1992an Zure begiek abestiarekin halako sona lortu eta gaurdainoko ibilbidean, hamalau disko ondu eta ezin konta ahala kontzertu eman ditu Mikel Markezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1971). Oraingoan lan kontzeptual bat plazaratu du, bertsolariak makulu dituela: Gezurrari zor. Jon Maiak, Ane Labakak, Beñat Gaztelumendik, Oihana Aranak, Odei Barrosok, Xabier Amurizak, Alaia Martinek, Jon Sarasuak eta Andoni Egañak egindako bertso sorta banarekin, bederatzi abesti sortu ditu. Zeharbideetatik abiatu, eta egiaren orbitan dabiltza denak.
Erdizka arlekin erdizka Pinotxo gisa ageri zara zure disko berrienaren azalean. Zer zor dio Mikel Markezek gezurrari?
Helduleku bat baino ez da; aitzakia bat, nahi genuenari buruz hitz egin ahal izateko. Kasu honetan, ironia da hitz kapitala. Egiaren eta gezurraren arteko muga horretan joko handia ematen du ironiak.
Gezurra agerian jartzea da egia esateko modurik onena?
Bai, horixe zen asmoa: gai bat hartu, eta gezurra esanez buelta bat eman egiari.
Bederatzi abesti ondu dituzu, eta horien guztien doinuak zureak dira. Abesti bakoitzeko hitzek, berriz, bertsolari bana dute egile. Zuk aukeratu dituzu bertsolariak, ala haiek aukeratu zaituzte zu?
Nik neuk aukeratu ditut. Halakoxe gai zerrenda bat atera nuen, eta ondoren gai horiek landuko zituzten bertsolariak bilatu nituen. Baina hori baino lehen Alaia Martinengana jo nuen, ikuspuntu orokorraz hitz egiteko, besteak beste. Eta horixe zen apustua: alde batetik, gai desberdinak, eta bestetik, bertsolari desberdinak eta metrika desberdinak; eta haiei bertso sorta berriak eginarazi, nik doinu berriak egin ahal izateko.
Beraz, gaia emanda aritu dira bertsolariak. Espero zenuen ikuspegitik heldu al diote proposatutako gaiari?
Batzuetan, nik buruan bide bat izan, eta beste bide batetik etorri da bertso sorta, eta hori ere polita da. Izan da sorpresarik, baina sortze prozesu guztietan izaten da.
Bertsolari ugarirekin aritu eta sorpresak hartuta ere, oso konpaktua dirudi diskoak. Gustura gelditu zara?
Azkenaldian egindako disko guztien artean gusturen naukana da hauxe. Zenbait kanturekin asmatu dugula iruditzen zait, bai haien hitzekin, bai eta, nire xumean, doinuekin ere. Biribila gelditu bada, kontzeptuagatik da; metaforen eta gezur-egien jokoak egiten du diskoa konpaktu, nahiz eta oso desberdinak izan tonuak eta bertsoak egiteko moduak ere.
Oihana Aranak gaurko gazteen kezkak nola planteatzen dituen eta Andoni Egañak artiston bizitzari egiten dion errepaso krudelak ez dute elkarrekin ikusteko handirik. Tonuak asko aldatzen dira batetik bestera, baina ikuspegi orokor bat izateak homogeneotasuna ematen dio diskoari.
«Tonuak asko aldatzen dira batetik bestera, baina ikuspegi orokor bat izateak homogeneotasuna ematen dio diskoari»
Bertsolariei beren gaia proposatzerakoan oso kontuan izan duzu bakoitzaren testuingurua: Beñat Gaztelumendi Donostiaz ari da, Ane Labaka aitatasunaz, Oihana Arana gazteen kezkez, Jon Maia lurraldetasunaz....
Gai bakoitzari ahalik eta zuku hoberena ateratzea izan da helburua, eta alde horretatik egin dut bertsolarien aukeraketa.
Andoniri [Egaña] sortzaileei buruzko Sormin sorta eskatu nionean, garbi zegoen hura zela egokiena, irakurri dizkiogulako hausnarketa horiek, esaterako BERRIAn, eta pentsatu izan dugulako arrazoi osoa duela. Beraz, ekar dezagun kanta batera bere egia hori, gizartearen gezur hori. Horixe da pentsatu genuena.
Baina bertsoa gauza bat da, eta kantua besterik da, eta tarte horretan zu zaude bete-betean. Zein da zure ekarria?
