Mikel Elorza. Armiarma proiektuaren arduraduna

«Egitasmo honek duen dimentsioa ez dator bat daukan laguntzarekin»

Hamabost urte bete berri, Armiarmak egin duen ekarpena gogoratu du Elorzak:«Datu baseak oso inportanteak dira gure literaturaren entziklopedia bat egiteko». Laguntza falta dutela ohartarazi du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Susa editorialekoen mailukada bat ostegunero. Hamabost urtez. Zazpiehun eta laurogeita seigarrena gaurkoa. Armiarmaren leiho izateko jaio ziren Literatur Emailuen ibilbideaz mintzo da proiektuko arduraduna, Mikel Elorza (Zarautz, Gipuzkoa, 1966).

Literatur Emailuak ez al dira Armiarma izeneko letramendi baten punta?

Halaxe dira. Azken batean, Emailuak orain dela hamabost urte asmatu genuen leiho bat dira. Armiarman dagoena da benetan azpimarratzekoa. Astero, hutsik egin gabe, horko aleak Emailuak buletinaren bidez zabaldu ditugu.

Noiz hasi zen Armiarma lanean?

2000. urte inguruan sareratu genuen Susaren webgunea; eta, handik oso gutxira, Ibinagabeitia proiektua, Literatur Aldizkarien Gordailua. Horiek izan ziren lehendabiziko bi urrats handiak. Susaren webgunearekin batera, konturatu ginen Internetek badauzkala bi ezaugarri guri interesatzen zaizkigunak: abiadura eta interakziorako aukera, eta biltegi gaitasun izugarria. Ez genuen egin nahi ohiko argitaletxe gunea, eta garai bateko Susa aldizkariak ere sareratzea erabaki genuen. Eta baita Ustela, Oh! Euzkadi, Pott, Egan eta beste ere. Armiarmak hastapen hartako espirituari eutsi dio: bokazio publikoa dauka. Erreferentziez gain, testuak ere eskaini nahi izan ditugu, modu irekian, ahal dela mundu guztiak erabil ditzan.

Eta, bide horretan, Armiarmaren atal gehiago etorri dira.

Bai. Edukiaz aparte, datu base batzuk osatuz joan gara: Literaturaren Zubitegia eta Euskarari Ekarriak. Datu baseak oso inportateak dira gure literaturaren entziklopedia bat egiteko. Entziklopedia, jakintza bere osotasunean biltzeko zentzuan. Oraindik lantzeko dagoen kontu bat da hori: Internetek intertestualitatea lantzeko aukera eskaintzen du. Literaturaren historia berri bat egin ahal izateko, testuetatik abiatuta. Hori da Armiarmaren espiritua.

Emailuek erreferentzialtasuna eman al dizuete?

Agenda, esaterako, ez da oso garrantzitsua eduki aldetik, baina guri erreferentzialtasun bat eman digu, bai. Euskal Herri osoan literatura ekitaldiak egiten direla ikusarazteak badu garrantzia. Literatura agente diren besteak, komunikabideak, unibertsitatea, literatur taldeak... saretzeko.

Entziklopedia aipatu duzu; zerbitzu publikoa ere bai. Zein baldintzatan ari zarete lanean?

Armiarmak finantzaketa publikoa izan du. Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek jarri izan dute dirua aldiro. Gainontzeko guztia gure lana da. Eta asko eta estimatzekoa da horiek jarri duten dirua, baina, gure ustez, egitasmo honek euskal literaturgintzan eta kulturgintzan dituen erreferentzialtasuna eta dimentsioa ez datoz bat daukan laguntza publikoarekin. Borondatez eta modu prekarioan egin izan dugu lan. Eta, azken bizpahiru urteetan, Armiarmari laguntzak ukatu zaizkio.

Laguntza faltak kolokan jarri al du proiektua?

