Istorio batek egia bat gorde behar du beti», zioen Lander Garrok pasa den igandean, eta horretan bat dator Mario Vargas Llosarekin, aldarrikatzen zuelarik «baiki, nobelek gezurra diote —ezin dute besterik egin—, baina hori istorioaren zati bat besterik ez da. Bestea da, gezurra esanez, egia bitxi bat adierazten dutela, gordea baizik ezin dena adierazi, ez denaz mozorrotua» (La verdad de las mentiras, 1990). Alegia, istorio batek egia bat gorde behar du beti.
Literaturari ekin diogun gehienok erabili dugu inoiz «fikzioa egia esateko modu bat dela» edo antzeko adierazpideren bat —baita nik neuk ere, zer esanik ez—. Gezurra, fikzio formapean, zerbait zatarra balitz legez, eta gure zeregina duintzeko egiaren zehar-aipu edo aldarrikapen iruzurti samar hori gehitu beharko bagenu bezala. Gezurrak, azken finean, fama txarra du aspaldidanik, norbaiti bekatu nagusietako bat zela bururatu zitzaionetik gutxienez. Eta ez dirudi arrakasta handirik izan dutenik fikzioaren natura iruzurgile intrinsekoa goratzeko ahalegin ezberdinek —Oscar Wilde Gezurraren gainbehera saiakera laburrarekin aurrera eramaten saiatu zena bezala, 1889an, edo, gugandik hurbilago, Ignacio Mendiola, Elogio de la mentira interesgarriarekin (2006)–.
Izan ere, gezurra, egun, Wilderen garaian baino dekadentzia sakonagoan dagoela esango nuke. Egiamania, ezbairik gabe, kulturaren alor askotara zabaldu da, baina literaturan gutxienez bi manifestazio kezkagarri lituzke. Bata poeta batzuen tema litzateke, aldarrikatzen dutenean poesia ez dela literatura, egia —barkatu, Egia— baizik. Honetaz hitz egitea luze joko lukeenez, beste egun baterako utziko dut kontua: soilik seinalatu joera horrek sustrai sakonak dituela, baina azken aldi honetan kementsu berpiztu dela, edo dutela; gure artean, nabarmenen, beren buruak «pentsamenduaren poesiaren» praktikatzaile gisa autoizendaturikoek —espresio bat, bide batez esanda, niri Orwellen «pentsamenduaren polizia» hura ekartzen didana gogora, inolako justifikaziorik gabe, badakit—.
Egiamaniaren garapenaren eta fikzioaren beheraldiaren beste manifestazioa konfesionalismoaren edo aitorzalekeriaren hazkundea izango litzateke, idazle gero eta gehiagok harrapatzen duen gaitza, eta fikzioaren eremuan bertan infiltratu dena, autofikzioa bezalako hibrido batzuetan munstrotsuak erdituz; munstrotsuak, diot, askotan trikimailu hutsak direlako hala «itun nobeleskoari» —hots, fikziozkoari— nola «itun autobiografikoari» modu arbitrarioenean iskin egiteko —idazlearen premia mainatsuen arabera—. Aitorzalekeriaren aurrean, edonola ere, J. D. Salingerrek adierazitako hura gogora ekartzea bezalakorik ez dago: «Sekula ez da idatzi aitorpen paragrafo bat harrotasuna albo batera utzi duen idazlearen harrotasunaren kirats pittin bat ez duenik. Aitortzen duenarengan beti ere entzuten saiatu behar dena, ordea, aitortzen ez duena da. (…) Bat-batean gizon bat Gai Senti daiteke aitortzeko iruzurra egin zuela unibertsitateko azterketetan, eta are errebelatzeko hogeita bi eta hogeita lau urteren bitartean sexualki inpotentea izan zela, baina aitorpen ausart horiek ez dute bermatzen jakitera iritsiko garenik ea bere hamster kutunenarekin inoiz haserretu eta burua zanpatu ote zion». Hori guztia, jakina, ipuin batean idazten zuen Salingerrek, behar den bezala alegia.
Inpresioa daukat egiaz gehiegi arduratzeak kalte egin diezaiokeela, maiz, fikziozko lan bati. Agian Egiaren inguruan bueltak emateari —eta horretan denbora xahutzeari— utzi beharko genioke idazleok: gure zeregin nagusia —ezen ez bakarra—, gure moralaren iparra —baina ez puntu kardinal bakarra— gezurretan ondo aritzea izan beharko litzateke. Eta egiaren kontua utzi, azken batean, horretaz benetan kezkatzeko zeregina luketenei: irakurleei, alegia.
Literatura. Hirudia
Egiamaniaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu