EGOk Stravinskiren 'Petrushka' lana interpretatuko du

Bere 15. urteurrenean, gazte orkestrak orain arteko «egitasmorik handiena eta zailena» prestatuko du aurten

Euskal Herriko Gazte Orkestrak hiru kontzertu emango ditu. BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak Igor Stravinski musikagilearen Petrushka baleta interpretatuko du aurten bere 15. urteurrena ospatzeko. Orkestrako arduradunek azaldu dutenez, «orain arte, orkestrak izan duen egitasmorik handiena eta konplexuena izango da» aurtengoa. Gasteizen,Donostian eta Bilbon emango dituzte kontzertuak uztailaren 23tik eta 25era bitartean. Stravinskiren lana jotzeaz batera, kontzertuetan, Pau Casals musikagilearen Cant dels ocels lana eta Camile Saint Saensen Sanson eta Dalila operako pasarte bat joko dute.

Orkestrak Stravinskiren Petrushka lanaren 1947ko bertsioa joko du: «Petrushka-ren partiturak aberastasun ugari eta askotarikoak biltzen ditu, eta keinu misteriotsu bat», azaldu dute arduradunek. Stravinskik ezohiko proposamen harmonikoa egin zuen lan horretan, eta do maiorren eta fa diese maiorren tonalitateak gainjarri zituen. 1947an, konpositoreak partitura berrikusi eta jatorrizko bertsioko orkestra handia murriztu eta amaiera aldatu zion.

EGO duela 15 urte sortu zen, eta, orduz geroztik, 150 kontzertutik gora eman ditu. 1.200 musikari baino gehiago izan ditu partaide eta nazioarteko birak egin izan ditu. Orkestra Gabonetako eta udako oporretan biltzen da urtero eta hainbat programa preparatzen ditu.Euskal Autonomia Erkidegoko musikari gazteei prestakuntza eta etorkizuna eskaintzea dira orkestraren helburuetako batzuk.

Bakea eta kulturen urtea

Eusko Jaurlaritzak eta 2012 Fundazioak antolatutako 2012 Bakearen eta Askatasunaren aldeko kulturen urtea-ko programarekin bat egingo du orkestrak. Ildo horretan, EGOk Pau Casalsen El cant dels ocels lana joko du kontzertu hasieran, «bakearen ikur unibertsaletako bat baita».

Lehenengo kontzertua Gasteizko Principal Antzokian emango dute uztailaren 23an. Hurrengo egunean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan izango dira, Donostian. Eta azken kontzertua hilaren 25ean izango da, Bilboko Euskalduna jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.