Memento jakin batean bai. Argitaletxe txiki bat gara. Gaur egun erabiltzen diren zenbaki kopuruei begiratuta, huskeria bat gara. Hori bai, gurea ez da ikuskizunaren kulturan sartzen.

Emailuek literaturazaleen onespena izan dutela, ez da zalantzarik. Zenbat harpide dituzte?

2.000 bat lagunek jasotzen dituzte Emailuak ostegunero, hutsik egin gabe. Emailuen bitartez ematen dugu agendaren, efemerideen, ekitaldien berri, eta eduki batzuen berri ere bai.

Literaturazaleari lan egiteko, ikasteko, gozatzeko baliabideak eskaintzea lortu al duzue?

Bai. Internetek bazekarren aldaketa bat berekin, oso berria zenean: produkzio baliabideak denon esku uzten zituen. Gero, aldaketa hori gauzatzea ez da lortu. Egun, Internetek eskala erraldoi batean errepikatzen ditu kapitalismoaren bizio guztiak. Zuk Interneten liburu bat argitaratzen duzu, eta inor ez da konturatzen. Internet bidez, zein libururen berri daukagu? Internet kontrolatzen duten konpainia handiek jakinarazi nahi duten liburuaren berri.

Interneten ere dena ez dela zoragarria.

Ez. Modu nahiko horizontalean jende askorengana iristeko asmoarekin jaio ziren Emailuak. Zer gertatzen da? Bada, behin 4.0 urratsera helduta, app-en bitartez eta, zabaltzearen zabaltzez, inportanteena zabaltzea bera bihurtu dela, eta ez zabaltzen dena. Edukia, literatur lanak galdu ote diren bidean... Gutako batzuk atzera 4.0tik 1.0 puntura bueltatzea aldarrikatzen hasiak dira.

Sormen lan asko musu truk eskuratzera ohitu da hartzailea. Arraroa al da hartzaile hori sormen lanez gozatzearen truke ordaintzeko prest ez egotea gero?

Sortzaileen lanaren ordaina nola bideratu, zalantzarik gabe, konpondu beharreko kontu bat da. Sortzaile batzuek Internetetik propio desagertzea erabaki dute. Argitaletxe gisa, gure liburuak sarean osorik eta doan eskaintzeak ez dut uste eroslerik kendu digunik. Aldiz, irakurleak ugaritu egin dira. Guri erreferentzialtasun bat eman digu. Susari buruz ari naiz. Armiarmak ere lagundu digu erreferentzialtasuna lortzen, baina ez da asmo komertzial batekin egina. Funtzio publikoa betetzeko espirituarekin jaio zen.

Funtzio hori bete al da? Atalen bat ezkutuan geratu ote da Armiarma letramendian?

Orokorrean, gure irudipena da egunero horretan gabiltzanok badakigula zer dagoen, baina jende gehienak ezetz. Beharbada, neurri batean atzera bueltatu eta egin dugun lana berriro sozializatu behar genuke, «hau dena hemen dago» esan. Ikaragarria da, izan ere, hor dagoen guztia. Hemeroketan, esaterako, euskal prentsa historiko osoa dago. Eskualduna eta oraintxe 80 urte bete dituen Eguna, esaterako, hor daude, eta ezezaguna da. Gauza bera esan dezakegu Basquepoetry.eus sailari buruz ere. Gero, Literaturaren Zubitegian eta Euskarari Ekarriak-en autore bakoitzaren zer gauza dauden on line jarrita... Informazio asko, milioika karaktere daude hor jasota.

Hamabost urte bete berri, nerabezarokoa ez beste krisi existentzial batean dago Armiarma?

Bai, krisian gaude; eta ez, ez da nerabezarokoa. Akaso ez da alderaketa egokiena, baina txikitatik lan egitea tokatu izanagatik zuzenean helduarora pasatu behar izan duen haurra dela esango genuke. Baldintza hauetan ezin da. Ez diogu utzi nahi egiteari, baina, inork ez badigu laguntzen, proiektuaren neurria jaitsi egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.