begona del teso
Eppur si muove

Egin dantza, bedeinkatuok, inor begira ez balego bezala

2026ko abuztuaren 14a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zigarrogileak ziren andere txit gorenen omenez haien ofizioa aldarrikatzen duen plazan lehertu berria zen ekaitza. Euria egiten zuen parkean eta tximistek urradura sendaezinak sorrarazten zeru goienetan. Trumoien zaratak Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eskaileretan gora egiten zuen libre eta basa. Bat-batean, Naturaren orro horiek estropezu egin zuten are ikaragarriagoak, izugarriagoak, kolosalagoak ziren beste marruma batzuekin. Bi ekaitz horien enkontrua hain apokaliptikoa suertatu zen, ezen Tabakalerako zoru, sabai, zoko guztiek dar-dar egin baitzuten. Ez zen eklipsearen eguna ez ordua, baina gautu zen eraikin osoan eta zinema aretoetako pantailak erdiz erdi, goitik beheraino urratu zirela iruditu zitzaigun askori.

Rave ekosistemako bozgorailuek osatutako piramide beltz batetik atera zen melodia gabeko soinu-ekaitz dentso, lodi, aldagaitzak gailendu zuen erraz asko zeruetan zein infernuetan sortutako alaraua. Zauritua, abuztuko ekaitza erretiratu zen. Dotoreziaz baina baita garaituaren lotsa tristatuaz ere.

Burrunbak goian segitzen zuen. Gero eta lodiagoa, gero eta biskatsuagoa, gero eta errepikakorragoa, gero eta itsugarriagoa, gorgarriagoa ere bai, inoiz baino inbaditzaileagoa, inoiz baino zorarazleagoa…

Naturaren oihua garaitu zuen marrua pelikula baten soinu banda zen; Kangding Ray egileak asmaturiko bibrazio etengabeak Oliver Laxeren Sirat-i eman zion aspaldian noraezeko zuen izana, Unibertsoko pantaila guztien kontra ikusle mila jo ondoren, zinemaldi anitzen epaileak aho bete hortz, belarriak bete zarata definiezin eta hezurrak bete dardarizo utzi ostean, O que arde-ren sortzaileak instalazio bat eraiki zuen panoramika zabal batean hedatzen zen hormaren gainean. Persiako Rumi erudituaren hitzak hartu zituen izenburu, «Egin dantza inor begira ez balego bezala». XIII. mendeko mistiko loriatsuaren mezua luzeagoa zen: «Maite ezazu inork minik eman ez balizu bezala, kantatu inor entzuten ez balego bezala, egizu lan diru beharrik ez bazenu bezala, bizi zerua lurrean balego bezala». Horrela jokatuz gero, disolbatuko gara jainkotasunean; musikaren, dantzaren, poesiaren, otoitzaren poderioz, transzendituko dugu ni-a.

Ezin esan nik pelikularen pertsonaiek, Bigui besomotzak, Tonin hankamotzak, parpailazko mantelina ilunaz jantzitako Steff madonnak, alabaren bila semea galduko duen Luisek Rumiren hitzak ezagutzen ote zituzten, baina hor daude Tabakalerako instalazioan, hil arteko, hil eta geroko dantza eternalean.

Gogoan Depresio Handiko profeta izan zen Horace McCoyen nobelaren izenburua? Gogoan horren gainean Sydney Pollackek eratu zuen pelikularena? They Shoot The Horses, Don´t They? (Ez al dituzte ba zaldiak akabatzen? ). Errekorduan gaztelaniaz jarri ziotena? Bailad, bailad malditos (Egin ezazue dantza, egizue, zorigaiztokook!)  Ba, Rumirenekin batera hitz horiek datozkizu burura Bigui, Toni, Luis eta Steff dantza infinituan ikusten dituzunean Tabakaleran.

Ulertzen ez dugun hitz batek irekitzen du instalazioaren izena: HU /هُو .  Arabieraz, printzipioz, bera baino ez du esan nahi, baina sufismoaren lengoaian, Jainkoaren hatsa izanik, Kreazioan entzun zen lehenengo berba adierazten du. Bada Jainkotasuna bera ordezkatzen duen soinu jatorrizkoa ere. Hitz hori leitua, entzunda, ahoskatua areto beltzean hasten zara, kanpoan ekaitza ari duela, zure soinuzko, irudizko, zeluloidezko ni-a disolbatzen…

Esan dizuedan bezala, munstro-bozgorailuak agertzen dira pantailan. Pelikulan nola, hondarreratu totemak dirudite, antzina-antzinako denboretan auskalo existitu zen herri batek altxaturiko idoloak, gaurko gizakiok adoratuak. Todos vós sodes capitáns-en autoreak joko egiten du Iranen duela 10 urte hartutako irudi batzuekin. Hareazko, adobezko eraikinak dira, patroi eta proportzio sakratuei jarraituta eraikiak, mundu materialaren eta mundu sotilaren arteko muga hautemangarri egiteko asmoz. Milurtekoetan zehar basamortuan iraun duten egitura horiek gainjartzearen bidez bilakatzen dira rave unibertsoko totem-bozgorailuak, ikuslearen harridurarako. Oraingoan ere, Kubricken Odyssey datorkizu, zorabio baten zurrunbilo gozoan, burura. Beldurrezko pelikula on eta txar hamaikatan ikusi bezala, mende, mundu, sentsazio, zeru, lur infernuen arteko atalasea ireki dizutela antzematen duzu. Pasatuko al zara beste aldera???

Ekaitza ari zuen kanpoaldean, enbata gela ilunean. Buruargitasun istant batean Sirat hitzaren esanahia gogoratzen duzu: infernuaren gainetik zerura (batek daki zein zerutara) daraman zubia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA