Kritika. Musika

Eguberri gauak

Izaro.
2026ko martxoaren 29a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

izaro

'Gabonetan Kursaaletik zuzenean'.

Diskoetxea: Egilea editore.

Donostiako Kursaal aretoan 2024ko abenduaren 22an eta 23an Gabonetan diskoa oso-osorik jo zuen Izarok. Han bizi izandako gabon giroko izpiritu barnerakoi eta hunkigarria modu benetan atseginean biltzen du grabazio honek. Gabonetako disko hartako zortzi kantuez gain, bere ibilbideko beste hamaika ere jo zituen bi gauetan. Harritzekoa da Izarok nola erakutsi duen genero ezberdinak lantzeko gaitasuna, baita maila handiko konposizioak sortzeko abilezia ere. Atzerapausorik ez daukan ibilbidea da, momentuz, Izarok azken hamar urteetan egin duena. Gainera, euskarari gero eta leku handiagoa egiten ari da, eta disko honetantxe hemeretzitik hamazazpi haren ama hizkuntzan eginak dira.

Ihintza barnerakoiarekin, era oso xaloan eta berezian hasten da diskoa. Izaroren kantu borobil horietakoa dugu hauxe, baina kategoria horretan askok daukate bere lekua, Gabonetako diskotik bertatik hasita. Honela, Gure gabon gaua itzela da: era leunean hasten den arren, ahots jolas bikainak eta erdialdetik aurrera azelerazio ikusgarria dakartza. Hartu lerak maldan behera oraindik biziagoa da, benetan harrigarria eta hedatzailea izateaz gain. Gabon giroan guztiz sartuta, bere debut diskoko Koilarak gospel estilora ekarri du. Paris eta Hainbeste ederrak dira, mezu positiboa daukate, eta Gabonetako diskora itzulita, Elurra eta Falta zarenetik malenkoniatsuak dira. Lehenengoak giro flotatzailea dauka, baina azken zatian goia jotzen du, bai intentsitatean bai tonuan. Bigarrena ere goxoa da, baina nostalgia puntu oso markatua dauka. Ederra benetan.

Limoiondo hunkigarria da beti, baita formatu honetan ere. Bere ibilbideko politenetakoa da, eta ikusleek gogoz kantatu zuten Kursaalean. Cerodenero diskotik hau eta beste bat bakarrik sartu zituen errepertorioan, ordea. Bigarrena Iparraldera lehergarria da, hesirik gabeko ahots erakustaldia dakarrena eta diskoa gailurrera daramana. Dir-dir kantua Garazi Esnaolaren pianoak goratzen du, baita pop-rock erritmo biziak eta koru ederrek ere. Erritmoa aipatu dugunez, haren diskografiako martxosoena etorri zen gero: lehen diskoko Zingirak adiktibo eta azkarra. Publikoak gogoz kantatutako horietako bat da, eta, exekuzioa nahiz giroa aipatu behar baditugu, apoteosikoa.

Delirios hunkigarria da benetan, poliki hasten den arren erdialdean sekulako olatuan igotzen baita. Egurra eta abiadura hartzen ditu, betiere koru zoragarriekin. Amaiera oso berezia eta zirraragarria da, jatorrizkoaren bariazio orgasmiko bat, gospel koruekin eta abiada biziarekin harritzen gaituena. Koruen garrantzia begi bistakoa da Ura eskutik eskura eta Invierno a la vista-n ere. Errefuxiatuarena era barnerakoian hasten da, baina gero lehertzen da, eta Ordu bik eta laurden goxoa eta geldoa den arren, ondorengo Olentzero-k, Pirritx eta Porrotxen laguntzaz, sabaia jotzen du. Grand finalle-a, berriz, Urte berri on intimoak egiten du, pianoak eta publikoaren ahotsak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!