Sortzaileen eta hedabideen arteko harremanez aritu ziren Koldo Almandoz zinemagilea, Irati Jimenez idazlea eta Inguma Martinez telebistako kazetaria herenegun, Azpeitiko Jubilatuen Elkarteko aretoan,Askarako ekimenak Sortzaileon I. Topaketen barruan antolatutako Zergatik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri? mahai inguruan.
Euskal Herriko erdarazko hedabideetan «ikuspegi kolonizatzaile batetik» begiratzen zaio euskal kulturari, Almandozen ustez, txoko batean baztertuta eta gutxieneko batzuetara mugatuta, erdarazko kultura —«kolonoena»—baino balio gutxiagokotzat jota. Euskarazko hedabideetan, berriz, «euskaraz egindakoak izate hutsagatik» oihartzun handia ematen zaie lan askori, kalitatea edo benetako balioa aintzat hartu gabe. «Deserosoa» egiten zaio hori Almandozi, eta uste du «kritika falta» uzten duela agerian, «galbahea ez dela behar bezain fina».
Sorkuntzak «hedabideekiko mendekotasun handiegia» duela uste du Almandozek. «Askotan ematen du sortzaileek egiten dituztela gauzak hedabideetan ateratzeko».
Erdarazko hedabideetan euskarazko sorkuntza «kuota batzuen arabera»agertzen dela uste du Jimenezek, eta kuota horiek neurri handi batean «Madrildik» datozela erabakita.
Alturan eta sakonean —abangoardismoan eta sakontasunean—ez du beste kulturen inbidiarik euskal kulturak, Jimenezen ustez, baina «zabalean» egiten du huts. Euskal kulturak «industria kultural sendoa» behar duela uste du, eta aldarrikapen hori «lotsarik gabe» egin behar dela. Horretaz gain, «sinergiak» behar dira, eta horretarako «kuadrilletan» batu eta horren arabera jokatzeko joera gainditzea komeni da.
Euskal kultura hedabideetan, kasurik gehienetan, «modu aspergarrian» agertzen da, Martinezen ustez.Albiste positiboak dira kultura arloko gehienak —erakundeen arteko tirabirak izan ezik—, eta asko, salmenta prozesu bati lotuak, publizitate kutsukoak. Funtsean, horrek agerian uzten du «kultura sistema bizi baten falta». «Eguneroko agendatik ihes egin» eta «beste ikuspuntu bat» jorratzea komeni da, Martinezen ustez. Horretarako, beharrezkoa da sortzaileak hedabidea etsai gisa ez hartzea, eta kazetariari askatasuna ematea, arlo horretan berak baino gehiago dakiela aitortuz. Hedabideek, berriz, argi izan behar dute ez dutela beren lana sortzaileen gustuko izateko egiten, hartzaileen gustuko izateko baizik.
Egileak hedabideetan: bada zer hobeturik
Sortzaileen eta hedabideen arteko harremanak alde askotatik kritikatu dituzte Koldo Almandoz, Irati Jimenez eta Inguma Martinezek: erdal hedabideen kolonialismoa eta euskaldunen zorroztasun falta, kuadrilletan banatuta jokatzeko joera, albisteen interes falta…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu