Egunerokoan inguruan ikus litezkeen elementuak, «edonoren» esku daudenak, irudietara eman ditu Maite Gonzalez artistak. Bere artxibo pertsonalean zituen irudiak hautatu, eta Donostiako Tabakalerako 2. erakusketa aretora eraman ditu. Sakelako telefonoarekin ateratakoak dira batzuk, argazki kamerarekin hartutakoak beste batzuk. Baina, funtsean, guztiek gonbidatzen dute «eszena sinpleen behaketa bat egitera», azaldu du artistak. Iñigo Villafranca komisarioa izan du bidelagun prozesuan, Tabakalerako komisariotza egonaldien emaitza izan baita erakusketa. Martxoaren 15era arte egongo da ikusgai.
Bilbuma lau bideo instalaziok osatzen dute. Aretoaren eskuineko aldean, Nigthwish izenpean, lau minutu inguruko bideo bat dago, pantaila handi batean proiektatuta. Loreak dira protagonista irudietan, hainbat plano eta angelutatik grabatutakoak. Ezkerreko aldean, berriz, Loreblume eta Le monde paisible izeneko beste bi proiekzio daude. Batean loreak eta natura ageri dira, eta bestean, pertsona bat, hondartzaz disfrutatzen. Artistarentzat «berebiziko» garrantzia du diptiko horrek, eta bi piezak batera ikusteko pentsatuta daudela azaldu du komisarioak, «haien artean harremanak sortuz doazelako». Aretoaren erdigunea, ostera, Triptikoa obrak hartu du; hiru pantaila txiki dira, eta haietan, buklean proiektatzen dira irudiak: futbol zelai bat, zuhaitz bat, hondartza bat, loreak... Funtsean, «egunerokoan denon eskura dauden elementuak» dira, artistaren esanetan.
Erakusketa, nagusiki, bideo laburrek osatzen duten arren, sortzaileak hainbat collage gehitu ditu, baita flipbook bat ere —liburuxka bat da, eta orriak azkar pasatzean mugimendu ilusio bat sortzen da—. Bideo-instalazioetan ageri diren elementuekin bat egiten du liburuak, eta erakusketarako espresuki sortu du.
Gonzalezek ez du «mezu argi bat» helarazi nahi erakusketaren bidez, berak ere ez baitaki nola eragiten dioten berari material horiek. «Bideoz bideo hitz egin nezake, bakoitzak zer sentiarazten didan azaltzeko. Osotasunean hitz eginda, ostera, egunerokotasunaren hautemate bat dago, eta niretzat ederrak diren irudiak espazio publiko batean kokatu nahi izan ditut». Halaber, haren hitzetan «edertasunaren sinbolo» diren irudiak bideo formatuan gorde izanak badu bere arrazoia: «Niretzat, egunerokoan inguruan izan ditudan egoerak erregistratu dituzten dokumentu txikiak dira bideoak».

Strong back, soft front izenburupean aurkeztu du obra bilduma, eta arrazoia ere argitu du artistak: «Bizkarrezurrari egiten dio erreferentzia, hark egonkortasuna eskaintzen baitu, eta, aldi berean, gorputzaren aurrealdea biguntzeko aukera ere ematen baitu».
Tabakalerak Villafrancari aukera eman zion bere belaunaldiko artista batekin lan bat garatzeko. Hark Gonzalez aukeratu zuen, eta, elkar ezagutzen ez zuten arren, aitortu du hasieratik «oso» identifikatuta sentitu dela Gonzalezen bideoekin: «Sentitu nuen nik grabatuak izan zitezkeela irudi horiek». Gehitu du erakusketa «ikerketa» gisa ulertu dutela biek, eta lanaren helburua ez dela izan «irudi bat» proiektatzea soilik. «Komisariotza, batez ere, harreman praktikatzat hartu dut, eta, ildo horretan, biok oso harreman ona izan dugu eremu honekin».
Inguruaren garrantzia
Inguruko eremuari «berebiziko garrantzia» eman diote biek, erakusketaren elementu nagusitzat daukatelako. Villafranca: «Ingurua ez da subjektu pasibo bat, erakusketaren subjektu aktibo bat baizik». Artista bat dator komisarioarekin, eta gehitu du harreman «zuzena» sortu nahi izan duela eremuarekiko. «Material autonomo gisa nituen bideoak, baina, gela berean jartzean, ibilbide bat osatzeko aukera ematen dutela jabetu nintzen».
Collageak ere eremura egokituz sortu ditu artistak, komisarioak nabarmendu duenez: «Zutabeetan dauden piezak dira, atearen aurrean, hain justu. Zinta itsasgarriarekin daude jarrita; ez daude behin betiko itsatsita, alegia». Haren ustez, horrek erakusten du obrak aretora egokitzeko ahalegina egin dutela, tokia eta bertako elementuak «kontuan hartuta». «Lan guztiek hormetan eta zutabeetan hartzen dute atseden. Batzuetan, tokiak edukiontzi lanak egiten ditu, eta objektu batzuk batu. Guk ez genuen nahi hori; irudia gailentzeko modua ematen duen gune bat sortu nahi izan dugu, eta ibilbide bat proposatu».