Jaio orduko, Txerrenek bahitu egin zuen neskatila; idazle arima eman, baina maitatzeko ahala kendu zion, baita maitasunaz idaztekoa ere. Ezohiko abiapuntua du Katona nobelak; hain zuzen ere, ohikoak ez zituen bideak ibili nahi izan dituelako oraingoan Antxiñe Mendizabal idazleak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968). Naturaz gaindiko gizakiz betetako mundu oniriko bat sortu du, izenik ez duen neskatila baten bilakaera kontatzeko. Eta, aitortu duenez, haurtzaroko begirada berreskuratzea ezinbestekoa izan zaio horretarako. «Ahots hori deskubritu nuenean, bihotza bete egin zitzaidan».
Idazlea eta editorea da Mendizabal, eta lantoki duen argitaletxearekin, Elkarrekin alegia, plazaratu ditu orain arteko liburu gehienak, hala haur eta gazte literaturakoak nola Odolekoak (2020) bere lehen eleberria. Baina beste aterpe bat bilatu du Katona-rentzat, eta Consonnirekin eman du argitara, argitaletxe horrek euskaraz idatzitako nobelak biltzeko abiatu berri duen sailean. «Batzuetan, astroak elkartu egiten dira, eta nik beste argitaletxe baten beharra neukan momentuan, Consonnik ildo berri hori zabaldu zuen. Esperientzia ezberdina izan da; nire konfort eremutik atera naiz, editorea naizen neurrian etxeko prozesuak gertutik ezagutzen baititut, baina oraingoan, nahiz eta harremana oso gertukoa izan den, beste toki batean egon behar izan dut, eta hori ere ona izan da».
Odolekoak aurreko nobela «kostunbrista» gisa deskribatu zuen Maria Mur Consonniko editoreak, eta Katona, berriz, oso bestelakoa dela ohartarazi: «Antxiñek fantasia erabiltzen du egia kontatzeko eta bere arima biluzteko». Hori zenuen helburua, zure arima biluztea?
Helburu hitza baztertu egingo nuke, zeren ni beti helbururik gabe abiatzen naiz idaztera, eta kasu honetan ez nuen bat ere. Gero irakurketak egiten dituzu, eta orain argi ikusten dut Odolekoak-ek narrazioak egiteko modu bati erantzuten ziola, informazioan oinarritutako idazkera errealista bati —eta alderdi hori ere badaukat—. Hura bukatzean eta helbururik gabe idazten jarri nintzenean, jabetu nintzen begi bistan neukana modu horretan kontatzeak ez zidala ezer esaten, aspertu egiten ninduela. Beraz, lehen ideia ez zen izan arima biluztea edo helburu bat betetzea; lehena forma izan zen, eta argumentua, berriz, azkena. Eta formara ere nahi gabe iritsi nintzen, beste idazkera horrek ez ninduelako betetzen. Ariketa estilistikoak egiten hasi nintzen, eta liburuaren amaiera aldean dagoen atal bat idatzi nuen lehena, hain justu idazketa prozesuaz ari dena. Noski, hor ez zegoen nobela bat, baina orduan deskubritu nuen gauzak esateko beste modu bat bazegoela. Eta niretzat hori izan da proiektu honetako aurkikuntzarik politena: nik ahots hori badudala konturatzea.
Eta gero, nik egiten dakidana egin dut: barrura begiratu. Eta fikzio bat asmatu nahian barrura begiratzean, ikusi nuen izenik ez duen neskato honen kontua oso nirea dela. Ni izen batekin joan nintzen eskolara, Maria Antigua, eta Antxiñe jartzen zuen paper batekin itzuli nintzen etxera. Eta pentsatzen jarri nintzen horrek zer eragin izan zezakeen haur batengan. Niri, izen hori esan, eta ume hura etortzen zait. Narrazio hau ume horren begietatik dago egina; haurtzaroko begirada berreskuratu dut, eta begirada horretan zer dago? Dei ezazu magia, fantasia, inozentzia, ameskeria... Orduan jabetu nintzen hori zela begirada. Errealitatea eta fantasia ezberdintzen ez dituen ikuspuntu bat da, eta ume izatearen magia hori aurkitzea eta hortik idaztea gozamena izan da.
Ahots horren bila ari zinen?
Bila baino gehiago... Deskubritu nuenean, bihotza bete egin zitzaidan. Sinbiosi bat gertatzen da sortzearen eta sinistearen artean, eta pentsatu nuen leku horretatik idatzi nahi nuela, ez nuela itzuli nahi Odolekoak-en garraztasunera. Begirada horretatik, eleberri bat ez baizik eta ipuin bat izan behar zuela ikusi nuen. Eta «bazen behin» esaldia diapasoi bat bezalakoa izan da: ez nengoenean ziur egiten ari nintzenaz, «bazen behin» esan, eta leku horretara eramaten ninduen.
«Behin bazen...» esaldiarekin hasten da kontakizuna, baina ipuin kutsua ematea ez zen izan, beraz, hasieratik zenuen ideia bat.
