Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012) «gauza asko izan zen batean», Joan Mari Torrealdai Jakin fundazioko lehendakariaren iritziz. Pentsalaria, irakaslea, idazlea, nobelagilea, linguista, soziolinguista, kazetaria... Berritzailea, gainera, landutako alor gehienetan. Horregatik, Jean-Louis Davant lagunak zera esaten zuen hari buruz: «Hau aitzindaria izan da». Idazle eta euskaltzainak aurrizki bat gehitu zion adjektiboari, Txillardegiren mende erdi pasako ibilbidea zehazkiago definitzean. «Poliaitzindaria izan da». Politikan, Torrealdairen ustez, abertzaletasun klasikoa abertzaletasun berrira ekarri zuelako; pentsamenduan, existentzialismoa euskal letretan txertatu zuelako; ideologian, sozialismoa eta abertzaletasuna askatasunean uztartu zituelako, eta hizkuntzan, euskararen normalizazioaren eta modernizazioaren bultzatzaile eta eragile nagusia izan zelako.
Landutako alor horiek idazlanetara eraman zituen Txillardegik, «ondare galanta» utziz, Jakin fundazioko lehendakariaren esanetan. Argitaratu zituen lan guztiak bildu eta digitalizatuko dituzte, eta, horretarako, lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin fundazioak. Ia 1.000 lan dira, eta 2016aren bukaerarako sarean, eskuragai, egongo dela iruditzen zaie egitasmoaren hauspotzaileei. Aldundiak 195.000 euro jarri ditu, eta Torrealdai bera izango da proiektuaren arduraduna.
Digitalizazioa urrats kualitatibo handia dela pentsatzen du. «Inor gutxik ezagutzen du Txillardegi osorik, inork ez esateagatik. Batzuek ezagutzen dute bere alderdi politikoa; beste batzuek filologikoa, linguistikoa...». Torrealdaik atzo Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren egoitza nagusian egindako aurkezpenean, nabarmendu zuenez, corpus digitalak eskaintzen duen batasunaren bitartez beste dimentsio bat hartuko du pentsalariren obrak. «Haren ekoizpen intelektual, kultural eta soziopolitikoa eskuragai egongo da oso-osorik eta sekretutik gabe».
Hori guztia barreiatuta, sakabanatuta, egon da orain arte, eta kaleratu zituen liburu gehienak deskatalogatuta daude. Torrealdaik jakinarazi zuen, atzo, Txillardegiri buruzko hiruzpalau tesi egiten ari direla gaur egun. «Baina ikertzaileek sekulako zailtasunak dauzkate, materialera iristeko modurik ez daukatelako». Proiektuaren arduradunak pentsatzen du, beraz, digitalizazioak memoriaren transmisioa erraztuko duela. «Corpus horren bilatzailea, gainera, oso indartsua izango da».
Pentsalariaren obrak osatuko du hori, baina Torrealdairen iritziz, Txillardegiren bizitza bera da obra bat. «Hor dago bere koherentzia, konpromisoa eta entrega, euskararen eta herriaren alde. Txillardegi eta konpromisoa gauza bera da». Torrealdairen esanetan, besteak beste Jean Paul Sartreren ereduak elikatu zuen hautu hori. Euskalgintza modernoari bideak irekitzeko hautuari oso gazte zela heldu zion: «Bere garaikideen aurretik, bera izan zen aurrenekoa herrigintzan eta kulturgintzan euskarak lehentasuna izan behar zuela esan zuena. Bera da euskara batuaren guraso behinena».
Oraingoz, argitaratu zuenari helduko diote Jakinekoek, baina proiektuaren arduradunaren aburuz, pentsalariaren artxiboa ere oso interesgarria da. «Gutunak, batez ere».
Materialaren zati handiena Txillardegiren familiak jarri du eskuragarri, eta atzoko aurkezpenean Jone Forcada haren alargunak ere parte hartu zuen. Haren hitzetan, diputazioak eta Jakinek egindako ahalegina«erraldoia» da. Eta senarra zenaren ekarpenari erreparatuta, ondorengoa azpimarratu zuen: «Bere obra, oro har, ez da gehiegi zabaldu zenbait mediotan, eta berari, beste pentsalari askori moduan, iruditzen zitzaion zientziak eta informazioak denen eskura egon behar zutela. Hori baita jakintza demokratizatzeko modu bakarra».
«Oraindik ere, nobedosoa»
«Deskubritu beharreko pentsalari handi bat» da Txillardegi, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren arabera. «Egia da haren lana ez dugula askorik ezagutzen, ez direlako horretarako transmisio bideak jarri». Agirrerentzat, gainera, «oraindik ere nobedosoak dira» pentsalariak bere garaian egin zituen planteamendu eta tesi asko. Jakin aldizkariko zuzendariaren ustez, kale, eraikin edo plaza bati norbaiten izena jartzea erraza eta ikusgarria da; «hau, ordea, benetako omenaldia da».
Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatuaren irudiko, Jakin lan aparta egiten ari da, «euskal pentsaera garaikideari balioa emateko ahaleginean». Eta gogoratu zuen aldizkariaren fundazioaren eta aldundiaren arteko hitzarmenen bidez Carlos Santamariaren eta Martin Ugalderen idazlanen katalogazioa eta digitalizazioak ere egin direla.
Txillardegiren heriotzaren hirugarren urteurrena bete zen atzo. Omenaldia egingo diote, etzi, Donostiako Lasala plazan (11:00).
Egile «poliaitzindaria», osorik
Txillardegiren idazlan argitaratu guztiak bildu eta digitalizatzea hitzartu dute Jakinek eta Gipuzkoako Diputazioak.Pentsalariaren «ondare galanta» 2016aren amaierarako egongo da eskuragai, sarean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu