«Oskarbi dau kalea, baina besteentzat», dio maiteminez Adrian Perezek idatzitako Eramazan katua abestiak. Polloetik (Donostia), ordea, ostarte txikiak besterik ez dira ikusten. Hain zuzen ere, hiriko turisten joan-etorrien burrunbatik ihesi, haren iloba Unai Pelayo 'Pelax'-ek (Donostia, 1989) hilerri horretan ipini du hitzordua. Osabaren eta beste hainbat artistaren abestien bertsioekin osatutako diskoa kaleratu zuen apirilean: Koberrak (Balio Dute). Disko horretaz, musika taldeaz eta Donostiako gaur egungo egoeraz mintzatu da.
Abeslariak taldekideekin batera hainbat disko kaleratu ditu azken urteetan: AB eta DE 2019an, eta Esan gabe doa 2024an —hirurak Balio Dute zigiluarekin—. Aurten, ordea, bakarka kaleratu du zortzi abestiz osatutako Koberrak lana: bere inguruko taldeen eta nazioarteko artista baten piezei egindako bere moldaketak dira abestiak.
Banda formatuan zenbait disko kaleratu ostean, nolatan bakarlari gisara?
Banda formatuan ez ezik, bakarka ere askotan aritzen naiz; eta betidanik egin nahi izan dut disko bat soila, gitarra eta ahotsa besterik ez zuena. Taldeko Iker bateria joleak sorbalda apurtu zuen iaz, eta denbora batez emanaldirik ez genuela izango jakin genuen. Aspalditik nenbilkien buruan nire emanaldietan jotzen nituen beste musikarien abestiekin zerbait egitea, eta horretarako garai aproposa iruditu zitzaigun guztioi.
Nolakoa izan da kantuen hautaketa?
Hogei urte inguru daramatzat emanaldiak eginez, eta ibilbide horretan lagundu nauten eta ezagutu ditudan pertsona eta taldeak omentzeko modu bat izan da. Diskoa kaleratu aurretik jada jotzen nituen guztiak nire saioetan. Zortzi abestien jatorrizko sortzaileei erakutsi nahi nien egun naizen musikaria naizela, hain justu, noizbait eta nolabait haiekin topo egin dudalako. Harreman sendoa dut haietako askorekin: Kaskezurrekoekin eta Bidelapurrak-ekoekin adibidez, eta Adrian Perez nire osaba da. Egia esan, batzuei, baimena baino gehiago, barkamena eskatu behar izan diet. [barrez] Eman didaten guztia eskertzeko nire modua da haien kantuak nire estilora nola ekartzen ditudan erakustea.
Eta nolatan disko bat?
2015ean, Sorotan Babies taldeko Xabi Bizkairekin batera, Kaskarotenea ikastolari [Ziburu, Lapurdi] laguntzeko zerbait egin genuen. Halako zerbait berriro egiteko asmoa nuela komentatu nion, eta haren lagun batek esan zigun Arberoa ikastolak behar handiagoa zuela [Donamartiri, Nafarroa Beherea]. Izan ere, iaz ikastolako hiru eraikinetako bat erre zen, eta izugarrizko kalteak eragin zituen. Buruan nuen bertsioen ideia, baina ez zitzaidan bidezkoa iruditzen besteen lanetatik nik etekinak lortzea. Beraz, Arberoa ikastolaren kausa agertu zenean, ez nuen zalantzarik izan, eta haiekin harremanetan ipini nintzen. Proiektua disko formatuan kaleratu, eta horrekin bilduko dena, asko ez bada ere, haiei laguntzeko izango zela erabaki nuen.
Bertan izan zara?
Bai, aurreko ikasturteko ikastolaren egunean joan nintzen. Oraindik erre usainak zirauen. Istripuaren konponbide modura bi barrakoi ipini zizkieten, eta oraindik han daude: bat irakasleen bulego gisa erabiltzen dute, eta bestea, jangela funtzioetarako. Ez dira baldintza egokienak, baina ez daukate beste erremediorik. Aseguruak urtebeteko gastuak ordainduko dizkie, baina luzeago joango da kontua.
