EGOk udan eskainiko duen programa musikala aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Juan Jose Ocon Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendariak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak sinatu dute lankidetza akordioa, BBK, Kutxa eta Vital fundazioek lagunduta.
Oconek azpimarratu du EGO beti “in crescendo” doan esperientzia eta fundazioa dela. Gainera, aurtengo udan fundazioaren urteurrena ospatzeko prestatuko dituzten N.R. Korsakoven Scheherezade eta Leonard Bernsteinen West Side Storyren dantza sinfonikoak, maila goreneko orkestren errepertorioko parte direla nabarmendu du.
Fundazioa bizi den arteko balorazioaren inguruan, Oconek nabarmendu du Euskal Herriko kontserbatorioetako orkestren eta mundu mailakoen artean dagoela EGO.
Udako topaketan ikasleek egingo duten bidea ere azaldu du zuzendariak: lehenik, Euskal Herriko, Bartzelonako eta Italiako orkestretako musikarien agindupean trebatu beharko dute; horren ostean, Oconen zuzendaritzapean orkestra profesional bateko esperientzia izango dute, eta, azkenik, publikoaren aurrean maila goreneko erakustaldia emango dute.
Hona hemen non eta noiz izango diren kontzertuak:
Uztailaren 18an, Hondarribian, Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan.
Uztailaren 19an, Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.
Uztailaren 20an, Bilbon, Euskalduna jauregian, 20:00etan.
Uztailaren 21ean, Gasteizko, Principal antzokian, 20:00etan.