Ez, hori da. Haur baten ahotsa hartu nuenean, ez zitzaidan eleberri errealista bat ateratzen. Ipuin bat egitean, denbora eta espazio koordenatuak desagertu egiten dira, eta hor ez daukazu mugarik.
«Deskubritu nuen gauzak esateko beste modu bat bazegoela. Eta niretzat hori izan da proiektu honetako aurkikuntzarik politena: nik ahots hori badudala konturatzea»
Aurkezpenean esan zenuen nobela hau zeure buruari idatzitako ipuin bat zela. Zer-nolako ipuina kontatu nahi zenion zeure buruari?
Hasteko, ipuin polit bat, zeinetan maitasuna jarri nahi izan dudan istorioaren erdigunean. Eta sinesten dudanez sortzen dugun hori guztia bizi dugula, pentsatu nuen hau ez zela autofikzio bat, baizik eta neure buruari egingo nion ipuin bat. Asmo bat dago, intentzionalitate bat. Psikologo bati entzun nion gure memoriak hamar oroitzapenetik positibo bakarra aukeratzen duela, eta horixe aukeratu nuen, argitasun hori, inozentzia hori; hau da nire ipuina, hau da gogoan edukitzea komeni zaidana.
Ipuingintza tradizionalari ere begiratu diozu. Horrek ere eragin al du estilo aldaketan?
Bai, ipuin tradizionala beti gustatu izan zait. Azken urteotan gehiago jo izan dut beste literatura batzuetara, eta, bat-batean, pentsatu nuen nirera jo behar nuela. Ozeano bat da, hainbeste dago hor ikasteko. Hor izan ditut Anuntxi Aranaren lanak, Dorleta Kortazar ipuin kontalariaren jakintza... Ipuinetan egia handiak aurkitu ditut, erantzunak, emozioak... Ipuin tradizionalei egurra ematen zaie zuzentasun politikoaren izenean, baina hortik harago joan behar da, geruza mordo bat baitute, eta geruzak kentzen hastean jabetzen baitzara gezur mordo bat jarri duela hor baten batek. Niri, gizarte global edo kasik kolonial honetan, ezinbestekoa iruditzen zait jakintza hori berreskuratzea; esan ohi den moduan, jakin behar da tradiziotik zer hartu eta zer utzi, baina ezagutu egin behar da.
«Ipuin tradizionalei egurra ematen zaie zuzentasun politikoaren izenean, baina hortik harago joan behar da, geruza mordo bat baitute»
Errealitatea eta fantasia uztartzen dira narrazio osoan, eta egia kontatzeko aukerei buruzko hausnarketa bat ere ageri da. Protagonistari kazetaritzaren hizkuntzak ez dio balio egia kontatzeko; zuk ere fantasiaren bidetik jo duzu egia batzuk azaltzeko.
Nik uste dut egia ikusezina dela askotan; hitz lauz esango genuke adierazezina dela, eta horregatik daude mitoak, sinboloak, ipuinak. Nik horra iritsi nahi nuen, begi bistakoak ez diren gauza horiek kontatzera. Eta kazetaritzatik gertuko idazkerak errealitatea deskribatzeko bai, baina beste egia horietara iristeko ez zitzaidan baliagarria, motz geratzen zitzaidan.
Badago niretzat liburu honetan gakoa izan den kontzeptu bat: adurra. Ez nuen ezagutzen, baina garai bateko jendearentzat izaki bizidun guztiak lotzen zituen gaia zen; orain holistiko esaten zaion horri garai batean adurra esaten zitzaion. Nobelako neskatilak momentu batean adurra galtzen du, eta berak badaki adurra behar duela maitasun istorio bat idazteko. Kontzeptu horrek asko ekarri dit, zeren idazleak ere adur hori behar izan du naturaz gaindiko kontu horietan sartzeko, arakatzeko, deskribatzeko, eta sinesteko. Anuntxi Aranak esaten zuen ipuinak sinetsita kontatu behar direla, bestela ez dutela batere eraginik. Eta proiektu honetan egon naizen bitartean, ni eta protagonista adur horren bila aritu gara. Hitz askok iruditeria bat ireki didate, bizitzaren beste ikuspegi bat.
Ahozkotasuna, kantu eta elezaharrak, garai bateko ohiturak, herri jakintza... sarri agertzen dira. Zer balio dute zuretzat? Izan duzu galtzen ari den mundu bat idatzita uzteko nahirik?
Consonnik argitaratutako Latinoamerikako hainbat idazle ere ari dira beren kultura galbidean ikustearen ikuspegitik idazten. Nik beti pentsatu izan dut jakintza horrek, balio horiek eta ikuspegi horrek lagundu digutela euskaldunoi honaino iristen, eta aurrera jarraitzeko komeniko litzatekeela hori errebisatzea. Ez dut ukatzen orain beste baliabide eta ideologia batzuk daudela, beste gizarte batean gaudela, baina bueno, hortik akaso asko dago ikasteko eta berreskuratzeko. Eta bestetik, esan beharrik ez dago, baina hizkuntzek, komunikatzeko balio izateaz gain, mundu bat eraikitzen dute. Euskaldunok komunitatea egin beharrean gaude oraindik, beste uholdeek eraman ez gaitzaten. Eta uste dut ikuspegi hori ere gogorarazi behar dela, hizkuntzan sekulako ondarea dagoela. Beraz, hizkuntzarekin ariketa hori egin nahi izan dut nik.
