hasierako bertsioan ekintzei, gertatu ziren gauzei erreparatu genien, batez ere. Zer kontatu nahi dugun erabakita, orain noren begietatik kontatuko dugun lantzen ari gara». Eta begi horiek familiako abokatuarenak izango dira. Pertsonaia hori sortzeko, datu errealez gain, fikziorako lizentziarik hartuko dute, gainera.

Filmaren egitasmoa «xumea» da, Urkixoren hitzetan. «Egia bat kontatzea besterik ez. Gure garau txikia jartzen badugu elkar ulertzeko bidean, pozik egongo gara, baina ez dakit hainbesteko asmoa daukagun. Egiak kontatzeko aukerak badaude garaiotan, eta aukera horiek baliatu nahi ditugu. Asko kontatzen ari da alde bateko egiari buruz, eta hori ondo dago, baina beste aldeko apur txikia ere kontatu beharrekoa dela pentsatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.