Bertsolariek gerora erabili ahal izango dituzten doinuak egiten saiatu naiz. Beste momentu batzuetan erritmo arraroagoak egiten ditugu harmonikoki, baina oraingoan egitura errazak bilatu ditut. Metrika jakin batean errepikak eginez gero, bide errazagoa uzten zaio bertsolariari kanta dezan. Bertsolariak badu berez nahikoa lan kontzentratzen, bota nahi duen ideiari errimak josten eta abar. Doinu zail batekin konplikatzen baduzu, horrek ez du funtzionatzen.
Bestalde, doinuak prosodiko izatea ere interesgarria da. Horretan, Xabier Lete izan da errege. Prosodiak definizio asko ditu, baina bat izan daiteke kantatu ahal izatea hitz egiten dugun bezala, eta nik horren alde egin dut. Egitura konplikatuetatik urruntzeko eta prosodiaren alde egiteko, limarekin aritu naiz.
«Egitura konplikatuetatik urruntzeko eta prosodiaren alde egiteko, limarekin aritu naiz»
Zein izan da prozesua? Lehenik doinua sortu eta ondoren bertsolariei hitzak asmatzeko eskatu?
Kasuren batean bai. Gehienetan, egitura hitzartu, koplak adibidez, eta hortik abiatzen ginen, ni alde batetik eta bertsolaria beste alde batetik. Baina, gero, bertsoak heltzen dira, eta, tonuagatik edo musikaltasunagatik, moldaketa eskatzen dute. Batzuk lehorragoak izan baitaitezke, edo sakonagoak, arinagoak... Eta hor egon da jolasa.
Adibidez, Oihana Aranaren Etorkizuna zarete kantuan, Estirekin [Markez] kantatzen dut. Lehendabizi zerbait bixiagoa, alaiagoa aurreikusten genuen, baina grabatzen eta ahotsak sartzen hasi ginenean, konturatu ginen ez zuela funtzionatzen. Bertsoek mantsotzea eskatzen zuten. Eginda geneukan maketa erabat ezabatu, mantsotu, gauzak beste modu batera esan, eta orduan hartu du pisua kantuak. Eta atzetik konponketak datoz. Bide horretan, Arkaitz Minerren eta Iker Laurobaren lana azpimarragarria izan da.
Arkaitz [Miner] biolinarekin eta mandolinarekin aritu da gehienbat. Gitarrarekin ere lagundu dit, baina batez ere beste bi tresna horiekin lagundu dit. Biolin herrikoiaren kasuan, Euskal Herrian dagoen musikari interesgarriena da Miner. Iker Laurobak ere lan aparta egin du baxuarekin. Teklatuak ere jo ditu, eta grabaketekin eta nahasketekin ere lagundu dit.
Bestelako kolaboraziorik ere baduzu: Xabi Sukia, Maddalen Arzallus... Nola aukeratu dituzu?
Inguruan dudan horretatik tiratu dut: Biba zuek! programaren unibertsokoak dira horiek [euskal abestien dibulgazio lana eginez kolaboratzen du bertan]. Estik bi abestitan kantatzen du, eta Eneritz Aulestia ere hor dago, gure azken diskoetan bezala; ama izan berri da, eta Aita espektakularra abestian egoki zetorren. Iñigo Mantzisidor Mantxi ere gurekin da diskoan: harmonikak sartu ditu pare bat kantutan. Mantxi harmonikarekin oroitzen dut beti, eta, bertsolaria ere badenez, iruditu zait keinu polita zela bera ere diskora gonbidatzea.
Abestietan aipatzen diren gaien edo «egien» artetik, zein zaizu zuri ezerosoena?
Jon Maiaren bertsoetan, «badakizu New Yorken Empire non dagoen, baina ez dakizu Barkoxe Euskal Herria den» esaten dugu. Guretzat hain begi-bistakoa da horretan gabiltzalako eta kezka hori daukagulako, baina gure ingurune hurbilean askok eta askok ez dute entzun ere egin Barkoxe hitza sekula, euskaldunak izanik ere.
DATOZEN KONTZERTUAK
Gaur, Berrizen (Bizkaia), kultur etxean, 19:00etan. Bertsolari gonbidatua: Xabier Amuriza.
Apirilaren 24an, Donostian, Lugaritzen, 19:30ean. Bertsolari gonbidatua: Beñat Gaztelumendi.
Apirilaren 26an, Eskoriatzan (Gipuzkoa), kultur etxean. Bertsolari gonbidatua: Oihana Arana.
Maiatzaren 23an Getxon (Bizkaia), Muxikebarrin, 20:00etan.
Maiatzaren 31n, Errenterian (Gipuzkoa), Niessen aretoan, 19:00etan.