Literatura

Eguneroko batean gordetako misterioa

Eneko Azedok bere lehen nobela plazaratu du: 'Iraileko zazpi egun'. Errealismoa eta fantasia nahasi ditu idazleak, eta gaur egunetik 36ko gerrara saltoka dabilen kontakizun bat sortu du horrela. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana.

Eneko Azedok Elkar argitaletxearekin plazaratu du bere lehen nobela. JON URBE / FOKU
Eneko Azedok Elkar argitaletxearekin plazaratu du bere lehen nobela. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko ekainaren 7a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren 1937ko txanpon bat ez ezik, larruzko azal leuna duen eguneroko bat ere erakutsi die kazetariei Eneko Azedok. Ertzaintzaren ikurra daraman plastikozko zorro batetik atera ditu biak. «Hau izan zen Ertzaintzak aurkitu zuen froga. Hau da Haizearen benetako egunerokoa, eta harekin batera hondartzan agertu zen gerra zibilaren garaiko txanpona», azaldu die. Bere lehen eleberriko protagonista da Haizea, eta eguneroko hori da emakumeak desagertu ondotik utzi duen arrasto bakarra. Iraileko zazpi egun izenpean, eguneroko baten forman, eta liburuek ohikoagoa duten azal batean bilduta plazaratu du lana idazleak, Elkar argitaletxearekin.

«Eleberriak istorio bitxi bat kontatzen du», hasi du azalpena egileak. «Haizea Jauregibeiti izeneko neska bat desagertu egin zen Bizkaiko kostaldean dagoen herrixka txiki batean, Aizkorrieta izenekoan, eta, hura desagertu ondoren, haren egunerokoa aurkitu zuten hondartza batean». Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen orduan, baina ez zuen ondoriorik atera. «Ertzaintzaren esanetan, egunerokoan kontatzen zena ez zen sinesgarria, Haizeak kontatzen zituen gauzak ez omen ziren posible, eta, hortaz, itxi egin zuten kasua». Eguneroko hori da Azedok liburuan jaso duena, eta, beraz, lehen pertsonan idatzia dago istorio osoa. «Haizearen azkenengo zazpi egunak berak bere eskuz idatziak agertzen dira. Liburua irakurrita jakingo dugu zer gertatu zitzaion eta zein izan ziren haren azken zazpi egunetako bizipenak».

Bizkaiko kostaldeko fikziozko herri batean girotu du istorioa idazleak. «Ingurunetik bakartuta dagoenez, bere ohiturak, arrantzale bizitza, bertako bizkaiera eta beste mantentzen ditu». Herri hartan, hainbat urtez itxita egon den birraitita-birramamen etxea izandakoa berriro ireki, eta bertan bizitzen jarriko da protagonista. Herriko jendea ezagutuz joango da pixkanaka, eta bertako arazoen berri ere izango du; besteak beste, kirol portu bat eraikitzeko proiektuaren berri. «Eta hasieratik gauza bitxiak ikusten hasiko da; gauez argi batzuk ikusiko ditu, eta geroz eta gauza arraroagoak gertatzen hasiko zaizkio». Istorioa modu errealista batean hasten bada ere, «pixkanaka fantasiazko elementuak, naturaz gaindiko fenomenoak, azaltzeko zailak diren gauzak» agertuz joango direla eta nobela «apur bat ilunduz» joango dela esan du egileak. Baina, misteriozko istorio bat den neurrian, ez du gehiegi aurreratu nahi izan.

«Haizearen azkenengo zazpi egunak berak bere eskuz idatziak agertzen dira. Liburua irakurrita jakingo dugu zer gertatu zitzaion eta zein izan ziren haren azken zazpi egunetako bizipenak»ENEKO AZEDOIdazlea

Galderak liburuan aurrera egin ahala joango da argitzen irakurlea, eta Haizearekin batera kasik. Izan ere, hori da liburuaren berezitasunetako bat, Azedoren hitzetan: «Normalean, liburuetan, istorioa kontatzen duenak bere osotasunean ezagutzen du istorio hori, eta gertatu zen guztia kontatzen dizu. Baina hemen ez da horrela, Haizea bera idatziz doalako eta ez duelako istorioa ezagutzen, informazioa falta zaiolako. Guk ikusten dugun bakarra da hark bere begietatik ikusten duena. Ikertuz doan heinean, haren bidez joango hara istorio guztia osatzen».

Protagonistak herrian ezagutuko dituen bigarren mailako pertsonaia batzuk «gako» ere badirela azaldu du idazleak: Egoitz izeneko biologoa eta ekintzaile ekologista, denda baten jabe zen andre zahar bat, arrantzale bat... «Berarekin lagunkoia ez den jendea ere ezagutuko du: bada hautsak harrotzen ari delako mehatxuak egiten dizkion gizon bat, alkatearekin ere badago guztiz argitzen ez den beste istorio lerro bat...».

Halaber, paraleloan, 1936ko gerraraino atzera egiten duen beste hari bat ere txirikordatzen zaio kontakizunari. Izan ere, birraitonak birramamari garai hartan bidalitako gutunak topatuko ditu Haizeak etxe zaharrean, eta, haien bidez, birraitona kostako kanoi bateria zaintzen egon zeneko kontuak, haren kideak, itsasoan izandako borrokaldiak eta beste ere agertuko dira nobelan. Ezagun zituen bere familiako istorioak ez ezik, dokumentazio lanaren bidez ezagututakoak baliatu ditu Azedok pasarte horiek sortzeko. «Gertakizun historiko batzuk agertzen dira. Nik uste dut batzuetan irakurleak pentsatuko duela asmatutakoak direla, eta batzuk sinestezinak dira, baina benetan gertatu ziren. Esaterako, urpeko bat lapurtu zutela Bilboko portuan».

Rol jokoetatik idazketara

Istorioa hasi eta buka argi zuenean hasi zen Azedo nobela idazteko lanetan. «Normalean, buruan istorio guztia garatzen dut, eta nondik nora joango den argi daukadanean hasten naiz idazten», azaldu du.

Iraileko zazpi egun lehen liburua du, baina ez lehen sorkuntza lana. Izan ere, euskarazko rol jokoak sortzen ere aritua da, eta kontakizuna osatzeko lagungarri izan zaio eskarmentu hori. «Asko gustatzen zait irakurtzea, eta hortik dator nire iturri nagusia. Baina egia da rol jokoen elkarte batean sartuta nagoela, eta ez dakienarentzat esango dut rol jokoen funtsa dela talde batean, denen artean, istorio bat osatzea. Momentuan inprobisatuz istorio bat osatzeko ariketa horrek pilo bat laguntzen du irudimena garatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.