'IL GARDELLINO ORKESTRA'
Zuzendaria: Christoph Pregardien. Abesbatza: Kataluniako Palauko Ganbera Abesbatza. Bakarlariak: Alison Lau (sopranoa), Martina Baroni (kontraltoa), David Fisher (tenorra), Micha Matthaus (baxua). Egitaraua: J. S. Bachen Eguberritako Oratorioa BWV 248 (I, II, III eta VI kantatak). Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abenduaren 17a.Â
Gabonak jarduera handiko sasoia izan ohi dira musikariarentzat, garai liturgiko berezia izanik, mendebaldeko musikaren historia hari lotutako lanez beteta baitago. Tradizio aberatsa eta testuingurua buruan, Kursaal Eszenak Gabonak ospatzeko errepertorioaren ale gorena ekarri du urteari amaiera emateko: Johann Sebastian Bachek 1734an konposatutako Eguberrietako Oratorioa, Lukas eta Mateoren Ebanjelioetako zein tradizio luteranoko testuetatik abiatuta Jesusen jaiotza, erdainkuntza eta Ekialdeko Errege Magoen bisita kontatzen duena. Sei kantataz osatzen da ziklo osoa, baina ohikoa da kontzertuetan lehen hirurak eta azkena egitea soilik; horiek izan ziren asteazkenean entzun zirenak.
Il Gardellino orkestrak eskainitako interpretazioa lehen mailakoa izan zen oro har: bikain neurtutako dinamikak hedatu zituzten, errezitatiboetan continuo borobil bezain doia lagun eta gidari izan zen eta, denera, Pregardienen batutak tenpo arin eta zainduak bideratu zituen, oratorio honi darion ospakizun kutsua azpimarratuz. Hala izan zen lehen kantataren hasierako Jauchzet frohlocket, aufpreseit die Tage (Alaitu eta poztu zaitezte, ospatu egun hauek!) koru ospetsutik, tronpeta distiratsuak barne, azken kantataren Nun seid ihr wohl gerochen (Ondo hartu duzue mendekua orain) bizira. Denetan nabarmendu zen, gainera, kolore oparoez eta tinbre argiez betetako abesbatza, betiere ahoskera bikainarekin eta norabide zentzua guztiz barneratuta.
Obra liturgikoak badira ere, oratorioek forman zein edukian dramatismo puntu bat eskatzen dute beti, musikaren baliabideekin antzeztu beharrekoak baitira. Ahots bakarlariei, oro har, istorioa bera haragiztatzeko grina falta izan zitzaien. Pena da, tinbre guztiz garbiak eta teknika bikainak zituztelako, baina hotzean jaso ziren. Hala, esaterako, hirugarren kantataren Ich bin deine, du bist meine (Zurea naiz, nirea zara) duoa, edo altoaren lo-kanta samurra. David Fisher izan zen salbuespena, ebanjelista gisa zein arietan Gabonetako mezuaren berezko dirdira zabalduz.