«Nik beti pentsatu izan dut jakintza horrek, balio horiek eta ikuspegi horrek lagundu digutela euskaldunoi honaino iristen, eta aurrera jarraitzeko komeniko litzatekeela hori errebisatzea»
Arakatze lan handia egin behar izan duzu horiek guztiak nobelara ekartzeko?
Asko gustatzen zaidalako izango da agian, baina ez dut sentitzen hainbeste arakatu behar izan dudanik. Kantuekin, adibidez, nahikoa izan da nire oroimena pixka bat astintzea eta eskolako kanturen bat gogoratzea, horrek ni beste norabait eramateko. Dokumentazio lana egitea baino gehiago, ezagunak egiten zitzaizkidan baina ondo ezagutzen ez nituen gauza askori begiratzea izan da: nola ote zen entzuna nuen esaera hura, erdizka gogoratzen nuen ipuin hura... Asko jo nuen txikitako eskola liburuetara ere. Eta, bat-batean, mundu bat ireki zen, bata bestearen atzetik etortzen ziren oroitzapenak. Eta gero, asmo batekin zabiltzanean, dena agertzen zaizu parera. Azkenean, dena zegoen biografia horretara lotuta. Gogoratze ariketa bat izan da, baina beste nonbaitetik, beste ikuspegi batetik.
Odolekoak nobela oso bestelakoa bazen ere, hartan ere pisu handia zuen maitasunak —edo maitasunik ezak—. Hemen maitasun istorio bat idazteko erronka du protagonistak, baina ez zaio batere erraza egiten. Aurreko nobelatik hona, zer gogoeta piztu dizkizu zuri gai horrek?
Nik uste dut maitasunaren gaia konstante bat dela nire bizitzan; maitasunik eza, maitasun nahia... oso zentralak direla konturatzen naiz. Nobela hura maitasun begirada batekin bukatu zen, eta garbi nuen ez nuela bueltatu nahi maitasunik ezera. Protagonistak bi elbarritasun ditu: maitasuna bizitzekoa eta maitasunaz idaztekoa; biez elbarri geratzen da deabruak zigortzen duenean. Eta hor badago gogoeta bat: maitasunaz idatzi daiteke? Beti pentsatu izan dut maitasunaz idaztea, maitasuna bera hitzetara eramatea, oso gauza zaila dela.
Idazletzari buruzko gogoetek ere liburu osoa zeharkatzen dute. «Ez naiz ni idazten ari dena, habitatzen nauen norbait baizik», dio pasarte batean protagonistak. Hala gertatzen zaizu zuri ere?
Bai, bai.
Eta liburu honetan bereziki?
Liburu honetan bereziki, bai. Nire kasuan, sentitzen dut sormen lanak inkontzientetik datozkidala. Gero, bizitza arruntean, kontzientziara itzuli behar duzu, baina nik beste alderdi horrekin konektatu behar dut idazteko. Eta alderdi horrekin konektatzean, kasik ematen du diktaketan idazten ari zarela; informazioa hor dago, eta egoera horretan jartzen zarenean, erne egon behar duzu, horixe bakarrik.
«Nire kasuan, sentitzen dut sormen lanak inkontzientetik datozkidala; beste alderdi horrekin konektatu behar dut idazteko»
Egoera horretan sartzea da gakoa?
Niretzat bai, gakoa da hor egotea, eta, nahiz eta batzuetan etorri ez, konfiantza izatea, ikustea hor zaudenean gertatzen direla gauzak. Nik hortik sortzen dut, eta bereziki proiektu honetan hor egon naiz. Ez dakit lan hau egin eta gero hara itzuliko naizen, baina badakit leku hori existitzen dela, eta noizbait hara bueltatu naitekeela jakitea bidaia on baten moduko zerbait da. Ez zait iruditzen ihesleku bat denik, baizik eta munduan egoteko beste leku bat.
Denbora asko eman dut lan honetan. Beti ez zara idazten ari, baina hor zaude. Eta oso sentsazio polita da hor zaudela jakitea; pazientzia eta konfiantza behar dira, hasiko direla gauzak etortzen. Orain, egoera horretan egotearen falta sumatzen dut, baina beharrik ere ez daukat idazteko, eta nik behintzat ezin dut hori bortxatu. Niretzat idaztea, gaur egun, gozatzeko da, jolasteko. Eta gero, beti daukat zerbait diferentea egiteko bulkada bat. Lan hau bukatu nuenean, pentsatu nuen hortik banuela bide bat egiteko, baina denborarekin konturatu naiz ez dakidala begirada hori berriro izango dudan; badakit hor dagoela, baina oso modu naturalean iritsi naiz horra, eta uste dut ez naizela iritsiko ikuspuntu hori berreskuratzera. Niretzat politena da aldiro ikuspuntu diferente bat topatzea.