Jaialdian, bertako haurrekin emanaldi moduko bat egin nuen, eta abesti bakoitzarentzat zerbait prestatu zuten. Oso polita izan zen. Datorren udaberrian egingo duten jaialdira ere joateko asmoa dut, eta bertan amaituko da disko honen zikloa.
Eta gero?
2019an, taldeak AB eta DE diskoak kaleratu zituen, hogei minutuko lau kanturekin osatutako bi disko. 2024an, beste muturrera jo genuen, eta Esan gabe doa lana kaleratu genuen, indar handiko zortzi kantu laburrek osatutakoa. Urte asko daramatzagu zarata ateratzen, eta disko organikoago bat, melodikoago bat egiteko nahia dugu orain. FG egitea burutan dugu: 2019ko ildoari jarraituko dio, baina dezibelak nabarmenki jaitsita.
Esan gabe doa diskoa eta haren aurkezpena Donostian bizi duzuen egoeraren erantzun gisa egin zenituzten. Zerbait aldatu da?
Donostiako egoera jasanezina zen lehen, eta hala da oraindik, agian okerragoa. Hiriko egoera oso larria da, batez ere musika taldeak garatu ahal izateko. Sortzaileak izateko guneen behar handia dago. Ate bat, lau pareta eta entxufe bat dituen entsegu lokal bat alokatzeko izugarrizko dirutza behar da, urtean 5.000 euroko gastua gutxienez. Euskal Herri osoan hiruzpalau talde izango dira lokal bat alokatzeko gastuari aurre egin diezaioketenak, gero sold out-ak egiten dituzten berberak.
Oso zaila da egungo Donostian talde jasangarria izatea ez bazaude musika dominantearen eszenan. Eszena bat egoteko, korporatibismotik at dauden oholtzak behar ditugu. Kontzertu bat antolatzea ezin da negozio bilakatu. Ez dago alternatiboa den ezer Donostian, gabezia hori dago. Gutxi badira ere, badira gune autogestionatuak —Mogambo, esate baterako—. Halere, ezin dugu dena autogestioaren esku utzi. Instituzioek beren ardura dute egoera sostengaezin honetan.
Nire ustez, pandemiaren eraginez, erabakiak hartzen dituztenek geroz eta arrisku gutxiago hartzen dute. Eta arriskuak hartzen badira, beti baldintzapean hartzen dira, prekarizatuz. Egoera sozioekonomikoak izugarrizko eragina du sorkuntzan, eta, ondorioz, eskaintzan ere bai. Erabat baldintzatzen du eszena musikala. Egoera horren isla dira bateria duten formatuen galera eta elektronikaren susperraldia. Bateria jotzeko eta zarata ateratzeko, beharrezkoak dira lokalak. Eta horietako bat alokatzeko ezintasunak bateria-baxu-gitarra formatuaren galera ekarri du. Musika elektronikoa sortzeko, berriz, nahikoa da ordenagailu bat, eta norberak bere etxeko logelan sortu dezake. Azken urteetan egon den bilakabideak ez dauka misteriorik.
Eta musika dominantearen panoramatik at dagoen zer gomendatuko zenuke? Iaz BERRIAk egin zizun elkarrizketan euskal abesti bat gomenda zenezan galdetu zizuten, eta diskoan gehitu duzun Sofa taldearen Kokodrilua ta bihurgunea kotxia lapurtu ta perretxiko bila duaz kantua aipatu zenuen.
Bada, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean Maddi Etxeberriarekin batera abestu nuen, eta flipatu egin nuen. Iaz Amaitasuna diskoa kaleratu zuen, eta ikaragarri ona iruditu zitzaidan. Zuzenekoa oso dotorea izan zen, asko zirraratu ninduen. Kantuak ederrak iruditu zitzaizkidan, eta gitarra jotzeko duen manera ikusgarria izan zen. Ahotsarekin egiten dituen jolasak ere bikainak dira. Laburbilduz, mundiala izan zen.