Autoa hartu, Iruñera abiatzen naiz, bertan aparkatu eta trena hartzen dut Bartzelonara. Han egonaldi bat daukat, bertako musikari batekin, Clara Aguilarrekin, elkarrekin zuzeneko bat sortzeko pentsatua.
Nire ogibidea erromantizatzen duen lehenengoa naizenez, egonaldirako aukeratu nindutenean, Bartzelonako hondartzak, kontzertuak, eta eguzki atseginak inspiratuta, musika erraz-erraz, nire behatz eta ahotsetik ateratzen imajinatzen nuen. Musika sortu esperientzia hedonista baten ondorio gisa.
Iritsi eta, minutu batean, egiten zuen beroarekin izerditan hasi nintzen, jaso ninduten antolakuntzakoek eta bazkaltzera eraman. Gero, pisua erakutsi zidaten, sorkuntza-fabrikaren parean. Eraikinak Fabra i Coats izena du, eta oso prestatuta dago, estudioak dauzka, eta espazio anitz proiektuak aurrera eramateko. Parean, nire alojamendua, pisu bat, xumea, baina behar guztiekin. Oso eskertuta sentitzen naiz.
Berehala ikusten dut, ordea, esperientziak erromantizismotik gutxi izango duela. Erdialdea urruti dago auzotik, 30 minutu gutxienez tardatzen dut metroz edozer ikusteko, eta azkenean, goiza, eta arratsaldearen zati handiena Fabran gaude, elkar ezagutuz eta elkarrekin sortzen saiatuz. Beraz, gutxi ateratzen naiz auzotik.
Eta musika-sorkuntza-mistiko-atsegin hori ere ez dut inon sumatzen. Eta normala da. Buruan, nahastu egiten zaizkit Clara ezagutzen egotearen inpresioak eta zuzeneko bat sortzeko materiala eraikitzearen presioak.
«Uste dut jatorra dela, baina serioa da, gustatuko zaizkio ekarri ditudan ideiak? Lortuko dugu bioi interesatzen zaigun zerbait sortzea? Oso gustu ezberdina daukagu?».
Bakarrik lan egitearen ondorioak argi daude. Zurruntasuna, nire erabakietatik at dagoenari izua.
Bigarren astean, konturatzen naiz gauza batzuetan ados gaudela. Argiak, jarrera eszenan, jantziak…dena zaindu nahi dugu. Baita eskatzen dizkiguten komunikabideetarako materialak kontrolatu ere. Abestiei ere, norabide bat ematen diegu.
Bueltatu behar dudanerako, ez dugu ezer bukatzen, eta abesti batzuek forma hartu behar dute. Hala ere, berak antolakuntzakoei esaten dien bezala, orain bai, «desira bat dago».