Egiazkoa ez dena erreala ote den

Askotariko publikoa konkistatu du Haruki Murakamik, bai eta merkatua ere. Ez da egile erraza; gordintasuna du ezaugarri. 1979tik argitaratzen ditu eleberriak, eta apirilekoa du orain arteko azkena: 'Hiria eta haren harresi ziurgabeak'

1949. urtean jaio zen Haruki Murakami, Kioton; Japonian gehien saldua den idazlea da egun. BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Istorio gehienetako protagonista garai modernoko Japoniako gizon arrunta da. Idazlearekiko dituen antzekotasunak literaturari soilik egotzdakizkioke. Haruki Murakamiren (Kyoto, 1949) eleberrietako gizonak 20 eta 30 urte artean izaten baititu. Industriako langilea izan daiteke, ala komertzial bat, publizista bat. Langabezian egoten da, edo lana aspergarria zaio. Tokion bizitzea egokituko zaio, oro har, arrautza kartoiaren itxurako apartamentuen eraikin batean. Maiz ezkonduta dago edo neska-laguna du, baina, bakartia da orokorrean. Katu bat ere izan dezake.

Murakami da Japoniako idazleetan gehien saldua egun, eta gehien produzitzen duena. 1979an lehen liburua argitaratu zuenetik, bederatzi eleberri eman ditu denera; azkena, apiril honetan bertan: Hiria eta bere harresi ziurgabeak. Egileak berak onartu izan duenez, bere obra erraza da irakurtzen, baina zaila ulertzen. Izan ere, unibertso autonomo bat sortzen du, non errealitatea eta ilusioa, egia eta metafora, nahasi egiten baitira, biak desberdintzea zaila bihurtuz askotan.

Japoniako antzinako hiriburuan jaio zen idazlea, Kioton, baina Koben hazi zen. Gurasoak literatura irakasleak izaki, haiengandik jaso zuen irakurtzeko grina. Hala ere, gazte garaietatik egin zuen inguruko kulturaren eta tradizioaren aurka. Ez zuen garatu literatura japoniarrarekiko interesik: ordea, XIX. mendeko europar autoreak irentsi zituen: Balzac, Txekhov, Dostoievski eta Dickens. Japoniako literaturaz zaletu izan balitz, behartuta ikusiko zukeen bere burua aitarekin hitz egitera. Eta zenbaitetan esan izan du ez zuela horrelakorik nahi.

Ahots batek esan ziona

Idazteko erabakia «epifania» modura iritsi zitzaiola kontatu izan du Murakamik. Beisbol partida bat ikusten ari zela gertatu zitzaion: batedun izarra pantailan ageri zen bitartean, eleberri bat idazten hasteko esaten zion ahots bat entzun zuen. Eta bizipen hori da, egileak hala adierazita, inoiz izan duen esperientziarik zoriontsuenetako bat.

Estreinako eleberria, Haizea abesten entzun, 1979an argitaratu zuen, unibertsitate garaiko ikasleen protesten oroitzapenetan oinarrituta. Hark ere parte hartu baitzuen, erabat konprometitu ez bazen ere. Ardi basatien jazarpena (1982) nobelak odisea surrealista baten istorioa kontatzen du. Eskuineko politikari bat, itxuraz mundua menderatu nahi duen ardi mamu bat eta prostituta bat ditu tartean.

1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran girotuta dago, bestalde, 1987ko norvegiar gurra, ikasle protesten eta sexu-iraultza hasiberriaren testuinguruan. Nerabeen maitasunari eta minari buruz landutako hausnarketa da. Hain da gozoa, ez baititu lau suizidio baino gutxiago. Oso garai basatia izan zen hura idazlearentzat, lagun batzuk ere galdu zituelako suizidioaren erruz. Hark ere aro horretatik bizirik ateratzea harrotasunez ikusten du, eta horren erregistroa da liburua. Betebehar bat iruditu zitzaion.

1995ean, bi gertakarik bereziki eragin zioten; urtarrilean, 5.000 pertsona baino gehiago hil ziren Kobeko lurrikara batean. Bihilabete geroago, Tokioko metroan hamabi lagun hil ziren, eta 2.000 pertsona baino gehiago zauritu, Aum Shinrikyok taldeak eragindako isuri kimikoaren ondorioz.

Bostonen bizi zen orduan Murakami, eta horiek ere telebistaz ikusi zituen. Japonia aldaketa garaian zela sumatu zuen. 50 urte igaroak ziren Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, eta urte horietan Japonia eraberritu egin zen sozialki, politikoki eta ekonomikoki. Jendea aberastu egin zen. Bi gertaera horiek, baina, metafora gisa ikusi zituen: lurzoru eta gizarte egonkor, sendo eta gogorraren sinesmena galdu zuen. Burbuila ekonomikoa lehertu eta berehala jazo ziren, eta mugarria izan zen hori gerraosteko Japoniako historian. Lurrazpian nobela ondu zuen horrekin 1997an.

Gurtza berriak garai berriei

Mende berriarekin idatzi zuen gauaren sakonean (2004) —Ibon Uribarrik 2009an euskaratua—, gauerdiko eta egunsentiko lehen argien arteko ordu txikiei buruzko istorioa. Ordu horietan, hiriko soinua monotonoa den arren, ez da ez igotzen ez jaisten, eta pertsonen emozioak eta pentsamenduak errusiar mendi bat dira.

1Q84-k (2009) du Murakamiren aurreko nobelen antzekotasun handien. Liburuko pertsonaia bakoitza bakartzearen aparteko azterketa bat da. Aomamek denbora pasatu du apartamentu batean ezkutatuta, Prousten lana irakurriz. Bizikleta estatiko batean aritu da, eta balkoian txokolatearekin eserita, Tengo protagonista dago izar iheskor bat begiztatzeko zain.

Gazte garaiko mundua sinpleagoa zitzaion idazleari. Ez zaio iruditzen egungo mundua seguruagoa denik, eta kezka handia eragiten dio gazteen buru osasunak etaitxaropenik ez izateak. Uste du salbazio bila dabiltzala, eta nahastu egiten dutela erreala dena eta ez dena.

2020ko izurria iritsi eta historia berrikusteko abagunea heldu zela erabaki zuen: bueltaka izan zituen harresia eta itzala. Etxetik apenas irteten zen, eta istorio bat idazteari ekin zion. Horren emaitza da apirilaren 13an argitaratu berri duen Hiria eta haren zalantzazko hormak eleberria. 2020ko urtarrilean hasi zen idazten, eta 2022ko abenduan amaitu zuen.

Edozein horma zeharkatzearen inguruko gogoeta da, beste aldera joatearen ingurukoa; baita itzultzeko prozesuaren ingurukoa ere. Haren ustez, horma mota asko baitago: kontzientea eta inkontzientea, erreala eta irreala. Baina baita gizarteak bereizten dituen horma fisikoak, Berlinen zegoena eta Israelen eta Palestinaren artean egun dagoena. Hormek esanahi eta asmo desberdinak izan ditzaketela irizten dio, barruan daudenen araberakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.